Odei Guirado eta Fernando Oiartzunen ikerketa-lan monografikoak saritu ditu Mintzolak
2025-07-15 11:16 KultureaEgileek 2026ko zezeilaren 27ra arteko epea izango dabe lana ondu eta aurkezteko.

Hiru lan aurkeztu dira deialdi honetan eta epaimahaiak horretako bi hautatu ditu, hain zuzen, Odei Guiradoren Babes-sistema, haurrak eta eguneroko mintzamoldea. Harreman-mundu bat euskaratik eta euskaraz harilkatzeko ikerketa aplikatua, eta Fernando Oiartzunen Leitzako hitanoa: corpusa osatzeko eta erabilera berpizteko saiakera.
Ikertzaile bakotxak 3.000 euro gordin jasoko ditu eta 2026ko zezeilaren 27ra arteko epea izango dau lana ondu eta aurkezteko.
Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko ikerketa-lan bi saritzeko deialdia argitaratu eban martian. Ikertzaile gaztea edo hasibarria doktorego-tesira eroang dauen ibilbidean, aurreko erabagiak eta urratsak be garrantzitsuak dira eta deialdi honen helburuak dira: batetik, bide horretan laguntzea; bestetik, unibersidadeko edozein jakintza-arlotatik ekinez, euskeraz egiten dan ahozko jarduna ikergai lez sustatzea, ondorengo zazpi eremuak oinarrian dirala:
- Eguneroko hizkera informalaren ezaugarriak eta beronen egoerea euskal komunidadean. Oinarriak, corpusa eta diagnostikoa.
- Euskalkiak eta estandarra ahozko hizkeraren funtzinoetan: praktiken azterketa eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak.
- Eguneroko berbakerarako adierazkortasun baliabideak hezkuntza arautuan lantzeko bideak eta formulak.
- Atondutako aisialdian eta hezkuntza ez-arautuan adierazkortasun baliabideak lantzeko bideak eta formulak.
- Eguneroko berbakerarako adierazkortasun baliabideak hedabideetatik eta ingurune digitaletik sustatzeko bideak eta formulak.
- Eguneroko berbakerarako adierazkortasun baliabideak lantzeko bestelako bideak.
- Hitanoa lantzeko eta zabaltzeko bideak eta formulak.
Danetara, hiru lan aurkeztu dira eta epaimahaiak ondoko bi honeek hautatu ditu:
- Babes-sistema, haurrak eta eguneroko mintzamoldea. Harreman-mundu bat euskaratik eta euskaraz harilkatzeko ikerketa aplikatua. Egilea: Odei Guirado Irasuegi.
- Leitzako hitanoa: corpusa osatzeko eta erabilera berpizteko saiakerea. Egilea: Fernando Oiartzun Sagastibeltza.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!