Josu Landa caracastarraren poema liburuak aurkeztu dabez Mexiko DFn

Iratxe Ormatza 2006-10-31 01:00   Euskaldunak munduan

Josu Landa idazlea (Caracas, 1953) ezaguna da Mexikoko idazleen artean eta hareekaz inguraturik aurkeztu dauz joan dan astean poema liburu bi: ‘Treno a una mujer que se fue con el tiempo’ eta ‘Estros. Antologia poetica’.

Josu Landa idazlea (Caracas, 1953) ezaguna da Mexikoko idazleen artean eta hareekaz inguraturik aurkeztu dauz joan dan astean poema liburu bi: ‘Treno a una mujer que se fue con el tiempo’ eta ‘Estros. Antologia poetica’. Lehenengo liburua 1986an argitaratu eta Mexikoko Carlos Pellicer poesia saria jaso eban, urtean argitaratutako poema liburu onenarengaitik.

Josu Landa Caracasen jaio eta umetan Euskal Herrira etorri zan. Berton, euskeraz ikasi eban; hori dala eta, euskeraz be idatzi izan dau, izan be, ‘euskeraz adierazoteko beharrizana izan dodanean, holan egin dot’. Ildo horretatik Landak azaldu dauenez, ‘euskeraz idaztea norbere umezaroak behartzen dauen ordaina da. Nire umezaroa neurri handi batean euskeraz izan zan’. Eta horixe bera islatu eban ‘Falasha’ liburuan, euskerea eta gaztelania buztartzean. Era berean, Octavio Pazen ‘Piedra de Sol’ olerkia euskeratu dau. Euskerea eta gaztelania bihotzean daukazan hizkuntzak dirala dino Landak.

Diasporeagaz loturik bizi izan da Landa eta Mexikon be holan izan da, 1982an hara biziten joan zanetik. Orain dala sei urte ‘Zarandona’ liburua argitaratu eban. Esan izan dabe euskal diasporeari buruz diasporan idatzitako lehen liburua dala. Bertan Zarandonaren bizitzea kontetan dau: 36ko gerrearen ostean, Venezuelara igesi joandakoa, handik urte bira Zuriñe euskaldunagaz ezkondu eta hiru seme izan ebazana. Zarandonaren seme batek kontetan deuskuz haren gorabeherak: Venezuelara joan eta aberats Euskal Herrira bueltetako amesetea egiten dauen gizona, bizimodu gogorra daukana. Mikel semeak kontakizunari ekiten deutso, 77 urte beteten dauzen egunean Venezuelan familiaz inguraturik. Liburua Mexikon argitaratu dabe eta esan leiteke persona askoren espilu be badala. Herri biren artean bizi beharra aberasgarria eta bihotz erdiragarria da, ezinbestean.

Mexikoko Universidad Autonomako Letra eta Filosofiako irakaslea dogu Landa eta idatzi dauena be horren inguruan eregi dau: poesia, filosofia eta nobelagintzea. ‘Mas alla de la palabra’ eta ‘Poetica’ liburuetan filosofia eta poemagintzea buztartu dauz. Halanda be, ‘benetan poetea naz’, esan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu