Eszenatik mundua aldatu guran

Julen Gabiria 2006-08-17 02:00   Kulturea

1956ko abuztuaren 14an, oin dala 50 urte biribil, Bertolt Brecht idazle alemanak azken arnasa hartu eban Berlinen. Geroztik, bere lana balioa irabazten joan da urterik urte, eta ez dago haren obrea kontuan hartu ez dauen antzerkilaririk.

1956ko abuztuaren 14an, oin dala 50 urte biribil, Bertolt Brecht idazle alemanak azken arnasa hartu eban Berlinen. Geroztik, bere lana balioa irabazten joan da urterik urte, eta ez dago haren obrea kontuan hartu ez dauen antzerkilaririk.

1898ko zezeilaren 10ean jaio zan Augsburgon, aita katolikoa eta ama protestantea eukazan familia batean. Gazterik hasi zan idazten, eta 1914an, artean eskolan ebilela eta enfant terrible famea gainean eukala, bere lehenengo poemak, prosa laburra eta kritika literarioak argitaratu zituan herriko egunkari baten. Gaztetxoa baino ez bazan be, kultura handiko mutila zan, eskolan deskubridu zituan-eta idazle alemaniar klasikoak eta Molière, Shakespeare, Verlaine, Rimbaud, Rilke eta Kipling, besteak beste. Ezin dogu albo baten itxi Biblia be deskubridu ebala sasoi haretan, berak esana da-ta haxe izan zala bere eraginik handiena. Era berean, gazte sasoi haretan hasi jakon teatroagazko interesa pizten.

Eskola urteak pasauta, medikuntza ikastera joan zan Munichera, baina 1914an piztutako Lehenengo Mundu Gerraren ondorioz, osasun arloko soldadu sartu eben Augsburgoko ospitale militar baten, eta horrek indartu egin eban gerraren inguruan eukazan kontrako pentsamentuak. Halanda ze, 1918an, 'Hildako soldaduaren kondaira' poemea idatzi eban, gerrako agintari eta abadeen zinismoa eta arduragabetasuna salatzeko. Gerrea amaituta, medikuntza ikasketetara bueltau zan, baina amaitu barik itxi zituan, eta Berlinera joan zan biziten.

Sasoi haretan, 1918an, bizitza eta sexualidadea goraipatzen zituan “Baal” antzezlana idatzi eban, antzerkirako egin eban lehenengoa. 1923an eszenaratu zan, arrakasta handia lortuz. Gainera, 1920 inguruko urte hareetan, Karl Valentin komikoagaz egin eban behar, eta umore ikutu hori ondo igarten da orduan idatzitako lan askotan. Baina Brechten lehenengo etapa honetako arrakastarik handiena 1922an idatzitako eta 1918-1919ko langileen iraultzetan oinarritutako 'Tanborrak gauean' lana izan zan.

1922an, Marianne Zoff antzerkiko aktore eta operako kantariagaz ezkondu zan, eta haregaz ume bi euki ostean, 1927an, banandu egin ziran. 1929an Helene Weigelegaz ezkondu zan, eta Weigel izan zan bizitza osoan beragaz batera segiduko eban emakumea, erbestean eta alde guztietan.

Literaturan eta antzerkian egindako lanagaz segiduta, 'Uriko oihanean' eta 'Gizona gizona da' aitatu behar dira, biak be 1920ko hamarkadakoak. 1927an 'Etxeko otoitzen liburua' poema bildumea argitaratu eban. Urte hareetan guztietan, Brechtek hartu-emon zuzena euki eban ezkerreko mobimentuakaz, eta idazten zituan lanek kritika sakona egiten eutsien gizarteari. 1928an, 'Hiru pennytako operea' lana idatzi eban Kurt Weill adiskideagaz batera. Lan horrek sekulako arrakastea euki eban 20ko hamarkadako Berlinen, eta, gainera, eragin handiko lana izan zan gero sortuko ziran antzezlan musikaletarako. Handik urte batzuetara, produktore batek lan horren jarraipena egiteko eskatu eutsien, eta adiskide biek 'Amaiera zoriontsua' obrea idatzi eben: Weillek musikea eta Brechtek bertako poemak. Lana ez zan hain arrakastatsua izan eta, alde horretatik, batzuek porrota be izan zala aitatu izan dabe; edozelan be, obra horretako poemen artean, guretzat sano esanguratsua dan 'Der Bilbao-song' ospetsua dago, hainbat eta hainbat bertsino izan dituan abestia, Bilbori eskeinitakoa. Ordainetan, Bilbok ez deutso kale ilun eta ziztrinik be emon idazle alemaniar handiari.

Berlinen emondako azken urteetan, 1933ra arte beraz, Brechten lanetan inoz baino gehiago ikusten da langileakazko konpromisoa eta komunismoranzko hurbilketea. Sasoi haretan, 1932an hain zuzen be, 'Norena da mundua?' filma errodau eban, eta, bertan, krisiak jotako gizarte bati komunismoak ekarri leikiozan onurak erakusten zituan, ironia handiz. Urtebete geroago, naziak poderera heldu ziranean, pelikula hori debekau egin eben, eta 1945era arte egon zan debekatuta. Gainera, idazlearen antzezlan asko be eszenetatik erretirau zituen.

Nazien nagusitasunagaz batera, Brechtek Alemaniatik alde egin behar izan eban, eta seguruenik haren bizitzako zatirik latzena izan bazan be, orduantxe idatzi zituan, kritikarien eritxiz, obrarik onenak. Erbeste mobidua izan eban: Berlin itxi eta, Praga, Viena eta Zurich pasau ostean, Danimarkara heldu zan, bost urte emoteko bertan. Handik, Suediara joan eta urtebete pasau eban; gero Finlandian bizi izan zan, eta, bertan egoala, 'Galileiren bizitza' lana idatzi eban. Sasoi haretakoak dira, urte batzuk gorabehera, bere lanik ospetsuenak: aitatutakoaz gainera, 'Ama Kementsua eta bere umeak', 'Sezuanen arima ona' eta euskeraz ikusteko aukerea be izan dogun 'Kaukasiar kreazko borobila', besteak beste.

1941ean, Errusiara joan eta, handik, Kaliforniara egin eban salto, Hollywood ondora. Zinemaren munduan sartzeko amesa euki eban, baina, pelikularen baten parte hartzeaz aparte, ez eban gauza handirik lortu. Antzerki emanaldi batzuk be antolau zituan bertan, baina etorkinen minoriak baino ez zituan erakarten, eta 'ikaslerik bako irakaslea' zala esan eban, estadubatuarrak ez egozan-eta interesauta Brechten lanagaz. Komunistea zala salatuta, Estadu Batuen Kontrako Jardueren Komite ospetsu bezain tristeak galdeketea egin eutsan 1947an, eta, egun bat geroago, Brechtek Estadu Batuetatik alde egin eban, eta, handik, Parisera eta Zurichera joan zan. Han, Suitzan, beste urtebete emon eban. Gero, Austriako nazionalidadea lortu eta, 1949an, pasaporte txekiarragaz, Pragatik Ekialdeko Berlinera heldu ahal izan zan. Atzera egoan etxean 16 urteren ostean, eta, Helene Weigel emazteagaz batera, Berliner Ensemble antzerki konpainia sortu eban, mundu mailako famea lortuz. Adituek dinoenez, konpainia horregaz egindako lanak antzerki munduko bikainenetakoak izan dira, Moskuko Arte Teatroaren hasierako urteakaz batera. Gaur egun, Berliner Ensemble konpainiak bizirik segiduten dau, eta, batez be, Bertolt Brechten lanak taularatzen ditu.

1956ko maiatzean, Brecht Berlineko Charité ospitalera eroan eben, gripeagaz gaixorik. Urte haretako abuztuaren 14an hil zan, Berlinen bertan, bihotzekoak jota.

Antzerki eta zinema munduak asko zor deutso Brechti, eta, esate baterako, Lars Von Trier, Fassbinder edo Godard zinegileek behin baino gehiagotan aitortu dabe Brechten eragina daukiela. Ikusle kritikoak gura zituan bere obretarako, eta, batez be, gura ebana zan, bere obrak ikusi ostean, ikuslea gai izatea gizartearen gatxak deskubriduteko eta gatx horreen kontra egiteko. Egunen baten, antzerkiaren eta kulturaren bitartez mundua aldatu badaiteke, Brechti esker izango da, seguruenik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu