Zientzia mundu andalustarrean
2006-10-16 02:00 KultureaMunduak gaur egun daukazan gaixotasunen artean, erlijinoaren inguruko gorrotoa da bat. Musulmanak dirala eta ez dirala, katolikoak dirala eta ez dirala… egunero dago zeozer, eta amorru absurdoak pilatuz doaz alde batetik eta bestetik. Gatx hori errotik ezabatzeko egiten diran ekimen guztiak kontuan hartzekoak dira, eta zentzun horretan ulertu behar da Caixak Bilbon antolatu dauen erakusketea: ‘Zientzia mundu andalustarrean’.
Munduak gaur egun daukazan gaixotasunen artean, erlijinoaren inguruko gorrotoa da bat. Musulmanak dirala eta ez dirala, katolikoak dirala eta ez dirala… egunero dago zeozer, eta amorru absurdoak pilatuz doaz alde batetik eta bestetik. Gatx hori errotik ezabatzeko egiten diran ekimen guztiak kontuan hartzekoak dira, eta zentzun horretan ulertu behar da Caixak Bilbon antolatu dauen erakusketea. ‘Zientzia mundu andalustarrean’ ekimenak aurreretxi asko apurtzen ditu, eta gaur egun, aurreretxien eta bildurren sasoi honetan, eskertzekoa da hori.
Europa Erdi Aroaren iluntasunean itota egoan bitartean, jakinduria gorantz joian al-Andalusen. Medikuntza, astronomia, matematikak eta filosofia alkartu egin ziran jakintsu andalustarren buruetan, mundu osoaren gaineko ikuspegi globala lortzeko asmoagaz. Bagdadegaz batera, Kordoba mundu islamiarraren zentro kulturalik garrantzitsuena izatera heldu zan, eta, IX eta XIV. mendeen artean, ezagutza zientifikoak perfekzino maila handia lortu eben Espainia musulmanean.
XV eta XVII. mendeen artean Europan bizi izan zan iraultza zientifikoaren figurarik nabarmenenak Galileo, Kepler, Koperniko edo Newton izan baziran be, iraultza horren sorrerea al-Andalusen emon zan. Astronomian, medikuntzan, matematiketan, ingeniaritza hidraulikoan, botanikan edo arkitekturan, Espainia musulmanak eragin handia euki eban peninsulako eta Europako beste lekuetan. Eta hain zuzen be, ‘Zientzia mundu andalustarrean’ erakusketak Ben Rusd (Averroes), Abu-l-Qasim Al Zahraui (Abulkasis), Maslama al Mayriti edo Al Zarqalu (Azarkiel) jakintsu andalustarren inguruko giroa erakusten dau, eta Botikazar ibarrean (Zorrotzaurre) iminitako karpan bisitau ahal izango da, 2006ko urriaren 3tik zemendiaren 9ra.
’Zientzia mundu andalustarrean’ erakusketak bost espazio ditu: Madinat al-Zahrako Areto Aberatsean inspirautako gune bat; behatoki astronomikoa; liburutegia, medikuaren estudioa eta alkimia laborategia; lorategi botanikoa, eta Granadako alarife baten tailerra. Gainera, erakusketaren amaieran, zientzia eta teknologia andalustarraren gaineko informazinoa emoten jako bisitariari.
Espazio guztien inguruko informazinorik ez dogu emongo, baina, horren ordez, kultura andalustarrak itxi deuskuzan altxor interesgarrietako batzuen barri emongo dogu, ahaztu barik zelako pauso handiak emon zituen hemen aztertuko ez ditugun diziplina batzuetan, arkitekturan edo urigintzan adibidez.
Esate baterako, erakusketaren bigarren espazioa hartzen badogu, astronomiaren munduan sartuko gara, eta holako erakusketa baten derrigorrezko gunea izan behar zan astronomiarena, argi dago-ta zientzia hori asko garatu zala kultura andalustarrean. Astronomo andalustarren ondarearen artean dagoz astrolabioaren eta esfera armilarraren garapena, ahaztu barik astronomiaren inguruko jakituriaren bilduma bikainak eta deskubritu zituen konstelazio eta izarren izenak. Asmautako tresna horreek erabiliz, Maslama al Mayriti, Al Zarqalu, Ben Jalaf edo Abu Marwan jakintsu andalustarrek ezagutza handiak lortu zituen, eta, denporeagaz, ezagutza horreei esker, Kopernikok eta Keplerrek eredu geozentrikoa aldatu eta, horren ordez, paradigma heliozentrikoa ezartzeko oinarriak finkatu zituen. Beste alde batetik, matematikaren inguruko interesa be oso handia zan al-Andalusen. Mundu islamikoari zor deutsaguz gaur egun Mendebaldean erabilten diran zenbakiak eta, batez be, 0 zenbakiaren existentzia. Andalustarrei esker daukaguz, era berean, aritmetikea, algebrea, trigonometria eta algoritmoa.
Medikuntzari jagokonez, islamaren hasieran prebentzinorako medikuntza naturala garatu zan, baina IX. mendetik aurrera, medikuntzaren gaineko liburuak itzultzen hasi ziran; modu horretan, jakituria integrala landu eben mediku handiak agertu ziran. Farmakologia, optikea eta oftalmologiaren garapena be aitatzeko moduko atalak dira medikuntzaren barruan. Gainera, ortodoxiak albo baten ixten dituan diziplinetan be ibili izan ziran arabiarrak; diziplina horreen artean dagoz astrologia, alkimia edo magia, eta hori ez da ezkutatu Bilbon daukagun erakusketan.
Bestetik, al-Andalus ondo baino hobeto moldatu zan nekazaritzaren garapenean, eta gauza jakina bada be astronomia edo medikuntza sano esparru garrantzitsuak direla kulturaren bilakaeran, nekazaritza behar-beharrezkoa izan zan herria biziko bazan. Al-Andalusek ederto jakin eban buztartzen Mediterraneoko nekazaritzaren tradizinoa, arabiarrek Indian, Persian, Mesopotamian eta Egipton lortutako ezagutzak, eta, batez be, Siria eta Palestina inguruko nekazaritza nabatearraren gaineko ezagutzak. Jakintza horreen garapenak, produkzinoaren gorakadak eta uraren banaketak nekazaritza andalustarraren goraldia ekarri eben. Bestetik, andalustarrek espezie barriak sartu zituen peninsulan: masustondoak, zitrikoak, granadondoak, datil-palmondoak eta bananondoak, besteak beste. Gainera, ez da ahaztu behar nekazaritzaren goraldia ingeniaritzari esker be heldu zala: andalustarrek ura biltzeko, bideratzeko eta lurpetik kanalizetako sistemen sare bikaina sortu eben, nekazaritzako esparruak ureztatzeko eta uriak urez hornitzeko.
Azalen koloreari larregi begiratzen deutsagun sasoi honeetan, Zorrotzaurren dagoan karpak begiak zabaltzeko balioko dau beharbada. Dana beharko da itsuon lurralde honetan begiak zabaltzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!