Etxeko aparatu elektrikoak amatau

Gotzon Plaza Informatikoa 2006-08-17 02:00

Oporretan gagoz. Etxean itxi doguz arazoak eta gure ordenagailu laguna be bai, baina oraingoan, udan, amatauta. Benetan amatauta itxi dogu? Eta galderatxo hau etxeko beste edozein tramankulu elektrikoren ganean be egiteko modukoa da: benetan amatetan doguz aparatuok?

Oporretan. Oporretan gagoz edo joatekotan gagoz, bidaiak, lasaitasuna edo emozinno biziak, ordurik bako egonaldiak, jai giroa, eta... ze demontre, zeozer gehitxuago gastetan badogu be, horrexetarako dago dirua, ezta? Gero, hotz ez dana, bero. Etxean itxi doguz arazoak eta gure ordenagailu laguna be bai, baina oraingoan, udan, amatauta. Benetan amatauta itxi dogu? Eta galderatxo hau etxeko beste edozein tramankulu elektrikoren ganean be egiteko modukoa da: benetan amatetan doguz aparatuok?

Antza danez, gehienok sarritan ez doguz amatetan eta horren ondorioak era bitakoak izan daitekez: alde batetik, aparatua (berbarako, ordenagailua, MP3aren bateria kargadorea, telebista) biztuta dagoanez, bere barruko elementuak be martxan dagoz eta makineari bizitza laburtu egiten jako. Edozein aparatu elektrikok bere bizitzea dauka, ehunka edo milaka ordu, baina epe horrek mugak daukaz. Zenbat eta denpora gehiago piztuta egon, gero eta bizitza laburragoa geratuko jako. Tramankulua ‘gastau’ egiten da eta eragina boltsiloan igarriko dogu.

Bigarren ikuspuntutik hartuta be, eragina gure boltsikoetara etorriko da: elektrizidadearen kontsumoak gora egingo dau. Makinea biztuta badago, elektrizidadea erreteko eta fakturea guri helduko jaku zuzen-zuzen. Arlo hori jorratuko dogu ondorengo lerrotxoetan.

Lan egiten gagozanean, ordenagailuagaz berbarako, biztuta dago, jakina. Eta amaitzen dogunean onena ekipoa amatetea da. Alde egiten badogu ezer amatau barik (ezta ordenagailua, ezta inprimigaulua, ezta modema), agian momentutxu batzuk pasau ondoren ‘stand by’ moduan jarriko dira. Hau da, erdi-amatauta geratuko dira; horrela, elektrizidadearen kontsumoa gitxituko da. Baina erdi amatauta dagoz, ez guztiz. Telebistako urruneko agintailua erabilita, berbarako, tramankulua amatau dogulakoan gagoz baina aparatuak holako argitxo gorri bat biztuta erakutsiko deusku. Horrek zera esan gura dau: sare elektrikora konektauta dagoala eta, beraz, elektrizidade karga batzuk hartzen. Ez asko, baina apur guztiak batu ezkero neurri galantak lortuko doguz.

2001ean Europako Batasunak telebista, bideo, DVD, musika aparatu, ordenagailu eta etxeko beste aparatu elektrikoen egileekaz akordioa lortu eban: ‘stand by’ kuntsumoa ahalik eta bajuena izatea. 2007rako aurreikusitako kontsumoak behera egin dau eta 2010erako beherakadea nabarmenagoa izatea dago aurreikusita.

Catalunyako Energia Instituaren arabera, lau kide eta 90 metro koadroko pisu batean bizi dan famila arrunt baten ‘stand by’ kontsumoa 1,56 kilovatio ordukoa da. Horrek kontsumiduten dan indar elektriko guztiaren % 4a esan gura dau, hau da, urtean 51 euro. Beste ikerketa batzuen esanetan, faktureak %10era arte be igon leike.

Europako Batasunaren asmoa zera da: etxeko aparatu elektriko guztietan txarteltxo bat imintea kontsumoaren barri emoteko. Euren kalkuluetan, etxe bateko kontsumo osoko % 5 edo % 10 holako gastuetan doa. Zer esanik ez, bulego, denda eta lantegietan. Horrek ondorio kaltegarria dakar: zenbat eta elektrizidade gehiago erre, orduan eta karbono dioxido gehiago atmosferara.

Europako Komisinoaren arabera, elektrizidadearen %10 alperrik galduteak urteko ia 15.000 miloe euroren fakturea dakar. Elektrizidade kontsumo gehien daukien ekipoak ordenagailua, inprimigailua, eskanerra eta modemak dira eta euren kontsumoaren erdia ‘stand by’ (erdi amatauta) dagozanean egiten dabe. Horrela, etxe bakotxeko 100 vatio alperrik galduten dira eta horregaz Europako Batasunean dagozan 100 miloe etxeak kontuan hartuta, 100.000 miloe kilovatiokoa da galerea, gigavatio bateko 10 zentral elektrikoren lanaren parekoa.

2010 urtean, etxe bakotxeko bost vatioko beherakadea egitea espero da, beraz, 10.000 miloe kilovatio aurreratuko litzatekez.

Eta guk zer egin geinke? Batzutan, zeozer egin geinke baina askotan, ez. Berbarako, ordenagailua eta inprimigailua ondo amatau geinkez baina bideoa edota DVD grabatzailea ezin doguz guztiz amatau ze barruko konfigurazinoa galduko leukie. Kable bako telefonoaren basea be ezin dogu amatau, ze antena-lana egiten dau. Dana dala, guztion aldetik zeozer egiten badogu, gizarte osoarentzako etekinak lortuko doguz.

Nork pagauko dau kanona ?

‘Ley de Propiedad Intelectual’ deritxana erreformau egin da eta alde bietako ikuspuntuak guztiz kontrakoak dira. Alde batetik SGAE, egile edo artisten eskubideak zaintzen dituan erakundea poz-pozik dago euren planteamentuak kontuan hartu diralako, batez be, pirateoaren aurkako neurriak.

Bestalde, erabiltzaileen alkarteak ez dagoz bape ados eta adibide moduan hor dago www.Todoscontraelcanon.es webgunea. Bertan 500.000 sinadura baino gehiago batu dira eta guztiak helburu bardinagaz: legearen erreformearen aurkako jarrerea adierazoteko, batez be kanonaren (zergearen) kontrakoa. Euren helburua zera da: irailean, Kultura eta Industriako Ministeritzako arduradunakaz batzea euren kontrako jarrerea azaltzeko. Zergeaz gan, zergea zelan ezarriko dan be eztabaidagaia da.

Internauten alkarteen esanetan, arazoa garbia da: holako legeak ez dira gaurko aro teknologikora egokitu.

Legearen arabera, artisten eskubideak daukiezan lanak grabetako erabilten diran aparatuen egileek kanona ordaindu behar dabe. Zenbat eta zelan, oraindino zehaztu barik dago baina holako aparatuon egileak arduratuta dagoz, kanona pagau behar badabe produktuak garestitu egingo diralako. Bildurra honako kontuaren ganean daukie: kanona produktuen memoriaren araberakoa izatea. Hau da, zenbat eta kapazidade gehiago, orduan eta kanon garestiagoa.

Baina horrek beste arazo batera eroaten gaitu: holako produktuek (MP3ak, berbarako) urtero edo sei hilabetero euren kapazidadea aldatzen dabe.

Espainia mailan, holako produktu gehien saltzen dituan enpresea, Supratech, arduratuta dago. Pasa dan urtean 520.000 ale saldu ebazan (aurreko urteko kopurua bikoiztuz) eta aurtengo helburua 600.000 ale saltzea da. Eta zera dinoe: pentsau daigun Giga erdi bakotxeko 5 euroko kanona jarri dala legearen arabera. Holako MP3 bategaitik 100 € pagau behar baziran urtarrilean, orduan kanona prezioaren % 5 izango litzateke. Baina apirilean, prezio berean, Giga biko produktuak plazaratu ziran eta gaur Giga bikoak merkeago dagoz. Orduan, kanona prezioaren % 20 izango litzateke? Horrela bada, produktua egiteagaitik eta saltzeagaitik enpresek atarako daben etekina gero eta txikiagoa izango da. Eta etekinak mantendu gura badira, prezioa igon beharko dabe.

Baina egileen eskubideak defendiduten dabezan alkarteek dinoe hori dala euren eskubideak bermatzeko bide bakarra. Artisten lanak kopiau egiten dira, bai, baina egilearen eskubideak (diru eskubideak) mantendu egin behar dira.

Argudio horren kontra inortxok ez dauka ezer baina beste gauza batzuk be kontuan hartu behar dira: musika CD bakotxagaitik, musikearen egileak (artisteak) % 6 baino ez dau kobrauko eskubideetan. Eta orduan, galderea hurrengoa da: nora doa beste % 94a?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu