Kinky Boots
2006-09-15 02:00 Zinema kritikakZapatagintzako lantegi zaharra salbetako ahaleginetan, film honetako protagonistek ‘drag queen’-entzako botak egiteko erabagia hartuko dabe eta hori guztiori Ingalaterrako herri txiki eta konserbadore baten testuinguruan.
- Zuzendaria: Julian Jarrold
- Herrialdea: Ingalaterra.
- Iraupena: 107 minutu.
- Antzezleak: Robert Pugh, Kellie Bright, Ewan Hooper, Stephen Marcus, Mona Hammond, Joel Edgerton, Jemima Rooper, Nick Frost, Chiwetel Ejiofor, Leo Bill, Gwnllian Davies, Linda Bassett eta Sarah Jane Potts.
- Gidoia: Geoff Deane eta Tim Firth.
- Musikea: Graeme Revell.
- Argazkia: Adrian Johnston.
- Muntaia: Emma E. Hickox.
‘Kinky Boots’ benetako istorio batean oinarrituta dago, baina, kontakizuna egiazko jazokeretatik atarata egonagaitik be, nahiko sinisgatxa da, eta igartuta, tximurtuta-edo balego lez agertzen jaku. Zapatagintzako lantegi zaharra salbetako ahaleginetan, film honetako protagonistek ‘drag queen’-entzako botak egiteko erabagia hartuko dabe eta hori guztiori Ingalaterrako herri txiki eta konserbadore baten testuinguruan.
Nahiko pelikula zehaztubakoa da, batzuetan komediaren ildotik abiatuko da eta handik hiru minutura drama bat ikusten zabilzala emongo dau, baina melodrama orekatuaren bidezidor interesgarritik igaro barik. Halanda ze, umorearen ildoa jorratzen dauenean, ez dau aparteko barre algararik sortu eragiten eta, dramearen bideari lotzen jakonean, ezin da benetakotzat edo ganorazkotzat hartu: erdibide mugabakoan geratzen da, noraezean. Ganera, sentimentalismo merke baten sundea dario, jentearen alkartasun eta ontasun neurribako baizen guzurrezkoari estu-estu oratuta.
Dana dala, erraz be erraz ikusten diran film horreetariko bat da eta Chiwetel Ejiofor-ek Londresko ‘drag queen’ apurtzailearen zereginean beteten dauen protagonista nagusiaren jarduna egokia da. Ez zarie gogaituko, baina ez da ez ardao ez ur.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!