Berrizko Udalak Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako V. Plana onartu dau aho batez
2025-07-09 12:45 KultureaV. Plana 2030era arte egongo da indarrean.

Berrizko Udalak maiatzaren 29an onartu eban, aho batez, V. Bardintasun Plana eta 2030era arte egongo da indarrean, Emakunderen egungo planagaz bat etorriz. 2022an egin zan aurreko planaren ebaluazinoa eta 2024an zehar modu parte-hartzailean landu da plan barri hau, eragileakaz bilerak eta informazinoa batzeko. Danetara, 17 topaketa egin dira eragile politiko, tekniko eta kolektibo sozial eta feministen parte-hartzeagaz.
Plana 2024ko zezeiletik abendura bitartean egin zan, bost fasetan: diagnostikoa, helburuak eta ekintzen diseinua, baliozkotzea eta onartzea, eta behin betiko dokumentua egitea.
Prozesuaren emoitzea, Emakunderen 2030/VIII. Planean ezarritako 16 printzipioetan oinarrituta, 4 ardatz nagusi ditu, 12 programa batzen dituan plana da. Programa horreetan 32 helburu espezifiko eta 109 jarduera jorratuko dira hurrengo 6 urteetan, 2025etik 2030era bitartean.
Lehenengo ardatzak gobernu ona dau ardatz; bigarrenak, barriz, emakumeen eta nesken ahalduntzea dau ardatz, ikuspegi feministeagaz. Hirugarrena gizarte-antolaketa justu, bardintasunezko eta iraunkorrean oinarritzen da; laugarrenaren gaia, barriz, emakumeen kontrako indarkeriarik bako gizartea dira.
Planak, inplementetako eta haren jarraipena eta ebaluazinoa egiteko kudeaketa-sistemak be jasoten ditu. Horretarako, Bardintasun Zerbitzuaz gan, egitura politiko eta teknikoakaz batera, herritarren mahaia egongo da, Berrizko Gizarte Ondoizate, Bardintasun, Immigrazino eta Lankidetzarako Udal Kontseiluak osotutakoa.
Egitura horreek ezinbestekoak dira planaren jarraipena egiteko eta planaren helburuak eta ekintza edo jarduerak modu partekatuan lortzeko. Jarraipen hori adierazleak batuz egingo da eta ebaluazinoagaz amaituko da. Ebaluazino horretan, kontuan hartuko da prozesuan parte hartzen daben eragileek lortu nahi dituen aldaketen lorpen-mailearen balorazinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!