The wind that shakes the barley

Joseba Terreros 2006-09-19 02:00   Zinema kritikak

Kean Lochek Ingalaterran polemika bizia sortu eragin dauen film bat ekarri deusku, baina, errealismo gordinari oratuta be, neurri batean, behinik behin, albo batera itxi dau bere ohiko estilo legor, hotz eta bilozia, girotze nahiz apaintze lanari garrantzi handiagoa emonez.

- Zuzendaria: Ken Loach.
- Herrialdeak: Irlanda, Erresuma Batua eta Alemania.
- Iraupena: 124 minutu.
- Antzezleak: Cillian Murphy (Damien), Padraic Delaney (Teddy), Liam Cunningham (Dan), Orla Fitzgerald (Sinead), Mary O'Riordan (Peggy), Mary Murphy (Bernadette), Roger Allam (Sir John Hamilton), Laurence Barry (Micheail), Damien Kearney (Finbar), Frank Bourke (Leo), Myles Horgan (Rory), Martin Lucey (Congo).
- Gidoia: Paul Laverty.
- Musikea: George Fenton.
- Argazkia: Barry Ackroyd.
- Muntaia: Jonathan Morris.
- Zuzendaritza artistikoa: Fergus Clegg.
- Jantziak: Eimer Ní Mhaolddomhnaigh.

Irlanda, 1920an. Hainbat herritar batu dira Black and Tans maltzurrei eta britainiar soldadu okupatzaileei aurre egiteko. Damien-ek etorkizun handiko osagile karrerea bertan behera itxi eta Teddy anaiagaz bat egingo dau, askatasunaren aldeko burruka arriskutsu eta bortitzean. Irlandarren burrukeak britainiarrak estutu eta egoera larrira ailegaukeran, alderdi biek gerrea amaitzeko itun bat izenpetzeko erabagia hartuko dabe. Orduan, gerra zibila piztu, britaniarren kontra alkarregaz jardun daben familiak hausi eta irlandarren arteko odola isuriko da.

Ken Loach zuzendaria oso ezaguna dogu geure artean, orain arte egin dauzen lan konprometitu indartsuak eta jorratu dauzen gai eztabaidagarriak dirala eta. Oraingoan be Ingalaterran polemika bizia sortu eragin dauen film bat ekarri deusku, baina, errealismo gordinari oratuta be, neurri batean, behinik behin, albo batera itxi dau bere ohiko estilo legor, hotz eta bilozia, girotze nahiz apaintze lanari garrantzi handiagoa emonez. Alde horretatik, eszena batzuetako gogortasuna gorabehera, pelikula hau aurrekoak baino fin eta dotoreagoa da, jantziago dago.

Bestalde, Ken Loach film honetan be ez da erdibidean geratu; jarrera zehatz bati heldu eta argi baizen zorrotz heldu eragin deusku berak aukeraturiko mezua: neba-arreben arteko gerren zentzunbakokeria. Horregaz batera, britainiar inperioak Irlandan eragindako zapalkuntza ikaragarria –ingelesak hainbat haserratu dauzena– eta gizarte bardintasunaren aldeko jarrerak agertzen dira, baina istorioaren alderdi gizatiarra ahaztu barik. Hau da, apur bat finduta, baina honako hau betiko Ken Loach ikusteko aukera ezin hobea da. Seguru antzean, ikutu barritzaileak baztertu barik, orain arteko estiloari erakutsitako fidaltasunagaitik eta filmaren sendotasunagaitik emon eutsien Canneseko Urrezko Palmondoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu