Infusinoak

Amaia Laforga Dietetika Eta Gizaki Elikaduran Diplomaduna 2006-08-28 02:00   Jan edanak

Infusinoak kamamila, menda, te eta ezki-uragaz bakarrik identifiketea lehenaldiko kontua da. Osatze-propiedadeakaitik ez eze, gero eta gehiago dira era guztietako infusinoak hartzen dabezanak: lasaigarriak, bizkorgarriak, digestinoa laguntzekoak, argaltzekoak, diuretikoak, idorreria ebitetakoak, gibela garbitzekoak, arnasketa hobetzekoak...

Infusinoak kamamila, menda, te eta ezki-uragaz bakarrik identifiketea lehenaldiko kontua da. Osatze-propiedadeakaitik ez eze, gero eta gehiago dira era guztietako infusinoak hartzen dabezanak: lasaigarriak, bizkorgarriak, digestinoa laguntzekoak, argaltzekoak, diuretikoak, idorreria ebitetakoak, gibela garbitzekoak, arnasketa hobetzekoak... Infusinoen eraginen zerrendea amaierarik bakoa da.

Aurreko artikuluan azaldu genduan infusinoak hartzea fitoterapia modu bat dala; izan be, botika askoren oinarri eragileak sustrai, lore, orri edota fruituetatik ataraten dira eta eragin horixe bera infusinoak hartuz lor daiteke. Sendabelarrak hartzeari jagokonez, tartea nahikoa zabal izan arren, norberaren osasun egoera eta ganerako gorabeheren arabera, infusio batzuek kontrako emoitzak be sortarazo leikiez.

Infusinoa egiteko, irakiten dagoan ura gura dogun landareari gainera bota behar deutsagu eta gero apur baten geldi itxi. Sikatuta dagozan bedarrak erabili behar dira, urik ezean printzipioak kontzentratuago egongo baitira. Infusinoak tapetea komeni da, printzipio sendagarriak ez lurruntzeko.

Digestinoa laguntzeko infusinoak

Kamamila da gaur egun digestinoa laguntzeko hartzen diran landareetan erregina, multzo horretan beste hamaika espezie be egon arren: anisa, menda, txortaloa, mihilua, kuminoa, kanela, berbena limoi-usaina, erregaliza eta bestelakok. Landareak alkarren artean konbinauta, sarritan efektuak biderkatu egiten dira. Gosea zabaltzeko edo digestio mantsoak azkartzen dabezanak mahain jesarri baino ordu erdi lehenago hartzea gomendatzen da.

Anisa, kamamila, mihilua, menda eta antzeko infusinoak bero hartu behar dira, propiedadeetako batzuk euren orio esentzialetan dagozalako. Orio horreek, infusinoa hotzitukeran lurrundu egiten dira. Erregalizak ultzerak osatzen dituala frogatua dago; landare mikatzek (boldoa, orburua etab.) gibel eta behazuneko sekrezinoa areagotzen dabenez, gantzak digeriduten laguntzen dabe. Betekaden ostean hartu ezkero, emoitzak errazago igarriko dozuez.

Infusino laxante eta diuretikoak

Landare diuretiko eta laxanteek ez dabe gorputzeko gantzetan efekturik sortzen. Ura eta elektrolitoen galera edo kaka darriago egitearen ondorioz, pisua edo bolumena galduko dogu landare horreek hartu ondoren, baina gantza ez da ezelan be baztertzen; edozelan be, medikuaren aginduz hartzea komeni da. Desoreka elektrolitikoak eta potasio galerak eragiten dabezanez, ez da komeni egunero edo sarri-sarri hartzea, batez be, pazientea botika antiarritmikoak edo kardiotonikoak hartzen dagoanean. Beste aldetik, kontroletik kanpo infusino diuretikoak erabiliz gultzurrun, bihotz edo hormonetan kausa daukan likido atxikipenagaz loturiko osasu-arazoa bat ezkutau leike.

Landare laxanteak kasia, frangula, azal sakratu eta arabarba doguz eta diuretikoak txikori bedar, azeri buztan, ortosifoi eta pilosela.

Infusino lasaigarriak

Eragin lasaigarria daben landareen artean be badira insomnioa, urduritasuna eta narritagarritasuna tratetako efektu motelagoak dabezanak, besteak beste, kamamila, ezki edota laranjondo loreak. Landare horreek berez daben efektu lasaigarriari likido beroa hartzeak eragiten dauen ongizate sentsazinoa eransten jako. Bedar bedeinkatuak, pasiflorak edota elorri zuriak, berbarako, nerbio sistemearen erlajazinoan, garunaren aktibidadean eta bihotz taupaden erritmoan intensidade handiagoagaz eragiten dabe. Holakoetan eta depresinoaren kontrakoak edo antsiolitikoak hartzen egon ezkero, hobe da medikuagaz kontsultetea.

Salmenta libreko fitoterapiako produktuen (baita infusinoak be) kalidade eta osasun kontrola arautu leiken legeriarik ez da sortu oraindino Espainian eta medikuntzan erabilteko landare espeziez osoturiko produktuen erregistroa xedatzen dauen 1973ko urriaren 3ko Agindua baino ez dago. Lege-hutsune horrek gehiegikeria eta iruzur askotarako ateak zabaldu ditu. Aspaldian bizi dogun sendabelarren erabilerea eta komertzioa nabarmen ugaldu danez, Espainiako Osasun Ministerioa lanean dabil alor hori legeztatzeko. Funtsezko aurrerapausua 2004an egin zan, urtarrilaren 28ko 190/04 Aginduagaz. Agindu horretan, toxiko diran berrehun bat landare ezin dira salgai jarri edo muga batzuekaz bakarrik saldu daitekez; adibide argi batzuk peyote, cannabis, edo mandragora doguz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu