The break-up
2006-09-26 02:00 Zinema kritikakEzin esan leiteke honako hau komedia erromantiko bat danik, batetik bape barrerik eragiten ez dauelako eta, bestetik, erromantikotasuna inon be igarten ez dalako.
- Zuzendaria: Peyton Reed.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 105 minutu.
- Antzezleak: Vince Vaughn (Gary Grobowski), Jennifer Aniston (Brooke Meyers), Joey Lauren Adams (Addie), Ann-Margret (Wendy Meyers), Jason Bateman (Riggleman), Judy Davis (Marilyn Dean), Vincent D'Onofrio (Dennis Grobowski), Jon Favreau (Johnny O), Cole Hauser (Lupus Grobowski), John Michael Higgins (Richard Meyers), Justin Long (Christopher), Peter Billingsley (Andrew).
- Gidoia: Jeremy Garelick eta Jay Lavender; Vince Vaughn, Jeremy Garelick eta Jay Lavender-en argumentu batean oinarrituta.
- Musikea: Jon Brion.
- Argazkia: Eric Edwards.
- Muntaia: David Rosenbloom eta Dan Lebental.
- Diseinua: Andrew Laws.
- Jantziak: Carol Oditz.
Komedia erromantikoak bape aldatu ez dan eredu baten arabera garatu ohi dira: mutil erakargarri batek neska ederra ezagutu, biak maitemindu, geroago gauzak apur bat okertu eta azkenean dan-dana ezin hobeto amaitzen da. Baina, zer jazoten da neska eta mutila neka-neka eginda etxeratzen diranean lan egun gogor baten ostean? Urte gitxi batzuk ezkonduta emon ostean, Gary-k (Vince Vaughn) eta Brooke-k (Jennifer Aniston) neurriz kanpoko sesino gogor bat euki dabe; horrek bikotea apurtu egingo dau.
Halantxe aurkeztu badeuskue be, hasteko eta behin, ezin esan leiteke honako hau komedia erromantiko bat danik, batetik bape barrerik eragiten ez dauelako eta, bestetik, erromantikotasuna inon be igarten ez dalako. Pelikuleak erakargarritasun osoa galtzen dau lehenengo minutuetatik hasita: personaiak ez dira interesgarriak, antzezleen jarduna ez da bape ona eta gidoiari ezin jako inondik be oratu.
Seguru antzean, hiru faktore horreek alkarreri eragin eta ez dago jakiterik zein dan emoitza kaskar honen errudun nagusia. Edozelan be, argi dago gidoia eta istorioa bera ez dirana abiapunturik onena, eta horrek film osoa kutsatu dauelakoa daukat. Erritmoa apal-apala da, kontakizunak ez dauka ezelako jakingarritasunik eta, ganera, antzezleen jarduna filma baizen sinisgatxa da. Azken batean, lan makal, indarge eta tristea da, eskasa, benetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!