Elementarteilchen

Joseba Terreros 2006-10-18 02:00   Zinema kritikak

Filmaren garapena ez dago bape orekatuta, istorioa eta arazoak aurkezteko aukeratutako bideak ez dauka ez hankarik ez bururik, gidoia ez da apartekoa eta gai transzendental larregi azaltzen ahalegintzen da, bakar batean be sakondu barik.

- Zuzendaria: Oskar Roehler.
- Herrialdea: Alemania.
- Iraupena: 113 minutu.
- Antzezleak: Moritz Bleibtreu (Bruno), Christian Ulmer (Michael), Martina Gedeck (Christiane), Franka Potente (Annabelle), Nina Hoss (Jane), Uwe Ochsenknecht (padre de Bruno), Corinna Harfouch (Schäfer doktorea), Michael Gwisdek (Fleißer irakaslea), Herbert Knaup (Sollers), Jasmin Tabatabai (Yogini).
- Gidoia: Oskar Roehler; Michel Houellebecq-en 'Elementarteilchen' nobelan oinarrituta.
- Musikea: Martin Todsharow.
- Argazkia: Carl-Friedrich Koschnik.
- Muntaia: Peter R. Adam.
- Zuzendaritza artistikoa: Ingrid Henn.
- Jantziak: Esther Walz.

Anaierdiak izan arren, Michael eta Bruno guztiz desbardinak dira. Amak biak abandonau ebazan eta aitaren aldetiko amamek hartu eben umeak jagoteko beharra. Michael biologo molekular itxi eta barruzalea da, ikerketa genetikoaz besterik arduratzen ez dana. Bruno bere sexu fantasien esklabua da eta edozer egiteko prest dago, errealidade bihurtu daitezan. Dan-dana aldatuko da biek amodioa topetan dabenean. Baina, tarte zoriontsu baten ostean, bikotekideak larri gaixotuko jakez.

Film hau ikusi eta gero, ikus-entzule guztioi adarra jo euskuelakoan urten neban zine aretotik; ez neban jakin sexu tabuak apurtzeko, benetako amodioa erakusteko edo bien arteko aldeak bereizteko foiletoi honen nondik norakoek zer erakutsi gura izan euskuen. Ez neban bereiztu bizitza eta heriotzearen ganeko hausnarketa merkea zan edo gizakion ezkutuko asmoen inguruko sasigogoeta jakintsua egin gura eben. Hori bai, gauza bat ziurtatu neike ezelango duda barik: itzel abrozidu egin nintzan.

Filmaren garapena ez dago bape orekatuta, istorioa eta arazoak aurkezteko aukeratutako bideak ez dauka ez hankarik ez bururik, gidoia ez da apartekoa eta gai transzendental larregi azaltzen ahalegintzen da, bakar batean be sakondu barik. Azkenean, film honek lortzen dauen gauza bakarra zera da: guztiz azalekoa eta gogaikarria izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu