Alatriste

Joseba Terreros 2006-09-05 02:00   Zinema kritikak

Alatristeren ganeko liburuak irakurri dabezanei interesauko jakena jakin arren, hemen ez gara eztabaidatzen hasiko film hau zelan egokitzen jaken jatorrizko liburuei; hori bai, ez dago dudarik pelikula honetako argumentuak sinisgarritasuna daukana.

- Zuzendaria: Agustín Díaz Yanes.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 147 minutu.
- Antzezleak: Viggo Mortensen (Alatriste), Elena Anaya (Angélica de Alquézar), Javier Cámara (Olivareseko konde dukea), Jesús Castejón (Luis de Alquézar), Antonio Dechent (Garrote), Juan Echanove (Francisco de Quevedo), Eduard Fernández (Copons), Francesc Garrido (Saldaña), Ariadna Gil (María de Castro), Enrico Lo Verso (Malatesta), Cristina Marcos (Joyera), Eduardo Noriega (Guadalmedinako dukea), Blanca Portillo (Bocanegra), Unax Ugalde (Íñigo Balboa).
- Gidoia: Agustín Díaz Yanes; Arturo Pérez-Reverteren nobeletan oinarrituta.
- Musikea: Roque Baños.
- Argazkia: Paco Femenía.
- Muntaia: Pepe Salcedo.
- Zuzendaritza artistikoa: Benjamín Fernández.
- Jantziak: Francesca Sartori.

Alatristeren ganeko liburuak irakurri dabezanei interesauko jakena jakin arren, hemen ez gara eztabaidatzen hasiko film hau zelan egokitzen jaken jatorrizko liburuei; hori bai, ez dago dudarik pelikula honetako argumentuak sinisgarritasuna daukana, sarri, eszenetan erabilten dan kolorea dala-eta lar ilun, goibel eta triste agertuagaitik be.

Bestalde, zuzendariak asmau dau XVI. gizaldiko gizarte testuinguruari beharrezko arretea imini eta abentura kontakizun hutsa albo batera itxikeran. Horrek ez dau esan gura burruka tarteak eta koreografiak txarrak edo urriak diranik; ez, alde horretatik be filmak ondo be ondo beteten dau ikus-entzuleak entretenitzeko beharra, bihotza bizkortzen daben hainbat unekada hunkigarri eta ziragarri opesten dauzalako.

Azkenik, antzezleen jardunaren ganean egin behar da berba, horixe da-eta pelikula honetako gauzarik aitagarrienetariko bat. Filma antzezle bikainez horniduta dago eta hori igarri egiten da, baina, nor edo nor azpimarratzekotan, niri, behinik behin, itzel gustau jat Elena Anayak eta Unax Ugalek osoturiko bikote zinematografikoaren lana. Viggo Mortensen-en beharra ona izan arren, azentuan sumatzen diran gorabeheratxuek zelan edo halango ikutu sinisgatx eta desitxuratzailea emon deutsie personaiari.

Laburbilduz, ‘Alatriste’ entretenimentu egokia da; batzuetan gris eta geldo agertuko jatzue, baina istorio koherente eta sendoa da. Beharbada, akatsik handiena zera da: protagonistearen bizimoduagaz bat ez etorren amaierea irudikatu izana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu