Digestino arazoak eta jateko ohiturak
2006-09-08 02:00 Jan edanakUdea ia pasau da, oporrak amaitu dira eta eguneroko zereginei aurre egin behar deutsegu. Jesarrita eta trankil bazkaltzeko sasoi onak amaitu dira. Lanak eta estresak ezarritako erritmoak zuzen-zuzenean eragingo deutso gure digestino-aparatuari.
Udea ia pasau da, oporrak amaitu dira eta eguneroko zereginei aurre egin behar deutsegu. Jesarrita eta trankil bazkaltzeko sasoi onak amaitu dira. Daroagun bizimodu arinegian, gero eta gehiago dira egunero etxetik kanpo jaten dabenak, prisaz, askotan zutunik eta jan beharrean iruntsi egiten dabenak. Honegaz batera elikadura desorekatua dator: koipetsuegiak eta zuntz gitxi daukien jatekoak (prijiduak eta orio nahiz koipe gehiegi daukienak), saltsaz hornidutakoak (esnegaina, gaztaia, maionesea...), ongarri ugari daukiezan jatekoak, garratzegiak edota gozoegiak eta burbuiladun edari freskagarriak. Horrezaz gainera, janarien ordutegia zorrotz beteten ez badogu (berbarako, gaur armozau ez, bihar bazkaria berandu jan, etzi sekulako afaria...), desoreka horren fakturea gure digestino-aparatuak ordainduko dau.
Hori dala eta, digestino astunak eta txarrak, sabeleko minak, haize-minak eta bestelako digestino-arazoak sortzen edo ugaltzen dira. Gehiegikeria luzaroan egiten badogu, elikadureagaz loturiko patologiak (gatx kardiobaskularrak, diabetesa, hipertentsinoa, loditasuna, gastritisa eta ultzerea...) agertu edo garatzeko arriskua gero eta handiagoa izango da.
Haize-minak
Sarritan, jateko ohitura txarrek aerofagia eragiten dabe, aire larregi irunsten dogulako. Irunstaldi bakotxean aire apur bat sartzeak ez dau arazorik sortzen; baina aire kopuruak muga normala pasetan dauenean, distensinoa sor daiteke, korrokadak, haizeak, hesteen distentsioaren eraginez tripako mina izatea, itolarria eta eztarrian zeozer trabau jakunaren sentsazinoa. Aerofagia izateko arrisku handiagoa izaten da sufleak, merengeak eta edari karboniko eta burbuiladunak hartu ezkero; eta, zelan ez, prisaz, larregi eta digestino gatxeko elikagai karbohidratotan aberatsak eta oso onduak jan ezkero; jatorduetan larregi edan ezkero; eta, baita, urduri eta ansiedadeagaz gagozanean be.
Meteorismoa hesteetako haize-minari esaten jako. Sarritan pasetan da; hesteetan airea pilatzearen ondorioz sortzen da, gehienetan heste lodian edo kolonean. Horrek ondoeza, mina eta heste-mina eragiten ditu, erretentzinoa eta distentsinoa egon dan gunearen arabera ezkerreko edo eskumako aldean. Ondoezaz gan, meteorismoaren beste ezaugarri bat ondestetik haize larregi, hau da, uzker larregi botatea da eta persona askorentzat arazoa eta kontsultarako arrazoia izaten da hori.
Digestinoa errazteko aholku batzuk
- Iges egin priseari, jateko behar adina denpora hartzea komeni da eta beti jesarrita jan. Jateko mahaia edo gunea prisarik barik preparau, astiro jan, otordu bakotxerako, gitxienez, 15-20 minutu hartu.
- Elikagaiak ondo mamurtu, jatekoak txistuagaz ondo nahastauta: holan, digestinoa ahoan bertan hasiko da eta digestio-prozesua erraztuko dogu.
- Tripea eta hesteetako mukosea irriteteaz gan, azidotasuna areagotzen daben ongailuak (espezia sendoak, jateko garratzak, mostazea...) ez erabili. Ongailu edo gozagarri horreek erabili beharrean, digestinoa egiten laguntzen daben bedar usaintsuak be erabil geinkez (anis-aleak, txarpoila, mihilua, ezkaia, salbia, kuminoa, kardamomoa…). Era berean, kamamila, elorri zuria, ezkia, erregaliza edota mihiluzko digestino-laguntzaile diran infusinoak har daitekez.
- Ez da komeni izaten otorduetan bertan edo jan eta berehala edari ugari hartzea, urin gastrikoak disolbidu eta, ondorioz, digestinoa luzatu egiten dalako holan. Baso bat ur edo baso ta erdi nahiko da digestinoa egiteko. Ezer ez edatea, barriz, ez da bape komenigarria, digestioa sikuegia izan ezkero, tripeak ahalegin handiak egin behar ditualako elikagai-boloa mobiduteko eta urin-gastrikoakaz nahastetako.
- Ez jan larregi.
- Ez hartu jan-edari hotz-hotzak zein bero-beroak, elikagai prijiduak, tabakoa, alkohol eta edari kitzikagarri (kafea eta tea) larregi eta azukera gehiegi.
- Ez edan, edo neurriz edan, janariagaz batera edari karbonikorik eta burbuiladunik. Urdaila trankiltzen laguntzen eta betetasuna sentiarazoten dabe. Alkoholdun edariakaz nahastean hartu ezkero, alkoholaren eragina handitu egiten da.
- Jateko eta postre koipetsuegiak aukeratzeko tentazinoari uko egin: hasieran koipe edota kaloria askodun jatekoa hartu ezkero, bigarrenerako plantxan egindakoa edota errea aukeratu. Beti jan zeozer berdea: ensaladea, barazkiak edota hornidura legez. Postrea: fruta freskoa edo esneki garbia: jogurta, gaztai freskoa edo mamia.
- Jogurtak daukazan bakterioek hesteetako flora orekatzen laguntzen dabenez, jateko ona da eta egunean gitxienez bat hartzea komeni da.
- Ez oheratu otordua amaitu eta berehala. Etxun aurretik urdaila zenbat eta hutsago egon, orduan eta hobeto.
Estresa digestino-aparatuko gatxen oinarria be bada. Ikerlan ugarik estresa eta urdail-hesteetako gatxak (ultzerea, gorako eta beherakoak, gastritisak...) lotzen dabez. Beraz, elikadura ona egiteaz eta gure aholkuak jarraitzeaz gain, bizimodu trankilagoa egin.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!