Bapatean Bizkaia

Inaki Aurrekoetxea 2006-09-18 02:00   Bertsolaritzea

'Bapatean Bizkaia'. Lelo hori aukeratu dabe antolatzaileak aurtengo txapelketearen ikur legez. Igerrian dago Txapelketa Nagusiko marketin arrakastatsuak ondorenik badakarrela, eta Bizkaian be, bertsozaleengana bereziki eta eretxi publikoarengana orokorrean, erakargarri izateko esperantzaz abiatu dala txapelketea.

Txapelketa Nagusiaren oihartzunak ondino amatau ez dirala, bapatean Bizkaia. Jaurerriko txapelketearen txanda dator, udabarrian Eskualdeetako Txapelketakaz motorrak berotu ostean, udagoieneko azken txanpeari ekiteko prest. Eta horretarako zer hobeto bere burua behar dan moduan aurkeztea baino: Bapatean Bizkaia. Lelo hori aukeratu dabe antolatzaileak aurtengo txapelketearen ikur legez. Igerrian dago Txapelketa Nagusiko marketin arrakastatsuak ondorenik badakarrela, eta Bizkaian be, bertsozaleengana bereziki eta eretxi publikoarengana orokorrean, erakargarri izateko esperantzaz abiatu dala txapelketea. Bapatean Bizkaiari toketan jako, eta bapatean Bizkaia osoa zeharkatuko dauen bidaia hasi dogu, eta zelan ez, Bizkaia entzun egingo dogu, bapatean.

Udagoienean bost kanporaketa jokatuko dira urriaren 8an hasita, ostean hiru finalaurreko, eta finala abenduaren 16an, Bilboko Euskalduna Jauregian. Barritasunik badago aurten. Nagusiena izan leiteke Bizkaiko Txapeldun barria ezagutuko dogula. Igor Elortzak eta Unai Iturriagak ez dabe izenik emon aurten, eta beraz segurua da txapela lehenengoz jantziko dauela bururen batek. Txapelketea gaztetu be egingo da, bertsolarietatik hasi (parte-hartzaile barri asko dago), eta gaijartzaile eta epaile taldeetan amaituta. Laguntzinoari jagokonez, Foru Aldundia, BBK eta saioak jokatuko diran herrietako udaletxeak ez eze, Bizkaiko Txakolinak be bat egingo dau txapelketeagaz. Kontua da Bizkaiko txakolinaren enbaxadore aukeratu dabela aurten Bizkaiko Bertsozale Elkartea, eta horregaz batera alkarlanerako hitzarmena sinatu dabela bi alkarteek.

Bost kanporaketak zeintzuk izango diran badakigu. Fase honetatik bost irabazleak eta puntuazino altuena daukien zazpi bertsolariak sailkatuko dira finalaurreetarako, eta bertan aurreko edizinoko sei finalista izango dabez zain: Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue, Igor Muniategi eta Fredi eta Xabier Paya.

- Urriaren 8an, Zamudioko Kiroldegian, 17:30etan: Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo, Gorka Ostolaza, Amaia Uribe, Miren Ibarluzea eta Mikel Galarza.

- Urriaren 15ean, Sestaoko Musika Etxean, 17:30etan: Joseba Artza, Itxaso Paya, Iñaki Iturriotz, Ander Elortegi, Lander Ibarluzea eta Peru Vidal.

- Urriaren 22an, Arrigorriagako Lonbo aretoan, 17:30etan: Oihana Bartra, Jon Barrocal, Jon Unanue, Jabier Olibares, Urtzi Urrutikoetxea eta Olatz Ibarluzea.

- Urriaren 29an, Igorreko Kultur Etxean, 17:30etan: Onintza Enbeita, Eñaut Intxaurraga, Iker Belaustegi, Ekaitz Larrazabal, Joseba Goienola eta Gorka Lazkano.

- Zemendiaren 5ean, Aulestiko pelotalekuan, 17:30etan: Oihane Enbeita, Juanjo Respaldiza, Matxalen Zabaljauregi, Ibon Ajuria, Ander Oleaga eta Lander Gabixola.

Gero arte

Finalaurrekoak Gernikan (zemendiaren 19an), Getxon (zemendiaren 26an) eta Durangon (abenduaren 3an) jokatuko dira. Txapelketako barritasunak aitatu doguz, eta horrek hau idazten dauanari be eragiten deutso. Epaile taldean nago aurten, eta horrek, beste batzuren artean, txapelketearen inguruan diskrezino osoa mantentzea eskatzen dau. Ezin izango deutsuet beraz Bizkaie!-ko irakurleei txapelketearen barri gehiago emon. Aldaketea egiteko atxaki ona emon deusku txapelketeak, eta gauzak holan Gorka Intxaurbe arratiar bilbotartuak hartuko dau nire lekukoa, Bizkaie!-k zuori txapelketearen eta orokorrean bertsolaritzearen barri emoten segidu dagian. Atal hau be gaztetuko da beraz. Neure partetik Gorkari suberte ona opatu eta Bizkaie!-ri eskerrak emotea, batetik bertsolaritzeari etenik barik atal duina eskaintzen deutsolako, eta bestetik honeetan urteetan neuri eskaini deustan tartetxoagaitik. Gustura ibili naz eta ez dot hau betiko despedidatzat hartu gura, ezta gitxiago be. Bizkaieraz idazten segiduko dot, euskerearen normalizazinoan geure aletxoa iminten dogula sinistuta, eta jente gehiago animetako ardurea hartuta. Horrek ezinbestean lotzen nau Bizkaie!-ra, irakurle moduan gitxienez. Ez dodaz inondik ahaztu gura tarte honen irakurle fidelak izan zarienak, zuen barri jakitea izan dalako ardurea gogotsu betetako motibazino handiena. Esandakoak esanda, gero arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu