Gaixotasun zeliakoa
2006-10-06 02:00 Jan edanak‘Glutenak eragindako enteropatia’ izena be hartzen dau eta 200 lagunetik batek dauka gatxa. Glutena lau laboretan agertzen dan proteinea da: garian, garagarrean, zekalean eta oloan.
‘Glutenak eragindako enteropatia’ izena be hartzen dau eta 200 lagunetik batek dauka gatxa. Glutena lau laboretan agertzen dan proteinea da: garian, garagarrean, zekalean eta oloan. Zeliako batek glutena daukan zeozer jan ezkero, bere sistema immunitarioak erantzun gogorra eragiten dau: glutenak sistema immunitarioaren osogai diran T zelulak aktibetan ditu eta sintoma honeek agertzen dira: beherako kronikoa, tripako distentsinoa, pisua galtzea, bakotasun nutrizionalak eta anemia. Tripako mina flatulentziagaz eta heste-mobimentu anormal batzukaz batera ager daiteke. Dana dala, personatik personara sintomak aldatu egin daitekez (junturetako mina, karranpak, kantsauta egotea...).
Edadearen arabera be aldatzen dira sintomak. Urtebete bitarteko umeen dietan ahien elikabidea sartzen danean, glutenaren ez-onarpena igar daiteke. Holakoetan, umea pipertuta dabil beti, haserre, eta aitatu barri doguzan sintomak agertzen ditu (pisu eskasa, batik bat). Umeek edota helduak gatxa ete daukien jakiteko, probarik fidagarriena heste-biopsia egitea da: bertan ikus daiteke mantenugaiak xurgatzen dituan heste-biloa kalteturik dagoan. Helduetan, depresinoen, emakume zein gizonezkoaren antzutasunaren, hileko berankor eta irregularren, ulea galtzearen eta abortu errepikatuen eragile izan daiteke intolerantzia hori.
Alergiaren eragilea zein dan jakinda, askoz be errazagoa da gatxari tratamentu egokia jartea. Gaur egun, persona zeliakoek egin daikien gauza bakarra dietea ondo zaintzea da eta glutenik bako elikagaiak jatea. Dietoterapiak, beraz, sintomak berehala desagertarazoten ditu, baina ez dau inoiz lortuko gaixotasuna osatzea. Gaixoei barriro glutena emon ezkero, sintomak barriro agertzen dira. Beraz, lehenengo pausua dietatik glutena daukien janari guztiak kentzea izango da (lehen aitatutako 4 laboreak eta horreekaz egindako urun eta jateko guztiak), eta ondoren, gaixoak izan dituan galeren arabera, bitamina eta gatz mineral gehigarriak emon behar jakoz.
Egia da glutenik ez daukan dieta kontsumiduteak elikaduran aldaketa garrantzitsua ekarten dauela. Izan be, gure gizartean janari asko eta asko dago oinarrian garia daukienak. Baina, merkaduko eskaintzea gero eta zabalagoa danez, gitxika-gitxika, gaixotasun hau sufriduten dabenek aukera gehiago daukiez eta trankil jan leikiez artoa, artatxikia, arroza, soia, tapiokea, kinoa… eta horreekaz danakaz produzidutako urun eta produktuak.
Hori bai, etiketak zehatz-mehatz irakurtea ezinbestekoa izango da; izan be, batzuetan janariei zuzenean gehitzen jake glutena, prozesetako garaian, eta saltsak egiteko be erabilten da substantzia hori.
Kontuz honako elikagaiakaz:
· Garia: gluten gehien daukan alea.
· Bulgurra: gari zikatu eta bustia da.
· Durum: gari mueta bat.
· Oloa, garagarra, zekalea eta tritikalea.
· Spelt: gari-glutenaren antzeko proteinak daukaz.
· Semolina: gariz moldatua.
· Kus-kus: gariaren deribadua.
· Orea, makarroiak, espagetiak, fideoak… gari-urunez egindakoak badira.
· Esandako laboreen urunak.
· Garagardoa, galorratza, E bitaminea kapsulatan (gariaren deribaduak dira).
Kontseju batzuk
Gaixotasun kronikoa danez, sintomak hobetzean ez da komenidu trankildu eta barriro glutena hartzen hastea. Sintoma txikiak berehala agertzen dira, baina larriak (desnutrizinoa, anemia…) zortzi aste pasetan diranean hasten dira igarten. Ganera, aldi batean glutena hartu-itxi ibili ezkero, azkenean dieteak be ez dau lortzen gaixotasuna hobetzea eta gaixotasun larriagoak sortzen dira: jeiunoileitis ultzeroso kronikoa, minbizia eta linfomak… Glutenik bako dieteari eusteak arrisku horreek guztiak gitxitzen ditu. Baina glutenik bako dietea egitea ez da kontu erraza, jateko estrategia barri-barriari ekin behar jakonez, horrek bizimodu osoan izango dau eragina:
- Nutrizino-bakotasunik ez igarteko, elikadura osotu eta orekatua egitea.
- Glutenik ez daukien elikagai naturalen kontsumoa sustatzea: gluten bako laboreak (arroza, artoa, artatxikia eta basartoa), era guztietako barazkiak, fruta, lekaleak, tuberkuluak, esnea, okela, arrain eta arrautzak, orioa, azukerea, eztia.
- Garia, zekalea, garagarra eta oloa hamaikatxu elikagairen osogarri dira askotan: kakaoa, txokolatinak, kafea, esne-kremea, fianbreak, gozokiak, soja-saltsa batzuk, entsaladen ongailu komertzialak...
- Irakurri elikagaien etiketak eta ebitau fabrikatzaileak ‘glutenik bakoa’ izentau ez dabezanak. Produktuen etiketan informazinorik ez agertzeak okerragotu egiten dau zeliakoen elikadurea.
- Ez jan aurretik preparautako elikagaiak preparazinoan zein osogai erabili dan jakin barik.
- Ez jan osogaien artean hurrengo aditiboetako bat daukien produktuak: almidoia, almidoi eraldatua (H-4381etik H-4395era arte), amilazeoak, laboreak, lodigarriak (nondik atara diran ez bada zehazten), fekulea, glutena, uruna, proteinea, proteina natural hidrolizatua, landare proteinea, landare proteina hidrolizatua, semolea, laboreetatik ataratako egonkortzaile, lurringarri edo bestelako aditiboak (nondik atara diran ez bada zehazten).
- Produktu espezializatuetan, topau zeliakoentzat baimenduriko elikagaien nazinoarteko ikurra. Seguruago izateko, ikus Euskadiko Zeliakoen Elkarteak egiten dauen berariazko elikagaien katalogoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!