Déjà vu

Joseba Terreros 2006-12-12 01:00   Zinema kritikak

Denzel Washington-en antzezpena filmaren maila berekoa da. Kaskarra benetan.

- Zuzendaria: Tony Scott.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 128 minutu.
- Antzezleak: Denzel Washington (Doug Carlin), Val Kilmer (Andrew Pryzwarra), Paula Patton (Claire Kuchever), Bruce Greenwood (Jack McCready), Adam Goldberg (Denny), Jim Caviezel (Carroll Oerstadt), Elden Henson (Gunnars), Erika Alexander (Shanti), Matt Craven (Larry Minuti).
- Gidoia: Bill Marsilii eta Terry Rossio.
- Musikea: Harry Gregson-Williams.
- Argazkia: Paul Cameron.
- Muntaia: Chris Lebenzon.
- Diseinua: Chris Seagers.
- Jantziak: Ellen Mirojnick.

‘Déjà vu’ esapide frantsesak gomutearen prozesu jakin baten barri emoten dau; norbanakoak sentiduten dau une horretan jazoten dabilena lehenago bizi izan dauela. Doug Carlin agenteak antzeko zer edo zer igarriko dau atentadu bat ikertukeran. New Orleanseko ferry batean bonba bat lehertu ostean, Doug frogak batzeko hurreratuko da. Bertan, konturatu egingo da jenterik gehienarentzat irudipenak besterik ez diranak berarengan askoz erralidade sendoagoak dirana, eta ehundaka bizitza salbetako arineketaldi biziari ekingo deutso.

Ez dakit nondik oratu film honen ganeko iruzkinari, ikusitako gehiena makal-makala begitandu jatalako. Hasteko eta behin, bostehun persona inguru hilten dauen atentadua irudikatzeko modua nahiko esanguratsua da: ferrya hondoratu aurretik, ume ulehorien familia ugari, irribarre zabal-zabalak eta marine mordoa ikusi ahal izango doguz ontzi ganean, AEBetako zoriontasunaren erakusgarri.

Handik aurrerako guztia ez da askoz hobea; filmaren lehenengo ordu erdian dan-dana leku estu eta murritzean agertzen jaku eta nahiko eroangarria da: ohiko ikerketak, personaien aurkezpena, kasuaren nondik norakoak... Baina, ameskeria txiki hori gaindituta, film absurdo eta gogaikarria ikusi besterik ez genduan egin. Erritmoa ez da egokia, iragana dimentsino paralelo batean ikusteko sistema barri baizen sinisgatxak ez dauka ez hankarik ez bururik –eta horreri gidoiak, ganera, ez deutso ezelan be laguntzen–, bat-batean sorturiko maitasun istorioa ezin da ulertu eta iraganera egindako bidaia guztiz baldar eta burubakoa da. Bestalde, personaiak zeharo estereotipatuta dagoz eta Denzel Washington-en antzezpena filmaren maila berekoa da. Kaskarra benetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu