Bizkaiak barritu egin dau jai libre, errespetuzko eta bardintasunezkoen aldeko kanpainea
2025-07-10 08:44 KultureaDei egiten jake gizonei aliatu aktiboak izan daitezan.

Bizkaiko Foru Aldundiak jaietan eta aisialdian sexu-erasoen kontra egiteko udako kanpaina barritua aurkeztu dau La Arena hondartzan: Jaietan Aliatuak / Vigilantes de la Jaia goiburupean, gizonen aliantzea lortu nahi da, jaiak bardintasunezkoak, libreak, alaiak, errespetuzkoak eta dibertigarriak izan daitezan.
Kanpainea aurkezteko, Teresa Laespada ahaldun nagusiordea eta Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru-diputadua La Arena hondartzara joan da, datozen hilebete bietan Bizkaiko herri guztietan ibiliko dan ibilgailua aurkeztu baita. Hondartzako erreskate-torpedo erraldoi bat dauen furgonetea lurraldeko hondartzetara, jaietara eta kontzertuetara joango da eta informazino-materiala banatuko dau. Torpedo horrek zapi tradizionala dau inprimiduta.
Laespada diputaduak azaldu dauenez, emakumeok gure gorputzen jaube gara eta askatasun osoa dogu gure erabagiak hartzeko. Gizonen eskubide bera dogu espazio publikoez, jaiaz, gauaz eta udaz gozetako eta horregaitik dei egiten deutsegu gizonei, gure ondoan dagozan gizon gehienei, aliatuak izan daitezan jaiak bardintasunezkoak, libreak, alaiak, errespetuzkoak eta dibertigarriak izan daitezan. Sakoneko mezua gizonentzat eta mutilentzat da, adierazo nahi jake posible dala dibertidutea, ondo pasetea, kontzertuetara, jaietara joatea, hondartzan gozetea eta uda bikaina pasetea baina bardintasunean eta emakumeen eskubideak eta askatasunak errespetauta. Beharrezkoa da gizonak aliatu izatea jarrera gogor eta erasotzaileen kontra eta bat egin behar dabela sexu-erasoen gaitzespenagaz eta beste mutilei adierazo behar deutseela indarkeria badago ez dagoala dibersinorik.
Kontuak kontu, emakumeen kontrako indarkeriak gora egiten jarraitzen dau Bizkaian, batez be sexu-indarkeriak. Ertzaintzeak indarkeria matxisteari buruz jasotako zifrarik altuenak ditugu, datuak jasoten hasi ziranetik, hau da, 2003tik gaur arte.
Igaz, 2024an, emakumeen kontrako indarkeriatzat jotako 3.611 biktima erregistrau ziran Bizkaian, 2023an baino 106 gehiago.
Sexu-askatasunaren kontra biktimizazinoei jagokenez, 2024. urtean 357 izan ziran Bizkaian, hau da, 2023an baino 32 biktimizazino gehiago.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren zifra horreek guztiak jasota dagoz Bizkaiko Indarkeria Matxistearen Behatokian. Eta, aurten, jokerea ez da hobetu. Aurtengo zifrak maiatzera arte eguneratuta, badakigu Ertzaintzeak emakumeen sexu-askatasunaren kontrako 162 erasoren barri izan dauela Bizkaian, igazko aldi berean baino % 19,12 gehiago.
Sexu-indarkeriaren biktimei arretea emoteko zerbitzua
Bizkaiko Foru Aldundiak sexu-indarkeriaren biktimei arretea emateko zerbitzu bat jarri eban martxan 2023. urtearen amaieran; zentro publiko bat dau Bilboko Ledesma, 10 bis zenbakian.
Telefono bidez be hartu-emonetan jar daiteke 900 840 977 zenbakian, posta elektroniko bidez atencionviolenciasexual@bizkaia.eus helbidean edo webgunean.
Sexu-indarkeriaren biktimei arretea emoteko zerbitzuak honako hau eskaintzen dau:
- Berehalako eta isilpeko arretea.
- Laguntza profesionala.
- Espezializautako deribazinoa, kasuaren arabera.
- Laguntza emozionala eta legala.
Jaietan Aliatuak / Vigilantes de la Jaia kanpaineak kaleko marketineko ekintza onenaren saria jaso dau Publifestival - Publizidade Sozialaren Nazinoarteko Jaialdiaren aurtengo edizioan. Epaimahaiak udako ekintzaren kale-ikuspegia, ikuspegi bisuala eta ikuspegi interaktiboa nabarmendu zituan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!