Man push cart
2006-08-24 02:00 Zinema kritikakGurdi eroangarri baten barruan kafea saltzen dauen gizonezkoaren ganeko 'Man push cart' film honetan eguneroko bizitzearen arruntasuna agiri da biloz-bilozik, narrutsik.
- Zuzendaria eta gidoia: Ramin Bahrani.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 87 minutu.
- Antzezleak: Ahmad Razvi (Ahmad), Leticia Dolera (Noemi), Charles Daniel Sandoval (Mohammad), Ali Reza (Manish), Farooq "Duke" Mohammad (Duke), Upendran K. Panicker (Noori), Hassan Razvi (Ahmad-en semea).
- Ekoizpena: Ramin Bahrani, Pradip Ghosh eta Bedford T. Bentley III.
- Musikea: Peyman Yazdanian.
- Argazkia: Michael Simmonds.
- Muntaia: Ramin Bahrani.
- Zuzendaritza artistikoa: Charles Dafler.
- Jantziak: Elena Kouvaros.
Film honetan Ahmad-en istorioa kontetan da; pakistandar hau rock izar garrantzitsua izan zan jatorrizko herrialdean, baina orain bizileku barrian, New Yorken, bizimodua atara behar dau Manhattan-en bihotzean kafe eta erroskillak salduz. Diru sarrerak osotzeko, DVD pornoak be saltzen jarduten dau, bere amesetariko bat beteteko, larregi ezagutzen ez dauen semeagaz etxe duin batean biziteko aukerea eukitea. Bizimodu latza eta gogorra da, baina Ahmad-ek apaltasun eta etsipenez egiten deuso aurre.
Gurdi eroangarri baten barruan kafea saltzen dauen gizonezkoaren ganeko 'Man push cart' film honetan eguneroko bizitearen arruntasuna agiri da biloz-bilozik, narrutsik. Ia-ia ez da berbarik egiten, dan-dana gehienon benetako bizitzen ohikeria azaltzearren. Eta horregaitik, beharbada, film hau ikusi eta gero, oso kontuan hartuko dozuez egunean-egunean bizitzea gozagarriago egiten deuskuezan detaile txikerrak: berba atseginak, keinu alaiak, konplizidade irribarreak...
Filma sano monotonoa, begien bistan imini gura deuskun errealidadea baizenbeste; arazoa zera da: Ahmad-en egoerea garratz eta larria izan arren, hotzean pentsauta, ez dala beste gehienonaren aldean hain desbardina. Azken horixe da pelikula independente eta xume honen birtute eta akats nagusia: gure ibilbide labur honen huskeriaren barri emotea gordin-gordin. Eta ez ahaztu honako hau ez dala ondo pasetako filma.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!