Zirkuss Konpainiaren ‘K.OS’ proiektua hautatu dabe V. Juana Bizkarra egonaldirako
2025-07-10 12:55 KultureaIkuskizuna irailaren 18an eta 19an taularatuko da Muxikebarrin.

K.OS izeneko proiektua hautatu dau Getxo Kulturak atontzen dauen Juana Bizkarra Egonaldi Artistikoaren bosgarren edizinoko epaimahaiak. Zirku garaikideko piezea da, Donostiako ZirKuSS konpainiaren eskutik, eta, Picassoren Gernika lanean oinarrituta, gerra-gatazketako eskrupulu ezaz hausnartu nahi dau. Proiektua martxan jarteko egonaldia Muxikebarri zentroan izango da abuztuaren 23tik irailaren 19ra bitartean. Proiektuaren aurrestreinaldia, barriz, irailaren 18an eta 19an, 20:00etan atondu dabe.
Lander Brionesen zuzendaritza artistikoa eta Maialen Alberroren koreografiak dituala, K.OSek zortzi artista batzen ditu, Picassoren lan ospetsuaren sinboloak irudikatzen dituenak. Lanak mobimendu akrobatikoa eta narrazino poetikoa buztartzen ditu, zuri-baltzeko estetika batean oinarrituta, berba barik, gerrearen ankerkerian zehar bidaia emozinonala eskainiz, baina gerra horretatik bizirik urtetea lortzen daben personen samurtasuna alde batera itxi barik.
Ikuskizunaren dramaturgia zortzi eszenatan egituratzen da, horreetako bakotxak personaia bat protagonista dauela: zezena, zauritutako zaldia, federik bako soldadua, lobea, petrolio-ontzia daroan emakumea, ama eta haren umea eta usoa. Ondorioa koadroaren beste sinbolo boteretsu baten eskutik dator, begiaren eskutik. Horren bidez, 1937an pasetako tragediatik bizirik urtendako Luis Iriondoren testigantzea islatzen da, inspirazino iturri izan dana egileentzat. Teknikak dira akrobaziak duo eta indibidualetan, behegaineko ariketak, aireko ariketak, akrobatiko porteak eta mobimendu espresiboa. Musikeak aparteko garrantzia dauka ikuskizunean: Borja Antonek egin dau, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren laguntzeagaz.
ZirKuSS 2022. urtean sortu zan. Formatu handiko ikuskizunetan sartzen dira, esaterako, Sustrai edo Hazia lanetan. Lan horreetan zirkuko diziplinak nabarmentzen dira, baita jantzea, sorkuntza kolektiboa eta publikoarekiko loturea zuzena be. Konpainiak nortasun handiko lanaren aldeko apustua egiten dau, zirkua belaunaldien arteko eta zeharkako irismena dauen tresna bezela bultzatuz.
V. Juana Bizkarra
Aurtongo edizinoaren epaimahaia ondoko honeek osotu dabe: Getxoko Kultur Etxeko zuzendari eta teknikariek, Sofia Alforja Sagone Dantzagunea Gipuzkoako koordinatzaileak eta Xanti Val Zabaleta Lezoko Udaleko Kultura arduradunak.
Juana Bizkarra egoitzeak euskal kultura-sektoreari lagundu nahi deutso, espazio eta baliabide profesionalak eta diru-hornidura eskainiz antzerki-lanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak produziduteko eta muntetako.
Era berean, ekimen horren bitartez, sorkuntza-prozesua getxotarrei hurreratu gura deutse Getxo Kulturak, horreen ezagutzea, esperientzia eta kulturean daben parte-hartzea hobetzeko. Horregaitik, obrearen antzezpenaz gan, bitartekaritza-ekimenak egingo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!