Arrautzea: arrazoi bako ospe txarra
2006-11-21 01:00 Jan edanak‘Baina, ez dabe esaten arrautzea oso txarra dala kolesterolerako?’ Galdera hori askotan entzun dot eta arrautzearen mitoa baliobakotzea da nire asmoa.
Oraindino be, askorentzako afaltzeko edo zeozer jateko urtenbide egokia dan arrautzearen ganean egingo dogu berba gaur. Elikadurearen ganeko ikasketetan edota hainbeste berbaldi eta ikastarotan, arrautzeari jagokon betiko galderea egiten deutse nutrizionistei: ‘baina, ez dabe esaten arrautzea oso txarra dala kolesterolerako?’ Galdera hori askotan entzun dot eta arrautzearen mitoa baliobakotzea da nire asmoa.
Askotan entzun dogu arrautzearen kontsumoa mugatu behar dala. Odoleko kolesterola ugaltzeko eta, areago, gibeleko gatx batzuk sortarazoten laguntzeko errua leporatu izan jako eta medikuntzako profesional batzuek oraindino be leporatzen deutsie.
Arrautzearen merezidu bako ospe txarra kontu zaharra da. Azken hamarkadan eginiko ikerkuntza zientifiko askotako ondorioak zehatzak dira: nutrizino aldetik bikaina da eta, ganera, elikagai osotu eta osasuntsu honen kalidade eta prezioaren arteko erlazinoa egokia da. Edozein edadetan kontsumidutea mesedegarria da eta astean lauzpabost arrautza hartzea aholkatzen dabe. Hona hemen arrazoiak:
Nutrizino ezaugarriak
Proteinen aldetik, arrautzearen proteinak balio handi-handikoak diranez (organismoak preminazkoak dituan aminoazido esentzial guztiak proportzino egokian daukaz), beste elikagai batzuen proteinen kalidadea zehazteko erreferentzia legez hartzen dira. Arrautzeak dituan proteinak oso onak diran arren, zuringoa gordinik hartzeak ez deutso bape mesederik egiten gure gorputzari, bertan dagoan ‘avidina’ izeneko proteinak biotina bitaminea zurgatzea galarazoten dau-eta. Hori dala eta, arrautzearen zuringoa berotzea edo egostea gomendatzen da; holan, ‘avidina’ dalakoak aktibidadea galtzen dau...
Osoketea:
Zuringoak:
% 10 proteina
% 88 ura
% 0,03 koipea
Bitamina eta mineral gitxi
Gorringoak:
% 17 proteina
% 47 ura
% 33 koipea
Bitamina ugari (A, D eta E bitaminak) eta, mineralen artean, burdina batez be.
Jakina dan legez, arrautzea kolesterol-iturri aberatsa da, baina oro har ez dau horrenbeste koipe eskaintzen. Arrautza batek 5,5 gramu koipe dauka eta horreetatik 250 mg. dira kolesterol. Okela-xerra batek, barriz, 16,5 gramu koipe eta 105 mg. kolesterol ditu. Beraz, laburbilduz, kolesterol gehiago dauka, baina koipe gitxiago eta koipe horreetako batzuk, lezitinea berbarako, beharrezkoak dira.
Arrautzea eta gibela
Arrautzeak gibela kaltetzen dauela entzun arren, esakune horrek ez dauka ez hankarik, ez bururik, ikuspegi zientifikotik, behintzat. Egia da bateren betk behazun-xixkuan harriak daukazanean, arrautzea hartzea kaltegarria dana, kolikoa euki leikelako. Dana dala, patologia horregaz, mueta guztietako gantzak dagoz mugatuta, ez arrautzearena bakarrik. Askotan ez da arrautzea arazoa, jaten doguzan gantz ugariak baino.
Arrautzea, erabilera asko dituan elikagaia
Arrautza egosi hutsetik hasi eta boilurrez preparautako arrautzetaraino, krema pasteleran, patata tortillan edo maionesan osogai legez, dieta mediterraneoak betidanik izan dau berea elikagai hau, erabilera asko daukazalako eta, nutrizino aldetik, sekulako ekarpena egiten dauelako. Arrautza oso estimatua da balio gastronomikoagaitik eta baita arin preparetan dalako be. Hamaika plater preparau daitekez arrautzeagaz: uretatik pasauta, egosiak, eskalfatuak, prijiduak, plantxan erreak, tortillan, nahaskian, hutsik edo mila eratako elikagaien laguntzinoagaz; era berean, gozogintzan eta saltsak egiteko gehien erabilten dan lehengaietako bat da.
Arrautzea erosterakoan kontuan euki behar da arrautzek osorik eta garbi egon behar dabela. Ganera, zenbat eta iraungitze-data luzeagoa izan, hobeto. Halanda be, dudarik izan ezkero, egizu aproba hau: sartu arrautzea gatzurez beteriko ontzi batean; freskoa bada, hondoratu egingo da; zaharra bada, barriz, ez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!