Bilboko Arte Ederretako Museoa aurtengo urrian zabalduko dabe
2025-07-14 07:45 KultureaZaharbarritze integralak ia 6.000 metro koadrori eragin deutse.

Norman Fosterrek eta Luis María Uriartek Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko egindako proiektua beste mugarri batera helduko da aurtengo urrian, 1970eko eraikinaren zaharbarritzea amaitzen danean. Agravitas arkitektura barria eregiteagaz batera egina –eraikin biek Chillida plazatik eta komunikazio-gune bertikaletik izango dabe sarbidea–, zaharbarritze garrantzitsu honek gune honetan erakusketea- eta hezkuntza-jarduerak egitea ahalbidetuko dau, aurtengo urritik aurrera, obren azken fasean.
1970eko eraikinaren zaharbarritzea
Álvaro Líbano eta Ricardo Beascoa arkitektoek proiektau eben 1963. eta 1970. urteen artean, Mies van der Roheren proposamenetatik hurbil dagoan nazinoarteko lengoaiagaz. Arte Ederren Bilboko Museoaren lehen handitze hau uriari arte garaikideenera bideratutako kultura-ekipamendu bat emoteko sortu zan. Barritzeko dauen bokazinoari esker, Espainian arte garaikiderako eraikitako lehen eraikin barria izateko ohorea jagoko. Azken bost hamarkadetan, bere arkitektureak estaduko arte bildumarik garrantzitsuenetako bat eta Euskal Herriko erakusketa egitaraurik dinamiko eta aurreratuenetako bat ikusi ditu hazten.
Zaharbarritze integralak ia 6.000 metro koadrori eragin deutse, egitura eta instalazinoak administrazinoek eskatutako segurtasun eta suteen kontrako babeserako egungo arauetara egokitzeko beharrari erantzuten deutso eta eskakizun eta konplexutasun handiko prozesu tekniko bat behar izan dau, balio arkitektoniko handiko elementua dalako. Esku-hartzeak eraikinaren ezaugarri esanguratsuenak nabarmendu ditu, baina denporan zehar izan dituan eraldaketak ezabatu barik, besteak beste, jatorrizko ataria zarratzea, fase bitan egin zana (1983 eta 1993), Rufino Basañezen eta Álvaro Libanoren diseinuaren arabera. Era berean, zaharbarritutako eraikinaren komunikazino-nukleoak Agravitas handitze-bolumenerako balioko dau, bikoizketak ebitau eta eraginkortasun operatiboa errazteko.
Chillida plazea edegitean eta museoko jarduera publikoa 1970eko eraikinera aldatzean, aurtengo urrian, Agravitas eraikinaren obren azken zatia hasiko da eta, aldi berean, 1945eko eraikinaren eta Arriaga atari barriaren arteko pasabidea egingo da Pedro de Icaza y Aguirre atariaren eskailera monumentalaren azpian.
Berrirekiera-egitaraua 2025 / 2026
2025eko urritik 2026ko bagilera, 1970eko eraikinaren galeria berreskuratuek A(r)teak zabalduz programa bereziaren erakusketeak eta jentaurreko eta hezkuntzako jarduerak hartuko ditue.
Eduardo Chillida. Burdinaren gorazarrea III (1991) 2025eko urriaren 8tik aurrera. Chillida plaza 4 metroko altuerea eta 18 tonako eskultura monumental hau Banco Bilbao Vizcayak Eduardo Chillidari Bilboko Kale Nagusiko bere egoitzarako egindako enkargua izan zan. Han, banku-erakundeari sarrerea emoten eutson plazan, hamarkada bi baino gehiago emon zituan 1997an instalau zanetik eta uriaren sinbolo bihurtu zan. 2018an, konpainiaren titulartasunaren eta instalazinoen funtzinoaren aldaketak eragindako obren ondorioz, Hernaniko (Gipuzkoa) Chillida Lekura eroa zan eskulturea. Orain, BBVAgaz egindako komodatu akordio bati esker, sortu zan urira bueltau da Burdinaren gorazarrea III eta museoko Chillida plazan kokatuko da. Eskulturaren izenburuak Bilboko tradizio siderurgikoari egiten dio erreferentzia, baita egileak bere ibilbidean material nagusi horrekin duen identifikazioari ere. 1951n, Eduardo Chillidak Paristik alde egin eban, hara orduko jokera artistikoak ezagutzera joan ondoren, bere jaioterrian bere sustraiak barriro topetako asmoz. Hemen hasi zan sutegian lan egiten, burdina gori egoela eta mailu kolpeka. Holan, metal horregaz eta lengoaia eskultoriko barri bategaz, Chillida abstrakzinoan eta espazioaren ikerketa personalean sartu zan.
Babeslea: BBVA
Ataria (bat)
2025eko urriaren 8tik aurrera. 1970eko eraikina, beheko pisua.
Iñaki de la Fuentek 1973an sortutako Itsasadarretik Abrara horma-iruditik hasi eta Ainara LeGardonek 2023an museoko bilduma Tabakalerara (Donostia) lekualdatzeko egin eban Pausa Pulsar soinu-piezaraino, Ataria (bat)ek Bilbori eta museoari lotutako espazio eta erakunde artistikoetarako berariaz asmautako produkzino-multzo baterako denpora-esparrua eratzen dau.
Kronologia zabal horregaz, obrek erakusten dabe 1970eko hamarkadatik aurrera, museoak lehen handitzeari ekin eutsonetikk aurrera, egindako praktika artistikoen izakera publikoa.
Hogeita hamar bat obrak hartuko dabe Líbano eta Beascoaren eraikinaren beheko pisuan edegitako antxinako ataripe edo atariaren espazioa, izan be, estalitako plazearen izakera berreskuratzeko balio izan dau. Tarte horretan, pieza garrantzitsuak erakutsiko dira, Agustin Ibarrolaren Euskadi horma-irudi artikulatua (1977-1979), oraintsu zaharbarritua; Richard Serraren Denboraren materia maketa (1994-2005), Guggenheimerako pentsautakoa; Juana Cimaren Sugoi margolana (1985), Bilboko Alde Zaharreko Lamiak kafetegian egon zana; eta uriko arte-zentroek produzidutako hainbat lan, Itziar Okariz (BilbaoArte), Gema Intxausti (Rekalde Aretoa) edo/eta Elena Aitzkoaren (Azkuna Zentroa) eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!