Los fantasmas de Goya

Joseba Terreros 2006-11-17 01:00   Zinema kritikak

Los fantasma de Goya nahiko foiletoia da, sano desorekatuta dago eta protagonista nagusiaren bizitzea bigarren maila batera pasetan da arin be arin, melodrama merke baten ezaugarri guztiak bereganatuz.

- Zuzendaria: Milos Forman.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 106 minutu.
- Antzezleak: Javier Bardem (Lorenzo), Natalie Portman (Inés/Alicia), Stellan Skarsgård (Francisco José de Goya y Lucientes), Randy Quaid (Carlos erregea), Michael Lonsdale (Inkisidore nagusia), José Luis Gómez (Bilbatúa), Mabel Rivera (María Isabel Bilbatúa), Blanca Portillo (María Luisa erregina), Unax Ugalde (Ángel Bilbatúa), Fernando Tielve (Álvaro Bilbatúa).
- Gidoia: Milos Forman eta Jean-Claude Carrière.
- Musikea: Varhan Bauer.
- Argazkia: Javier Aguirresarobe.
- Muntaia: Adam Boome.
- Diseinua: Patrizia von Brandenstein.

Aldaketa historiko eta politikoz jositako aro batean bizi izandako persona talde baten istorioaren barri emoten dau film honek, Goya artista handiaren ikuspuntutik. Lorenzo anaia, inkisizinoko kide misteriotsu eta maltzurra, Inesegaz, Goyaren museagaz, gustauko da. Orduan, inkisizinoaren aginduz, Ines bidebakokeriaz kartzelaratuko dabe, heresiagaitik salatu eta gero.

Forman zuzendari ezaguna narrazinoan galdu dalakoa daukat; izan be, sasoi eta herrialde jakin bat irudikatzeko atxakia hutsa izan behar eban kontakizuna nobela arrosa bihurtzen da hasikera-hasikeratik. Los fantasma de Goya nahiko foiletoia da, sano desorekatuta dago eta protagonista nagusiaren bizitzea bigarren maila batera pasetan da arin be arin, melodrama merke baten ezaugarri guztiak bereganatuz. Gidoia bera be ez da distiratsua: zuzena izan arren, aseptikotasun hotz eta zurrun batetik hur-hurren dago eta, unekada batzuetan, nahiko astuntzen dau pelikulearen berezko ibilbidea.

Bestalde, pantailan minuturik gehien hartzen dauen Bardem antzezle handiaren jarduna oraingoan ez da bape ona izan: inkisidore ilunaren zereginari iminitako ahotsak sinisgarritasun osoa kentzen deutso personaiari; era berean, Natalie Portman-ek lan bikaina beteagaitik be, Stellan Skarsgård-ek ez dau jakin Goyaren personaiari bizitasuna emoten. Laburbilduz, film makal eta kaskarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu