'The Folk Faces', folklorearen arpegiak eta arimak batu ditu

Bizkaie! 2025-07-10 09:17   Kulturea

800 persona baino gehiago erretratau ditu egileak.

Leixuri Arrizabalaga eta Asier Bastida. | Ikusi handiago | Argazki originala

Asier Bastida argazkilariak azken 15 urteetan Portugaleteko Nazinoarteko Folklore Jaialdian egindako lanaren lagina batu dau The Folk Faces argitalpenean. Herriaren tradizinoetan, folklorean dagoan arimea eta herri-nortasunaren gaineko harrotasuna erakusten ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako argitalpenak azken urteetan Portugaleteko Folklore Jaialdian parte hartu daben 36 herrialdetako artisten 65 erretratu batzen ditu; 55 banakakoak eta 10 taldekoak.

Aurkezpenean, egileak ondoan izan dauen Leixuri Arrizabalaga Euskerea, Kulturea eta Kiroleko diputaduak, ondokoa adierazo dau: lanak gure sustraien eta kulturearen garrantziaren ikuspegi globala emoten deusku: arabere gehiago hurreratuz milaka kilometrotara bizi arren gurekaz funtsezko zerbait partekatzen dituen personengana.

Bastidak adierazo dauenez, folklorearen bidez belaunaldi askotako tradizinoa eta kultura harrotasunez erakusten daben herriak izan dodaz inspirazino-iturri. Persona bakotxaren esentzia, arimea eta sustraien eta tradizioen gaineko harrotasuna jasoten saiatu naz. 2010ean sortu zan proiektua, Portugaleteko Nazinoarteko Folklore Jaialdian. Belaunaldiz belaunaldi, folklorea jagoteko eta transmitiduteko ahalegin anonimoa egiten dabenak autortzea da asmoa. Beraz, The Folk Faces liburuaren helburua da protagonista ezezagun horreei arpegia jartea.

Ibilbide horren ondoren, Bastidak zirkulua zarratutea erabagi dau eta lana Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera argitaratzea, jaialdiaren 50. urteurrena ospatzeko eta amaiera bikaina emoteko dokumentazino grafikoari. Guztira, 5 kontinenteetatik etorritako 45 herrialdetako 800 persona baino gehiago erretratau ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiak 300 ale atera ditu lehen tiradan, Aldundiaren erakusketa-aretoetan eta liburutegietan banatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu