John Martin, argia ilunean
2006-09-13 02:00 KultureaJon Martin oiartzuarrak IX. Igartza beka irabazi barri dauela-ta, izen bereko artista handi bategaz akordau eta konturatu gara ez dogula horren gainean berba egin orrialde honeetan; pekatua ia-ia, kontuan izanda artista horrek erakusketa interesgarria daukala Bilbon, Arte Eder Museoan.
Jon Martin oiartzuarrak IX. Igartza beka irabazi barri dauela-ta, izen bereko artista handi bategaz akordau eta konturatu gara ez dogula horren gainean berba egin orrialde honeetan; pekatua ia-ia, kontuan izanda artista horrek erakusketa interesgarria daukala Bilbon, Arte Eder Museoan.
John Martin XVIII-XIX. mendeetako grabatzailea izan zan. Erakusketan irudi bibliko ikaragarriak agertzen dira, Jaungoikoaren eta Deabruaren atzetik doazen jendetzakaz, danak be arkitektura ikusgarrietan bilduta eta eszena apokaliptikoz eta iluntasunez beteta; duda barik, grabadu horreek mendebaldeko mundu-ikuskerearen oinarrietako bat osotzen dabe, eta, adituek dinoenez, Cecil B. de Mille eta David W. Griffith zinegileak koadro horreetan oinarritu ziran ‘The ten commandments’ edo ‘Intolerance’ filmetako eszenografia handiak egiteko.
Bilboko Arte Eder Museoko erakusketan Martinen 76 lan dagoz ikusgai. Kalkuluen arabera, artista ingelesak 200 bat grabadu egin zituan bere bizitza osoan, eta, horreetatik, bildumarik garrantzitsuena aukeratu dabe Bilbon erakusteko. William Blake eta William Turner artista handien garaikidea izan zan, baina John Martinen ospea handiagoa izan zan. Gero, ia mende batez, XX. mendeko 30eko hamarkadara arte, bere obrea gitxietsita egon zan; izan be, melodramatiko, sensazionalista eta arruntzat egoan hartuta. Halaxe iruditu jakon, behintzat, XIX. mendeko kritikari ingeles garrantzitsuenari, John Ruskini.
Edozelan be, 1789an Haydon Bridgen jaio eta 1854an Man ugartean hildako John Martinek sekulako arrakastea lortu eban bizi zan artean, Biblian oinarritutako irudi piktorikoei eta estanpei esker, eta, batez be, John Milton poetearen ‘Paradisu galdua’ liburuan oinarritutako eszenei esker. Grabaduaren teknikak erabiliz (maisua izan zan horretan), Frantzia, Alemania eta AEBetan be egin zan ezagun, eta bere olio askoren estanpak be egin zituan, eukan arrakastea aprobetxauta. Ondorioz, argi eta garbi esan daiteke John Martin Europako Errenazimentuko izen mitikoenetakoa dala. Hori kontuan hartuta, bitxia da gure artean ez izatea bape artista ezaguna.
John Martin ‘sublimetasunaren estetikeak’ euki dauen artistarik aitagarrienetakoa izan da, eta kontzeptu hori ‘modu baltza’ edo ‘mezotinta’ teknikearen bitartez landu eban. Teknika horregaz, erabateko baltzetik abiatuta, eta argi-ikutu zehatzak emonez forma eta objektuei, zuriuneak nabarmendu behar dira, azkenean gura dan irudia lortu arte. Modu horretan egin zituan Martinek hain ezagunak egin diran grabaduak: lan horreetan, giro iluna nagusi (oso nagusi) izan arren, argiak ikaragarrizko indarra dauka, eta harrigarria da ikustea zelan lortzen zituan holako kontraste handiak, itxuraz guztiz baltza dan eszena batetik. Baina bai, kontrasteak egon badagoz, eta argia izugarria da Bilboko Arte Eder Museoko erakusketa honetan, paradoxikoa emoten badau be. Erakusketaren izenburua ez da alperrik ‘Iluntasun ikusgarria. John Martin 1789-1854’: bai, iluntasuna ederto ikusten da John Martinen lanotan, eta argiak, batzuetan, min be egiten dau, hain da erabatekoa, erabateko baltzaren erdian.
Artista erromantiko honen irudi apartek inpaktu handia sortu eben bere sasoiko publikoarengan. Oin gu inpaktau eta harritzeko momentua heldu da. Espainiako Kalkografia Nazionalak antolatu dau aitatzen gabiltzan erakusketa hau, eta erakunde horretako Javier Blas zuzendariordearen eretxiz, ‘artista ingelesaren gainean inoz egindako erakusketarik osotuena da’ egunotan eta urriaren 1era arte Bilbon ikusgai daukagun hau. Harritu eta ‘argitu’ gaitezan, ba.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!