The Black Dahlia

Joseba Terreros 2006-10-27 02:00   Zinema kritikak

De Palma ospetsuak zine baltz klasikoaren bidetik jo gura izan dau, istorio honetan AEBetako hilketa hunkigarri batera hurreratuz. Baina, zoritxarrez, asko be asko dira film honetan huts egin daben osogaiak.

- Zuzendaria: Brian De Palma.
- Herrialdeak: AEB eta Bulgaria.
- Iraupena: 120 minutu.
- Antzezleak: Josh Hartnett (Bucky Bleichert), Scarlett Johansson (Kay Lake), Aaron Eckhart (Lee Blanchard), Hilary Swank (Madeleine Linscott), Mia Kirshner (Elizabeth Short), Mike Starr (Russ Millard), Fiona Shaw (Ramona Linscott).
- Gidoia: Josh Friedman; James Ellroy-ren 'The Black Dahlia' nobelan oinarrituta.
- Musikea: Mark Isham.
- Argazkia: Vilmos Zsigmond.
- Muntaia: Bill Pankow.
- Diseinua: Dante Ferretti.
- Jantziak:Jenny Beavan.

Lee Blanchard eta Bucky Bleichert boxeolari ohiak detektibe izentau dabez Betty Ann Shorten hilketea argitzeko. Dalia Baltza ezizenaz ezagutzen eben aktoreak B serieko filmak egin ebazan, 1947an hil ebenera arte. Benetako jazokeretan oinarritutako pelikula honetan, detektibe bien arteko hartu-emonen eta bizitzearen barri emoten da, bai eta horrek zelan eragiten deutson beharrari be. Hilketa hori, bestalde, ez dabe oraindino argitu.

Zuzendari eta gidoliari ezagun honeek atondutako film honetatik asko itxaroten ebenek iruzur egin deutseela pentsauko dabe, The Black Dahlia pelikulea nahiko lan kaskarra da eta, pasarte entretenigarriak opesteko gauza izan arren. De Palma ospetsuak zine baltz klasikoaren bidetik jo gura izan dau, istorio honetan AEBetako hilketa hunkigarri batera hurreratuz. Baina, zoritxarrez, asko be asko dira film honetan huts egin daben osogaiak.

Hasteko eta behin, bilbea lar aldrebes eta iluna da eta narrazinoa are nahasgarriagoa; ganera, apaintze lana parke tematiko batean egin dala emoten dau, eta ez dakigu jantziak moderno edo antxinakoegiak ete diran. Era berean, antzezleak politak eta ederrak dira, baina argi dago eurek be ez dabena sinisten lan honetan, gehienetan baldar eta ganora barik jardun dabelako. Pelikula hau, azken batean, Josh Hartnett eta Scarlett Johansson-en zaleei baino ezin jake gomendatu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu