Dietea eta gabonak, non dago arazoa?
2006-12-05 01:00 Jan edanakJente askorentzat pisua galtzea edo pisu osasuntsuari eustea sano gatxa da berez eta egunotako saltseak ez dau bape laguntzen.
Zergaitik persona batzuek ezin dabe dietea bete? Zergaitik elikagai batzuen aurrean ez dogu ezelako inbidiarik eta beste batzuek, gogora ekarrita bakarrik, sekulako tentazinoa sortarazoten deuskue?
Gabonak heltzen dira eta daborduko afariak, ospakizunak…, urteroko martxea. Supermerkatuetan eta dendetan aspalditik dagoz turroiak, opilak eta gozokiak. Arazoa agertzen da pisua jagoten ari garanean. Jente askorentzat pisua galtzea edo pisu osasuntsuari eustea sano gatxa da berez eta egunotako saltseak ez dau bape laguntzen.
Borondatea baino gehiago
Dietea egitea ez da pisua galtzeko hartu beharreko kalorietara egokitzea bakarrik. Dieteak emoitza onak erakutsiko baditu, pazienteak jakin behar dau bere elikaduran eta bere pisuan faktore askok eragiten dabela, besteak beste, genetikeak, kultureak, ohiturek, familiak, kirolak edo aktibidade fisikoak eta lan ordutegi eta erritmoak. Gizakiaren gorpuzkerea (bere neurria eta oinarrizko metabolismoa, hau da, bere energia beharra) genetikeak zehazten dau. Personeak hezi dan kultura horretan ikasiko dau holako elikagaiak bestelakoak baino nahiago izatea, estetikeari zein osasunari garrantzia handiagoa edo txikiagoa emotea, etab. Bestetik, jatekoaren aurrean agertzen dogun jarreran familiak be ixten dau bere marka: elikagaiak aukeratzeko edo baztertzeko eran, preparetako moduan, elikagaien ezaugarrien ezagutza arin edo sakonean, ordutegietan...
Senideen jokaerak, zelan ez, eragin handia dauka: horren arabera, dietea egiten ari dana eroso eta seguru ibiliko da. Persona horrek elikadurea jagoteko hartu dauen erabagia eroangarri edo ezinezko bihurtu leikie beragaz bizi diran personen ohiturek. Dietea beteteko ez da bape lagungarria, berbarako, zuk saldea eta tortillea jaten dozun bitartean, zure aurrekoak sekulako tripakadea egitea, edo tentazinoan ez jausteko hamaikatxu ahalegin egiten dituanari galarazotako elikagaiak behin eta barriro eskaintzea.
Elikagaien balio sinbolikoa
Aitaturiko guztiari elikagaien balio sinbolikoa gehitu behar jako. Arrazoiak edozein izanda (argaltzea, tensinoa kontroletea, kolesterola bajatutea, diabeteari neurria hartzea...) dietea egin dauenak inoiz igarriko eban gitxien komenidu jakozan elikagaiak hartzeko tentazinoa. Dietan jarten garanean, elikagai jakin batzuen aurrean tentazino ia gaindiezin hori zergaitik sentiduten dogun ulertzeko, karbohidrato, proteina eta holakoez gan, jateko kontuek karga sinboliko eta emozional handia dabela hartu behar da kontuan. Elikagai batzuk gure bizitzako momentu edo persona jakin batzuekaz, oroitzapen gozo edo gogorrakaz identifiketako jokerea dogu.
Psikologiako adituek balio sinboliko eta emozional handiz hornidutako elikagaien aurrean zelan jokatu azaldukeran, argi adierazoten dabe galarazotako elikagai horreei ez jakela uko egin behar. Ondo sentiduteko, ‘pekatu’ horreek noiz edo noiz (Gabonetako ospakizunetan, berbarako) hartzeko ‘preminea’ izaten danez, horrek segurantza eza edo traumarik sortu behar ez deuskula asimileteak berebiziko garrantzia dauka. Beraz, nutrizionistok aholku hori ontzat hartu eta ‘dieta oporrak’ emoten deutseguz pazientei. Esperientziak esaten deusku danetarik jateko aukerea emon ezkero, pazienteak ez dauela neurriz kanpo jaten, eta gainera elikagai horretaz ahalik eta gehien gozatuz, gabon giroaz eta familiaz be gozauko dau. Gabonak pasauko dira eta eguneroko ohituretara bueltaukeran, turroiak dendetatik desagertzean, gure dietea berreskuratuko dogu arazorik barik eta kulpa sentimenturik barik.
Psikologiaren ikuspuntutik elikagaiak salbuespen legez eta dosi txikietan jatea da terapiarik aproposena animoa altzetako eta dieta egiten gogotsu segiduteko. Jateko aukereak berak elikagaiakazko hartu-emonak lasaitzen ditu. Horixe da jateko horren atzealdean ezkutatuak dagozan premina psikologikoak (maitatua, lagundua, aukeratua... sentidutea) asetzeko bidea.
Azken buruan, jaiotan dietea neurri txiki batean ebitetea, kaltegarria izan beharrean, mesedegarria izan daiteke ikuspegi emozionaletik, epe luzera emoitzak atzemoteko. Pisua eta osasuna ez dira egun batean galtzen eta ez dira egun batean irabazten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!