Kutsidazu bidea Ixabel

Joseba Terreros 2006-10-11 02:00   Zinema kritikak

Film hau Sagastizabalek orain dala hamar bat urte idatzitako nobelearen moldaketea da, antzerkitik igaro ostean zinemara ailegau dana.

- Zuzendaria: Fernando Bernués eta Mireia Gabilondo
- Herrialdea: Euskal Herria.
- Iraupena: 97 minutu.
- Antzezleak: Mikel Losada, Ainere Tolosa, Mireia Gabilondo, Iñake Irastorza, José Luis Ugartemendia, Jose Luis Gaztelu, Engrazi Irarreta, Asier Hormatza, Angel Alkain...
- Gidoia: Carlos Zabala, Nagore Aramburu eta Joxean Sagastizabal; idazle azken honen "Kutsidazu bidea, Ixabel" izeneko liburuan oinarrituta.
- Produkzinoa: Eneko Olasagasti eta Unai Ibarbia.
- Argazkia: Gaizka Bouryeau.
- Musikea: Iñaki Salvador.

Juan Martin euskaldun barri donostiarrak garagarrilaren erdialdean ekingo deutso baserri giroan euskerea ikasteari. Uria itxi eta Asteasuko Irarreta etxaldean Juan Luis eta Ixabel eukiko dauz begira, euskaltegiko ikasgaiak osotu eta herriko berbetea ondo ulertzeko asmoz. Gehienok jakingo dozuen lez, honako film hau Sagastizabalek orain dala hamar bat urte idatzitako nobelearen moldaketea da, antzerkitik igaro ostean zinemara ailegau dana.

Egia esan behar badeutsuet, ez dakit lar ondo nondik oratu behar deutsadan iruzkinari, honako hau irakurriko dozuen gehien-gehienok istorio honek zer opesten dauen inork baino hobeto dakizuelako. Baina horixe da gure artean izen handiko kritikari batzuek film xume baizen barregarri hau gogotik astindu, makilatu eta narrutzeko kontuan hartu ez daben abiapuntua: filmaren hurrentasuna eta istorio hau ikusten joango diranen esperientziak.

Horregaitik, zer-nori-nork, meta, arazo politiko, gorotz eta maitasun gorabeheren artean, entzun ahal izan genduzan ikus-entzuleen barre algarak; horregaitik, pelikulearen ostean, gehienoi euskerearen mundu honetan bizi izandakoak burura etorri eta autu-mautuan ibili ginan aspaldiko sasoiak gogora ekarriz; horrexegaitik gustau jakun: gure gomuta kolektiboa bizkortu, euskereak erakutsitako unibersoaren garrantziaz ostera be jaubetu eta gazteago sentidu ginalako. Mundu hori ezagutu behar izan genduanontzat, guztiz lan gomendagarria da: barre egin ez eze zeuon bizipenak elikatu eta arratsalde ederra igarotzeko aukera ezin gozoagoa eukiko dozue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu