Euskal Herriko artisten erakusketa zabala antolatu dabe Indianan (AEB)
2006-12-11 01:00 Euskaldunak munduan‘Ugertzetik Erabarritzera: euskal artea eta Bilbo efektua’ izenburupean, inoz Ameriketako Estadu Batuetan egin izan dan erakusketarik handienak abenduaren 13an zabalduko ditu ateak Gary-n (Indiana).
Inoz Ameriketako Estadu Batuetan egin izan dan erakusketarik handienak abenduaren 13an zabalduko ditu ateak. Urtebete baino gehiago beharrean ekinean ibili eta gero, Euskal Herriko hogei artistak euren beharra erakusteko aukerea izango dabe Gary-n (Indiana). ‘Ugertzetik Erabarritzera: euskal artea eta Bilbo efektua’ izango da erakusketearen izenburua.
Eskultoreenak eta pintoreenak izango dira Indianan erakutsiko dabezan beharrak. Euren artean, Sonia Rueda, Dora Salazar, Jesus Mari Lazkano, Jesus Lizaso, Angel Garraza, Jose Angel Lasa, Alfonos Kortazar, Daniel tamayo, Javier Villarreal, Jose Ramon Anda, Luis Candaudap eta Iñaki de Lafuente. Bideo proposamenik be egongo da, berbarako, Kepa Galarzak egindakoa.
Chicagotik paraje dagoan herria da Gary, ehun mila biztanle ingurukoa. Bertan Indiana University Northwest (IUN) dago, eta Eva Mendieta bilbotarra gaztelania irakaslea da unibersidadean. Mendieta hasieratik konturatu zan Bilbo eta Gary artean dagozan antzekotasunez. Bilbo antzean, Gary 60ko hamarkadara arte, altzairugintzeari estu lotuta bizi zan eta gune garrantzitsua izan zan mundu zabalean. Baina orain urrun dagoz aro oparoak eta herriaren lanbidea aldatzeko asmotan dabilz. Eta erakusketearen izena be ildo horretatik doa. Izan be, erakusketeagaz batera, Bilboren inguruan jazo dan aldaketea azaldu gura dabe antolatzaileek.
2005ean IUNeko ordezkaritza bat Bilbora etorri zan, eta horren buru izan zan Mendieta. Ordezkarien artean South Shoreko Arte Guneko zuzendari John Cain eta IUNeko Eskualdeko Bikaintasun Guneko zuzendari Patricia Lundberg etorri ziran. Hemen egon ziran bitartean, Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederretako fakultadeagaz hartu-emonak izan ebezan eta Euskal Herriko artisten erakusketa bat egiteko aukerearen inguruan berba egin eben. Ordutik, eta orain arte, ames hori beteteko beharrean ibili dira.
Zemendiaren amaieran, Jose Mari Herrera eta Ismael Manterola EHUko Arte Ederretako fakultadeko dekanordeak Indianara joan ziran. Bertatik bertara ikusi eben Euskal Herriko artisten erakusketearen antolaketea eta, euren esanetan, harrituta geratu ziran zein zorrotz eta ondo egin dabezan antolatze-lanak.
Erakusketea leku bitan egingo dabe: Munster herriko Arte-ekintza eta Ikus-arterako South Shore Arte Zentroan eta IUNeko Gaur Egungo Artearen Galerian. Ganera, IUNeko Arte Galerian lehengo biderrez egingo dabe nazinoarteko erakusketa bat. Abenduaren 13an Munster-eko South Shore Arte Zentroan zabalduko dabe erakusketea eta, abenduaren 14an, IUNeko Arte Zentroan egingo da.
Aitatutako guztiorri sarrerea emoteko, abenduaren 4an Euskal Herriko musikea entzun, sukaldaritza eta ardaoak probetako ekitaldia egin eben Munster-en. Eva Mendieta sano pozik agertu da Indiana eta Bilboren arteko zubi lanagaz, erakusketea bihotzean daukazan herrien arteko topagunea izango da-eta.
Euskal Herriko Unibersidadetik 50 artistaren dossierrak bialdu ebezan IUNera, eurek aukeratzeko erakutsi gura ebena. Holan ba, hogei artista eta 40 artelan aukeratu ebezan, danak be artista helduenak. Izan be, ez eben aukeratu artista gazterik. Jose Mari Herrerak koordinau ditu unibersidade bien arteko beharrak. IUNek egindako behar handia azpimarratu dau Herrerok, erakusketeak antolatzeak ekarri dituan kostuen % 99 hango unibersidadeak pagau ditu. Bere esanetan, hemen, ostera, urte eta erdian instituzinoei honelako erakusketen onurak zein diran ohartu arazoten emon dabe. Halanda be, BBKaren, EHUko Arte Ederretako fakultadearen eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa izan dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!