Emilia Epelde: ‘Txikiak garelako egiten doguz holako erakusketa handiak’

Julen Gabiria 2006-11-10 01:00   Barriketan

Emilia Epelde, Bilboko galeristarik ausartenetakoa

Emilia Epelde eta Mikel Mardaras, Bilboko galeristarik interesgarri eta ausartenetakoak, barriro datoz erasoan. Oin dala urte batzuk Bilboko Biltegi Nagusian Zumetaren erakusketa ospetsua inaugurau ebenetik, beste lau makroerakusketa antolatu ditue Bilbo, Miarritze eta Erandioko eraikin handietan. Gaur, zemendiak 10, seigarrena zabalduko dabe, erraldoiena eta ikusgarriena: Bilboko Erriberako Merkatukoa, 13 artistaren lanakaz: Zumeta, Zuriarrain, Goenaga, Juan Chillida, Gonzalo Jauregui, Ramírez Escudero, Tamayo, Eskubi, Marien Martínez Ureta, Javier Soto, Wolf Hamm, Félix de la Concha eta Angel Masip. Erakusketa aparta, leku ederrean. Guk Emilia Epeldegaz egin dogu berba.


1.- Zer esan gura dau erakusketa honek zuentzat, galeristak zarien aldetik?

Ni katxonda ipinten nau (barreka). Hiru urte daroadaz eraikin honen atzetik, baina merkatua zaharbarritzeko asmoa egoan, eta itxaron egin behar izan genduan. Oin, itxura guztien arabera, 2007ko udan edo udagoienean hasiko dira zaharbarritzen, eta, ordura arte, guk erakusketak egingo ditugu bertan: oingo erakusketea urtarrilera arte eukiko dogu, eta gero besteren batzuk etorriko dira. Oin arte, eraikin zoragarriak okupau ditugu, baina honek ez dauka parekorik, hau itzela da. Ia 3.000 metro karratuko planta dauka eta, gainera, niretzat leku maitagarria da: nire gurasoak arrain-saltzaileak ziran eta hona etorten ziran jeneroa erostera; oin, barriz, alboan bizi naz eta sarritan etorten naz erosketak egitera... Erriberako Merkatua beti egon da presente nire bizitzan.


2.- Zer dala-ta egiten dozuez holako makroerakusketak?

Txikiak garelako, eta pobreak. Holako erronkek puztu egiten nabe: lehenengoa Zumetarentzat egin genduan beren-beregi, bere obrek espazio handia behar ebelako eta nik be hori gura nebalako. Baina deskubriduten dozunean zelako emozinoa sortzen daben holako gauzek, ez dago geratzerik. Loa kentzen deutsue eta proiektu hunkigarriak dira, hutsetik abiatuta asko egiten saiatzen garelako.


3.- Atentzinoa be pizten dabe...

Prensea da galeria baten zutaberik nagusienetakoa. Prensa barik, zulora zoaz. Eta notiziak sortu egin behar dira: galeria zabaldu genduanean gure etxean, hori notizia izan zan; baina etxean egiten dozun hurrengo erakusketeak ez dau notiziarik sortzen, etxea ikusita dagoalako daborduko. Orduan, notiziaren bila goaz, eta erakusketa hau Erriberako Merkatuan egitea notizia da. Gure asmoa da ahalik eta jente gehiena etortea gugana, eta holako erakusketa bat egiten dogunean badakigu jentea etorriko dana. Hori da industria honek behar dauena, artistek lanean segidu dagien eta guk erakusketak antolatzen segidu daigun.


4.- Baina ez dau bertigorik emoten holako erakusketa bat antolatzeak?

Ni ausarta naz, megalomano hutsa. Batzarra geunkan merkatuko gerenteagaz, eta batzarra hasi baino bost minutu lehenago, hara non Mardarasek esan eustan azaleraren erdiagaz nahikoa genduala. Zelan erdia? Nik merkatu osoa gura neban: edo osorik edo bapez. Eta azkenean lortu dogu... Egia da, beste alde batetik, espazio handiagoa izakeran, dana dala garestiagoa: 20.000 kilo egur erabili ditugu! Baina bertigoa, ez: bertigoa bakarrik etorten da zertan zabilzan ez dakizunean, Biltegi Nagusiko erakusketea egin genduanean lez.


5.- Artistak be pozarren holako leku baten parte hartzeagaitik, ezta?

Artistak bero-bero ipinten dira holako proiektu bat aitatu ezkero. Problema bakarra kanpoan geratu diran margolariak dira.


6.- Asko izan dira?

Bai, asko. Penagaz geratu naz emakume gehiago ezin izan ditugulako sartu, baina gehienek konpromisoak eukiezan, eta ezin. Bigarren erakusketan emakume eta proposamen desbardin gehiago egongo dira. Zorionez, herri honen osasun artistikoa aparta da. Oin dala egun batzuk Suitzan egon gara feria baten, eta geu izan gara onenak, alde handiagaz. Dana dalako arrazoiengaitik, herri honetan itzel gabilz artearen kalidadearen aldetik.


7.- Obrak ze neurritakoak dira? Espazioak obren neurria baldintzatu dau?

Obra guztiak ez dira handiak, baina argi dago espazioak baldintzatu egiten dituala obrak. Espazio handi baten ezin dituzu lan txiki-txikiak ipini: obra sendo eta indartsuak behar dira. Baina, esate baterako, Joseba Eskubik lan txikiak egiten ditu, baina zoragarria da, ze, obra txiki bategaz, konposizino itzela egiten dau, eta modu horretan espazioa beteten dau.


8.- Asko burrukatu behar izan dozue espazio hau lortzeko?

Ezin dozu imajinau zenbat. Eta diru aldetik be, muga-mugara heltzen zara, zenbaki gorrietara eta bankuakaz be burrukan. Azkenean, zenbaki gorriak be gastau ditugu...


9.- Holan bazabizie, ez ete da zuena apur bat lan suizidea?

Ez, suizidea ez. Nik hankak lurrean daukadaz beti. Diru-laguntzak jasoko ditugu gobernutik eta Lan Ekintzatik, eta azkenean ez dozu amildegira salto egiten, ez da suizidioa.


10.- Titular ona izango zan, ba, Artea suizidioa da...

Ez, ez: artea suizidioaren kontra-kontrakoa da. Gizakiak emoten dauen gauzarik onena da artea: literaturea, pinturea, musikea, zinea... hori baino hoberik ez dogu sortzen gizakiok.


11.- Artistei jagokenez, zer nabarmenduko zeunke?

Gustetan jatazan guztiak dagoz erakusketa honetan. Errespetetan ditudan guztiak. Danak dira zintzoak eta serioak euren lanean, eta danek eskaintzen deutsie bizitza arteari. Niretzat, hori nahikoa da. Batzuk gauza bategaitik gustauko jataz, besteak besteagaitik... baina honeek dira nire hurreko guztiak.


12.- Artista gehienak sano ezagunak dira, baina badagoz ezagutzen ez doguzan batzuk. Azken horreetako zein ezagutu beharko geunke?

Gazte guztiak. Esate baterako, Marien Martínez Ureta, erakusketan dagoan emakumezko bakarra, ikaragarria da. Indarra dauka, heldutasuna... itzel dago. Aurrekoan bere maisu izandakoak egon ziran hemen, eta aho zabalik egozan Marienen pintureagaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu