Scoop
2006-11-06 01:00 Zinema kritikakFilmaren hasikeratik Woody Allen-ek bere birtute eta makalguneakaz olgetan dabilela emoten dau. Horren ondoren, azaleko istorio bat azalduko jaku, aparteko suspense eta graziarik ez daukana eta, batez be, ezer barririk kontetan ez deuskuna.
- Zuzendari eta gidoilaria: Woody Allen.
- Herrialdea: Erresuma Batua.
- Iraupena: 96 minutu.
- Antzezleak: Woody Allen (Sid Waterman), Hugh Jackman (Peter Lyman), Scarlett Johansson (Sondra Pransky), Ian McShane (Joe Strombel), Romola Garai (Vivian), Matt Day (Jerry Burke), Charles Dance (Sr. Malcolm), Anthony Head (ikertzailea).
- Argazkia: Remi Adefarasin.
- Muntaia: Alisa Lepselter.
- Diseinua: Maria Djurkovic.
- Jantziak: Jill Taylor.
Sondra Pransky kazetaritza ikasle estatubatuarra Britainia Handira joango da lagun batzuk bisitetan. Bertan, azti baten saioa ikusten hurreratu eta harek trukuetako bat egiteko aukeratuko dau laguntzaile lez. Aztiak neskea desagertu eragin behar dau. Horri begira dagoala, hildako erreportari baten mamua azalduko jako, eta urteko esklusibea emongo deutso: britainiar aristokrata baten seme ezaguna da 'Taroteko hiltzailea'. Hainbat hilketaren erantzulea da eta agintariek denpora luzea egin dabe haren atzetik. Aztiak lagunduta, mamuak esandakoa ikertuko dau Sondrak, baina arazoak ustezko hiltzaileagaz maitemintzen hasten danean sortuko dira.
Filmaren hasikeratik Woody Allen-ek bere birtute eta makalguneakaz olgetan dabilela emoten dau. Horren ondoren, azaleko istorio bat azalduko jaku, aparteko suspense eta graziarik ez daukana eta, batez be, ezer barririk kontetan ez deuskuna. Ganera, pelikuleari emon gura deutsozan umore ikutuak behartuegi sartu dira eta, ondorioz, kontakizuna nahiko ilun eta absurdo agiri da.
Egia da Woody Allen-en zaleek zuzendari bikain honen betiko ezaugarri, bildur, fobia eta obsesinoak topetako gauza izango dirana, baina arazoa seguru antzean hortxe dago: gehiegitan ikusi dogu Allen-ek oraingoan egindako proposamen gazbako hau. 'Macht point' film onaren ostean, ikusleek zelan edo halango desengainua hartuko dabe. Zoritxarrez, Woody-ren maitale amorratuei baino ezin jake gomendatu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!