La noche de los girasoles

Joseba Terreros 2006-08-31 02:00   Zinema kritikak

Thriller honetako ardatza arrazoi bako indarkeria da, tramako personaia nagusi guztien barri emoteko erabilitako ataletan modu batera edo bestera azaltzen dana.

- Zuzendari eta gidoilaria: Jorge Sánchez-Cabezudo.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: Carmelo Gómez (Esteban), Judith Diakhate (Gabi), Celso Bugallo (Amadeo), Manuel Morón (Vendedor), Mariano Alameda (Pedro), Vicente Romero (Tomás), Walter Vidarte (Amós), Cesáreo Estébanez (Cecilio), Fernando Sánchez-Cabezudo (Beni) eta Petra Martínez (Marta).
- Musikea: Krishna Levy.
- Argazkia: Ángel Iguacel.
- Muntaia: Pedro Ribeiro.
- Zuzendaritza artistikoa: Diego Modino eta Alberto Sánchez-Cabezudo.
- Jantziak: Silvia García-Bravo.

Pedro (Mariano Alameda) eta Esteban (Carmelo Gómez) Gaztelako eremu menditsu batera ailegau diran espeleologo bi dira; euren zeregina basoan topauriko kobazulo bat aztertzea da, interes zientifikoa daukan ala ez zehaztu ahal izateko. Hareekaz batera, Gabi (Judith Diakhate) joan da, Estebanen emaztegaia. Espeleologoek beharra amaitu eta kobazulotik urtekeran Gabi izu-ikareak jota ikusiko dabe.

Thriller honetako ardatza arrazoi bako indarkeria da, tramako personaia nagusi guztien barri emoteko erabilitako ataletan modu batera edo bestera azaltzen dana. Azken batean, ‘La noche de los girasoles’ filmean persona talde bitxi baten engainuak, miseriak, guzurrak eta sekretuak ostentzeko jokabidearen nondik norakoak agiri dira, eta hori guztiori desagertzen doan landa eremu hotz baizen erakargarri batean jazoten da.

Pelikula honek sei kapitulutan banatzen dau narrazinoa, atal bakotxa tarte horretako protagonista nagusiaren bitartez izentauz. Istoria, beraz, ez da lineala, eta horrek nahiko astuntzen dau berez behar baino luzeagoa dan kontakizuna. Ganera, behin be ez deutso eusten thriller batek euki beharreko tentsinoari, beharbada atalkatze horrek erritmoa hartzeko aukerea galarazoten deutsolako. Hori bai, bildur, susmo, mendeku eta diru-goseak jotako personaiak topauko dozuez, baina, zoritxarrez, filmean azaltzen dan guzti-guztia askoz be lehenagotik aurreikusiko dozue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu