Miami vice

Joseba Terreros 2006-09-29 02:00   Zinema kritikak

Sonny Crockett eta Ricardo Tubbs agenteak Miamiko droga trafikatzaileen talde batean infiltrau dira.

Pelikulearen hasikerea interesgarri eta bizia da, zirraragarria, baina, aurrera egin ahala, puztutako globoa zulotu eta amaierara arte ez da hasikeran agindutako interesgarritasun mailara helduko.

- Zuzendaria: Michael Mann.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 134 minutu.
- Antzezleak: Colin Farrell (Sonny Crockett detektibea), Jamie Foxx (Ricardo Tubbs), Gong Li (Isabella), Naomie Harris (Trudy Joplin), Ciarán Hinds (Fujima), Justin Theroux (Zito), Barry Shabaka Henley (Castillo tenientea), Luis Tosar (Montoya), John Ortiz (José Yero), Elizabeth Rodriguez (Gina).
- Gidoia: Michael Mann; Anthony Yerkovich-ek sortutako telesailean oinarrituta.
- Musikea: John Murphy.
- Argazkia: Dion Beebe.
- Muntaia : William Goldenberg eta Paul Rubell.
- Diseinua: Victor Kempster.
- Jantziak: Janty Yates eta Michael Kaplan.

Sonny Crockett eta Ricardo Tubbs agenteek Miamiko polizian egiten dabe behar, jokoaren eta drogearen kontrako sailean, eta droga trafikatzaileen talde batean infiltrau dira, hiru hilketaren egilea nor dan ikertzeko. Kasuaren garrantziak benetako identidadea eta identidade faltsua nahastetea ekarriko dau, eta benetako polizien eta delitugileen izakerek bat egingo dabe.

Mann zuzendari ezagunak jatorrizko telesailaren mugak albo batera itxi, azaleko ezaugarri nagusiei eutsi eta ekintza film entretenigarria egin dau, narkotrafikoaren inguruko gorabeherek ondo be ondo horniduta. Pelikulearen hasikerea interesgarri eta bizia da, zirraragarria, baina, aurrera egin ahala, puztutako globoa zulotu eta amaierara arte ez da hasikeran agindutako interesgarritasun mailara helduko. Alde horretatik, pelikulea nahiko gorabeheratsua da.

Bestalde, gidoi txukun batek eta antzezleen jardun onak laguntzen deutsie, bai eta girotze lan egokiak be. Ez da aparteko lana, ez dau gauza barririk opesten, baina lanbide hau ondo baino hobeto ezagutzen dauen zuzendari batek atondu dauela igarten da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu