Carlos Peña tolosarrak uger zeharkatuko dau Mar Chiquita lakua
2006-10-16 02:00 Euskaldunak munduanCarlos Peña ugerlariak hainbat herritako lakuak zeharkatu ditu uger. Urriaren 16an hasi da eta hurrengo egunetan 100 kilometro egingo ditu Argentinako Mar Chiquita lakuan.
Carlos Peña ugerlariak hainbat herritako lakuak zeharkatu ditu uger. Urriaren 16an hasi da eta hurrengo egunetan 100 kilometro egingo ditu Mar Chiquita lakuan.
Mar Chiquita Argentinako lakurik handiena da eta gatz asko dauka. Itsaso Hilaren antzekoa da gune batzuetan eta horrek gatxago egingo dau bertan uger egitea. Mar Chiquitaren inguruan sortzen dan eguraldia traba bihurtuko jako Peñari. Izan be, eguraldiak bat-batean aldatzeko joerea dauka eta, horregaz batera, haizea bera be. Halan ba, uger egitea ez da bape erraza izango. Eta, azkenik, korronteei be aurre egin beharko deutse. Ez dauka behar makala.
Laguntzinoa izango dau Peñak. Beragaz batera, Jesus Ramirez piraguistea joango da eta gida-beharrak egingo deutsoz. Argentinako kostazainak eta medikuak be ondoan izango ditu egingo dauen ibilbidean.
Esperientzia luzea dauka Carlos Peñak. Aurretik itsasoan eta lakuetan uger egin izan dau. Eskoziako Ness lakua zeharkatu eban eta guztira 39 kilometro egin zituan. Mexikon be izan zan eta han Chapala lakuan egin eban uger, 80 kilometro. Peru eta Bolivia artean dagoan Titikaka lakuan egonda dago, lau mila metro itsasoaren ganetik uger egin eban. Titikakari itsasoa be esaten deutse, bertan mareak eta olatu handiak sortzen dira eta. Eta, halanda be, 220 kilometro egin zituan. Maracaibo lakuan (Venezuelan) 204 kilometro egin ditu uger. Italian, Bosnian eta Txilen be egin izan ditu antzeko probak.
Lakuetan ez eze, itsasoan be kilometroak eginda dago, berbarako Magallanes itsasartean. Ezaguna da bertan korronte handiak sortzen dirala eta barkuei be gatx egiten jakela bertatik pasetea. Izan be, itsasoan esperientzia handia behar da han ibilteko. Baleak eta itsasontzi ugari be pasetan dira Magallanesetik. Eta hori guztia gogoan hartuta, Carlos Peñak bertan uger egin eban.
Erronkak ugerlariaren bizimoduaren parte dira. Lakuak eta itsasoa alde batera itxi eta Tolosako Usabal kiroldegiko ugerlekuan 24 orduz eten barik ibili zan uger igaz. Horri esker Guiness liburuan sartu zan.
Mar Chiquita lakua Cordoba probintzian dago eta Cordoba uriko Gure Txoko euskal etxea Carlos Peñaren erronkearen anfitroia izango da. Urriaren 23an, Cordoban bertan Euskal Astea ospatuko dabe eta tartean Peña tolosarraren desafioa izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!