Georgia eta Euskal Herriaren arteko ahots-zubia
2006-10-03 02:00 Euskaldunak munduanMaddi Oihenart, Celine Mounole, Kattalin Indaburu kantariak eta Philippe Albor musikaria Georgian izan dira bira bat egiten. Irailaren 27tik 29ra parte hartu dabe Georgiako Polifoniaren III. Topaketetan eta 30ean eta urriaren 1ean kontzertuak eskaini ditue.
Maddi Oihenart, Celine Mounole, Kattalin Indaburu kantariak eta Philippe Albor musikaria Georgian izan dira bira bat egiten. Irailaren 27tik 29ra parte hartu dabe Georgiako Polifoniaren III. Topaketetan eta 30ean eta urriaren 1ean kontzertuak eskaini ditue. Euskal Kultur Erakundearen urteko egitasmoaren barruan, Ipar Euskal Herriko musikariak kanpoan ezagutarazotea dago. ‘Kantuketan’ programearen bidez, EKEk Georgia, Bulgaria, Txetxenia, Kroazia, Hungaria, Uzbekistan, Maroko, eta Sao Tome eta Reunioneko musikariakaz hartu-emonetan imini ditu musikari euskaldunak.
Birearen inguruan beren-beregiko bloga osotzen joan dira laukoteko kideak. Eta adierazo dabenez, sano errezibimendu ona egin deutsee georgiarrek hasieratik. Kantua izan dabe zubi nagusia, baina ez bakarra. Han egon diran bitartean, Georgiako jantza tradizionalak ikusteko abagunea izan dabe. Jantzan, musikea joten eta kantetan ikusi izan ditue gazteak eta zaharrak, euren tradizinioari eutsita. Georgiako jatekoa eta ardaoak be ez dira faltan izan hango kulturan egin daben birea borobilduteko.
Kontzertuak emoteaz gan, musikan sakontzeko aukerea be izan dabe. Pariseko Marani alkarteko kide bik, Frank Kanek eta Craig Schafferek, ikastaro bat emon dabe Kaukasoko musikearen ganean, Polifoniaren Topaketen barruan. Holan ba, kantuak ikasi eta kantetako daukien teknika berezian murgildu dira Maddi Oihenart, Celine Mounole, Kattalin Indaburu eta Philippe Albor. Blogean Mounolek nabarmendu dau tradizino aberatsa daukiela kantuetan. Musikari bakotxa etxe batean egon da eta horrek aukerea emon izan deutse ikusteko familia barruan zelan gordetan daben kantuak ikasteko eta batera kantetako ohiturea.
Georgiarren eta euskaldunen arteko hartu-emonak ez dira barriak. Aurretik musikari georgiarrak Euskal Herrian egon izan dira. Mzetmaze taldea 1999an etorri zan eta Urmuli boskotea 2004ko irailean eta ostera be 2005eko urrian egon ziran. Holan ba, musikari euskaldunak han egon diran bitartean, talde biakaz egon dira.
Egonaldi laburra izan arren, danek esan dabe hartu-emonak sano onak izan dirala, bertako ikusmoldea eta bizimodua ezagutzeko aukera ezin hobea izan dabela. Goxo hartu izan dituela.
Danetara, bost kontzertu emon ditue Oihenart, Mounole, Indaburu kantariek eta Albor musikariak. Irailaren 27an eta 29an Polifonien Topaketetan bertan, Tbilissin. Eurakaz batera Pantxoa Etxegoien joan da eta Topaketetan berbaldia eskaini dau kantu euskaldunen unibersoaren ganera. Era berean, joandakoek be parte hartu dabe topaketetan eta aukerea izan dabe Kroaziako, Tanzaniako, Lituaniako, Italiako eta Saharaz azpiko Afrikako polifonien barri izateko. Izan be, topaketetan 60 etnomusikologo izan dira.
Laukotea ekinean ibili da Georgian. Eta topaketetan parte hartzeaz gan, irailaren 28an, Telavin kontzertua eskaini dabe. Azkenik, irailaren 30ean, Gorin egin eben kantaldia, eta urriaren 1ean, Rustavin. Batera eta bestera ibili diran artean, hango uriez eta inguruaz disfrutau dabe. Euren berbetan, benetan ederrak dira bai uriak bai inguruak.
Aurrera begira Euskal Kultur Elkarteko kideek diasporeagazko hartu-emonak estutu gura ditue. Batetik, AEBetako Nabo alkarteagaz beharrean dabilz egitasmoak aurrera aterateko. Horreen artean dago, ‘Kantuketan’ erakusketea DVDan grabetea eta AEBetara eroatea. Bestetik, Quebeceko euskaldunakaz be hartu-emonetan izaten dira. Eta, azkenik, Hego Ameriketako diasporeagaz be loturea sakondu gura dabe. Izan be, EKEk sarean daukan web orriaren bitartez, Ameriketarako bidea laburtu eta erraztu dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!