Negurako preparetan

Amaia Laforga Dietetikan Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2006-11-03 01:00   Jan edanak

Udea amaitu da, udagoienean gagoz eta negua ganean daukagu. Oraintxe hasi behar geunke hain gogaikarriak diran osasun-arazoen kontra neurriak hartzen, gure gorputza erremedio sinple eta errazak erabilita babesteko. Izan be, neguan, osasuntsu egoteko, ohitura osasungarriak mantendu behar doguz, EGUNERO, ez bakarrik katarroa jatorkula igarten dogunean!

Udea amaitu da, udagoienean gagoz eta negua ganean daukagu. Orain, ordu aldaketeagaz, eguraldiak ezetz esan arren, negua eta hotza helduko dira. Egunak laburragoak eta gogorragoak izango dira (eguzki-argi ordu gitxiago dagoz egunero) eta aktibidadea, udea eta oporrak pasau ondoren, gorantza doa. Oraintxe hasi behar geunke hain gogaikarriak diran osasun-arazoen kontra neurriak hartzen, gure gorputza erremedio sinple eta errazak erabilita babesteko.


Zaindu pisua

Adituek normaltzat joten dabe neguan gorputzeko pisua bi-bost kilotan gehitzea, udan baino jarduera trankilagoak eta ariketa fisiko gitxiago egiten dogulako batetik, eta kaloria gehiago metatzen doguzalako, bestetik. Eguzki-izpi gitxiago hartzen doguzanez, karbohidrato gehiago jaten doguz, hau da, koipe eta azukera gehiago. Jakina da, bestetik, neguan pisua galtzeko motibazinoa txikiagoa dala urteko beste sasoi batzukaz alderatuta. Ikerketen arabera, neguan dieta bati ekingo deutson personeak dieta bera udaberrian edo udan egingo dauenak baino kilo gitxiago galduko ditu. Egokiak ez diran ohiturak alde batera itxi behar dira. Otordu nagusietan danetarik jan behar da, barazkiak ahaztu barik: entsaladak, frutak, kalabazea, azea edota azalorea (neguko barazkiak aprobetxau!). Horreek asetasun-sentsazinoa emoten dabe. Edozelan be, hori guztia baino garrantzitsuagoa da ondokoa: ez geratu etxean eta beti okupauta eta zeozertan egoteko modua topau.


Inmunidadea indartu

Neguan jogurtak sarritan edota egunero jatea oso ona da gure osasunerako. Jogurt batek ia % 25 gitxiagotu leike katarroa atrapetako arriskua. Bakterio biziek inmunidadea sendotu egiten dabela uste da, gaixotasunei aurre egiten deutsen substantzia kimikoak aktibetan dabezalako. Janari-dendatan, beraz, topau etiketan kultibo ‘aktiboak’ edo ‘biziak’ daukiezala adierazoten dabenak, hozkailuan gordeteko diranak.

Ariketa fisikoa be metodo egokia da neguko gatxen kontra. Ariketa-programa ez oso gogorra —ordu erdiko saio bi astean, gitxienez— birusak suntsitzeko eta gorputzeko zelula-kopurua areagotzeko gai da. Kasu horretan be, kontu handiz ibili behar da. Gehiegizko ariketeak eragindako nekeak sistema inmunologikoaren beherakadea eragingo dau hurrengo sei orduetan. Eta hori egoera higieniko eskasean dagozan gimnasioetan atrapau daitekezan gaixotasun infekziosoak kontuan hartu barik (birusak eta onddoak batik bat): aireztapen-sistema egokia eskatu beti eta ez erabili sekula besteen jaboirik edo toailarik.


Gripeari aurre egin

Gripearen denporaldia hasi da honezkero, baina martia bitartean gure artean egotea gura ez badogu, oso garrantzitsua da neurriak gaurtik hartzea, gatxari aurrea hartzeko. Aditu guztiak bat datoz txertoa ezinbestekoa dala esaterakoan, bai edadean aurrera doazen personentzat eta baita, bihotzeko gatxak, akats inmunologikoak edo arnas-gaixotasun kronikoak daukiezanentzat.

Eta etxean, egunero, C bitaminea hartu. Azido askorbiko izenaz be ezagutzen da eta bere eginkizunen artean metabolismoko hainbat erreakzino erreguletea dago. Infekzinoaren eta gripearen aurrean babesle-funtzinoa be badaukala gauza jakina da. Persona heldu batek 50-60 mg. behar ditu eguneko eta, gure dietan, behar-beharrezkoa dan legez, egunero frutea eta barazkiak sartzen badoguz erraz lortzen da. Halanda be, jakin behar da fruta batzuk besteak baino bitamina C gehiago daukiela: laranjea, mandarinea, kiwia eta mailukia, berbarako. Entsaladako tomateek eta patatek be badaukie, baina patatea egosita edo prijiduta jaten dogunez, desegin eta galdu egiten da beroaren eraginez. Eta neguko tomateak ez dira udakoak lakoak, nutrizinoaren aldetik be ez. Elikagai guztien nutrizino aberastasuna sasoian sasoikoa da. Neguan ez daukagu barazkirik entsaladak egiteko eta natureak laranjak emon euskuzan bitamina guztiak eukiteko, batez be C bitaminea. Laranjek sistema inmunologikoa indartu eta gripeak eta katarroak aldentzen laguntzen dabe.

Neguan, osasuntsu egoteko, ohitura osasungarriei eutsi, EGUNERO, ez bakarrik katarroa jatorkula igarten dogunean!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu