Frutu sikuak, gaztainak
2006-10-25 02:00 Jan edanakUdagoienean gagoz, frutu sikuen sasoia. Gozoak eta energetikoak dira, gantz asko daukie eta, beraz, kirola egiteko, mendira joateko... eroaten doguz. Almendra, hurretx, kakahuete, intxaur, gaztaina eta gure baso eta mendietan udagoien honetan jasoko diran frutu gehienak beharrezkoak dira eguneroko elikaduran.
Udagoienean gagoz, frutu sikuen sasoia. Gozoak eta energetikoak dira, gantz asko daukie eta, beraz, kirola egiteko, mendira joateko... eroaten doguz. Almendra, hurretx, kakahuete, intxaur, gaztaina eta gure baso eta mendietan udazken honetan jasoko diran fruitu gehienak beharrezkoak dira eguneroko elikaduran.
Frutu sikuen nutrizino ezaugarriak
Nutrizinoaren aldetik frutu siku mueta bi daukaguz:
· Gantz asko daukienak (oleaginotsuak): intxaurra, anakardoa, almendrea, hurretxa, ekilore-haziak, kakahuetea... Frutu sikuen edukiaren erdia baino gehiago lipidoak izan daitekez eta, horreetan, gantz azido insaturatuak dira nagusi: azido oleikoa (almendra eta hurretxetan ugariago) eta azido olinoleikoa (kakahuete eta intxaurretan, batik bat). Horreen % 40 baino gehiago gantza da.
· Karbohidrato konplexu (almidoia) ugari daukienak: gantz gitxien daukienak dira. Ezkurren eta gaztainen % 2 da gantza, gitxi gorabehera.
Frutu sikuen mineralen edukia be bestelako fruta eta frutuena baino handiagoa da. Hainbatetan, balio nabarmenak erakusten dabez: magnesioa, fosforoa, potasioa, kaltzioa eta burdina, eta hainbat oligoelementutan, zink eta selenioa berbarako. Bitaminei jagokenez, tiamina, niazina eta azido foliko ugari daukie eta E bitaminearen landare-iturri oparoenetako bat dira. Dana dala, tiaminea eta E bitaminea galdu egiten dira frutua erreten badogu. Holako elikagaiek proteina (almendra, kakahuete eta ekilore-haziek, % 20tik gora) eta zuntz kopuru handia eskaintzen deuskue eta ekarpen hori mesedegarria da gure hesteentzat, idorreriaren kontrako eragileak baitira.
Udagoienean, gaztainak
Frutu sikuak konsebertako, ondo zarratutako kristalezko ontzietan gorde, insekturik ez dabilen leku fresko, siku eta ilunean. Ez da komenidu plastikozko boltsatxuetan ixtea, bestela lizundu egingo litzatekez eta. Hoba dogu frutu sikuak apurka-apurka erostea, azal eta guzti. Holan, nutrizinoari jagokozan abantailak hobeto manteniduten dira. Hori frutu siku danakaz egin geinke baina gaztainakaz ez. Gaztainak ezin dira urte osorako gorde etxean, udagoienean baino ezin dira jan.
Gosete edo gerrate garaietan, Europako herrialde askotan ogia oso jateko urria zan, Euskal Herrian be eta jenteak gaztainei esker irauten eban bizirik, urunagaz nahastauta egiten eben ogi antzekoari esker.
Izan be, gaztainak eta zerealak oso antzekoak dira konposizinoari jagokonez. Karbohidrato-proportzino handia daukie (% 37,4), lekadunek eta zerealek legez. Karbohidrato horreek batez be almidoiz eta, oso kantidade gitxian, sakarosaz osotuta dagoz. Horregaitik, gaztainak oso ondo txikitu behar dira ahoan, almidoiaren digestinoa errazteko eta, holan, haizeak eta urdaileko arazoak ebitetako.
Proteina-proportzinoa (% 2,42) eta gantzarena (% 2,26) antzekoak dira eta gantz gehienak mono edo poliinsaturatuak dira. Gaztainak 213 kcal ditu 100 gramoko, intxaurrek baino askoz gitxiago (642 kcal/100 g). Gatz mineralei jagokenez, gaztaineak potasio asko dauka. Burdin, magnesio, kaltzio, fosforo eta zink kantidadea be aitagarria da. Bestalde, C eta B taldeko bitamina kopuru handia daukie.
Aitatutako guztiagaitik, gaztainak giharren bizigarri, alkalinizatzaile eta galaktogenotzat (esne-produktore) hartzen dira. Kasu honeetan dira gomendagarriak:
· Neke fisiko handia dagoanean, giharrei efektu bizkorgarria eragiten deutselako.
· Giltzurrun-arazoen ondorioz odolean azido kantidadea ugaritu danean (azido urikoa eta urea, besteak beste). Gaztainak alkalinizatzaileak diranez, odoleko gehiegizko azido hori neutralizau egiten dabe.
· Edoskitze-garaian dagozan emakumezkoentzat, esne-produkzinoa areagotzeaz gan, emakumezkoak egoera horretan behar dituan mantenugai ugari daukiezalako.
Eta gagozan urte-sasoian edozeinentzat dira egokiak, astean 2-3 biderrez, aldiro 10-15 bat gaztaina jatea, egosita edo erreta. Aprobetxau, gero ez doguzalako eukiko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!