Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak kulturearen sustapena indartuko dau udan

Bizkaie! 2025-07-15 07:50   Kulturea

Egoitzak jentearentzat zabalduz eta aldi baterako erakusketa bi eskainiz.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak kulturearen alde egingo dau uda honetan, arte garaikidea, memoria historikoa eta ondare arkitektonikoa buztartzen dituan programazinoagaz. Uda sasoian, bere hiru egoitza historikoek ordutegi zabalagoagaz edegiten ditue ateak eta aldi baterako erakusketa bik –bata eskultorikoa Bilbon eta bestea ibiltaria Ondarroan– osotzen dabe edozeinentzako pentsauako kultur eskaintzea.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko kultur eskaintzea Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga kalea, 6) hasiko da, EHUko Zeramika: Artea eta Funtzinoa Masterreko ikasleen Beste forma horiek eskulturako erakusketeagaz. EHUko Arte Ederretako Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzinoa azken masterra egin daben hamasei ikasleren lanak batzen ditu eta abuztuaren 29ra arte egongo dira ikusgai.

Protagonistak Leioako campusean emoten dan graduondoko ikastaro espezializauaren promozino barriko kideak dira eta Batzar Nagusiek eta Euskal Unibersidade Publikoak euren lanak bizkaitarrei erakusteko sinatutako hitzarmenari esker atondu ahal izan dabe erakusketea. Honeek dira: O. Irati Petuya Ingunza, Valentina Rodríguez de Tezanos Pinto, Marina B. Bielli Sánchez, Nicole N. Nieto Herrera, Candela Eirea Orro, Sandra Ardila Ramírez, Madeleinne A. Rodríguez Montoya, Mónica Armengol Nicolás, Janire Mindegia Etxepare, Lina M. Maldonado Jacobsen, Josu Santamaría Luque, Inés Asensio Nogueira, Violeta Roca Rom, Javiera I. Jaras Castaños, Iñigo Alonso Bilbao eta Melisa Vezhdieva Gyultenova.

Horrezaz gan, garagarrilaren amaierara arte arte, lurraldeko udalerri nagusietan zehar hiru urte daroazan Bizkaiko Batzar Nagusiei buruzko erakusketa ibiltaria Ondarroan egongo da ikusgai. Erakusketeak Foru parlamentuaren aparteko garrantzia historiko, politiko, sozial eta kulturalari balioa emoten deutso, XIV. mendetik lurraldearen gorabehera nagusien protagonistea eta lekuko izan dan eta Europako lehenengo sistema parlamentarioetako bat dala uste dan erakundea.

Bizkaiko Batzar Nagusien kultur eskeintzea Enkarterrietako Museoaren bilduma iraunkorragaz osotzen da. Enkarterrietako museoa 1968an sortu eta 1994an birsortu zan. Historiaurretik XIX. mendera arteko eskualdearen historia erakusteko hamar aretok osotzen dabe. Areto bakotxa mapek, planoek, maketek eta Enkarterriko bizimodua, historia, artea eta arkitekturea erakusteko pieza originalek eta erreprodukzinoek osotzen dabe.

Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzak

Bizkaiko Jaunak antxina batzen ziran lekuetan, hau da, Gernikako, Gerediagako eta Abellanedako Batzar Etxeetan, ondare eta kultur legadu aberatsa dago. Udako hilebeteetan, hiru foru parlamentuek ordutegi zabalak ditue, bai arkitektura-moltso bikaina, bai eduki artistikoa ezagutzeko. Gernikako Batzar Etxeak ordubete luzatuko dau arratsaldeko ordutegia udan. Irailera arteko ordutegiak honeek dira:

  • Gernikako Batzar Etxea egunero bisitau daiteke, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00retara. Barrukaldea ikusteko beharrezkoa da aldez aurretik hitzordua hartzea.
  • Abellanedako Batzar Etxea eta Enkarterrietako Museoa (Sopuerta): martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00retara. Domeka eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara; eta astelehenetan, zarratuta.
  • Gerediagako Batzar Etxea (Abadiño): astelehenetik barikura, 10:00etatik 20:00etara; eta zapatu eta domeketan, 10:00etatik 19:00retara. Kanpokaldea baino ezingo da ikusi.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu