‘Gora Vasco, milonga de temple y carretilla’

Iratxe Ormatza 2006-08-29 02:00   Euskaldunak munduan

Horixe da Santa Cruzen filmau daben dokumentalaren izena. Roberto Arizmendik Guillermo Isidore Larregiren balentria filmau barri dau, eta orain Argentinan eta Txilen be erakutsiko dau. Arizmendiren amesa da gerora Euskal Herrira be ekartea.

Horixe da Santa Cruzen filmau daben dokumentalaren izena. Roberto Arizmendik Guillermo Isidore Larregiren balentria filmau barri dau, eta orain Argentinan eta Txilen be erakutsiko dau. Arizmendiren amesa da gerora Euskal Herrira be ekartea.

Larregik egin ebana ezaguna da Argentina osoan. Apustua egin eban orgatilea hartuta Piedra Blancatik (Santa Cruz probintzia, Patagonia) Buenos Aireseraino joango zala, handik hiru mila eta laurehun bat kilometrora. 1935ean, apustua egin eta ibilaldia bete eban. Bien bitartean, egunkariek ibilaldiaren barri emon eben. Horren harira egin dabe pelikulea. Euskal Herrian Larregiren ibilaldien ganera liburua idatzi eban Txema Urrutiak: ‘El vasco de la carretilla’, Txalapartak argitaratua.

Ez zan izan Larregik egin eban ibilbide bakarra, gerora, Coronel Pringlesetik (Buenos Aires) La Quicaraino (Jujuy, Boliviako mugan) joan zan. Hirugarrena, Buenos Airesetik Santiagoraino (Txile), eta azkena, Buenos Airesetik Puerto Iguazuraino. Lehen ibilaldia izan zan entzutetsuena, orduan egin zan ezagun ‘El Vasco de la Carretilla’ moduan, berak bere burua aurkezteko modua zan eta. Apustua bete eban berbea emon ebalako, eta hori euskalduntzat joten eban. Halanda be, argentinarren artean burugogorra be bazala zabaldu zan, eta hori be euskaldunen ezaugarritzat joten dabe.

Roberto Arizmendi zuzendariaren berbetan, pelikuleagaz, Larregiren balentria eta nor zan gogoratu gura dabe. Baina horregaz batera akordura ekarri gura dabe berrogeta hamar urte beteta egin ebala ha dana, eta, halan ba, benetan edadea ez dala horren garrantzitsua, geuk gure egitasmoen adina daukagula.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu