Sendabedarrak eta fitoterapia
2006-08-17 02:00 Jan edanakGure arbasoek atoan ikasi eben landare-espezieak bereizten: jangarriak, toxikoak eta gorputzeko gatxak osatzeko onak ziranak. Ezagumentu hori ez zan egun batetik bestera lortu. Hasiera batean, landareen erabilerea senezkoa izan zan eta, ondorioz, esperientziak erakutsi eutsen sendabelar bakotxaren eragina. Beraz, hasierako senezko ezagutza hori, gerora, esperientzian eta behaketan oinarritutako jakinduria izatera pasau zan, nahiz eta artean sendabedarren eragina azaltzen jakin ez.
Gure arbasoek atoan ikasi eben landare-espezieak bereizten: jangarriak, toxikoak eta gorputzeko gatxak osatzeko onak ziranak. Ezagumentu hori ez zan egun batetik bestera lortu. Hasiera batean, landareen erabilerea senezkoa izan zan eta, ondorioz, esperientziak erakutsi eutsen sendabelar bakotxaren eragina.Beraz, hasierako senezko ezagutza hori, gerora, esperientzian eta behaketan oinarritutako jakinduria izatera pasau zan, nahiz eta artean sendabedarren eragina azaltzen jakin ez.
Sendabedarren inguruko ezagutza mendeetan, belaunaldiz belaunaldi transmitidu izan da; hasiera batean ahoz (horrek dituan ondorioakaz) eta gero idatziz. Edozelan be, sendabedarren sailkapen eta erabilera askok gaur arte iraun dabe eraginkorrak diralako, nahiz eta orduko metodoak, esan bezala, garatu gabekoak izan.
Landareak sailkatu ondoren, arlo kimikoa analizetan jaken, euren osogaiak eta konposatu aktiboak zeintzuk ziran jakiteko. Sendabedarren eragina landareak berak produzidutako konposatu kimikoetan dago (hala nola, alkaloide, glukosido, saponina, terpeno, tanino, etab.etan). Gizakia, horretaz konturatu zanean, konposatu horreen analogoak modu kimikoan produziduten ahalegindu zan; horrela, sendabedarren erremedioak eskurago izango ebazan (dosifikazinoa be asko erraztu zan) eta, aldi berean, tratamentu desbardinak homologetea lortu eban. Horixe da fitoterapia: sendabedar horreen aplikazinoa erabilera terapeutikoan, baina botiken prozedura kimikorik barik.
Historian, Mendebaldeko sendagintzan fitoterapiak berebiziko eginkizuna bete eban arren, kimikearen aurrerakadak (printzipio aktiboak sintetizau eta barriak asmeteari esker) bigarren mailara baztertu eban. Gaur egungo bizimoduan naturara bueltetan gagoz eta fitoterapiaren onurak erabiltea gomendagarria izan daiteke askotan. Hona hemen aholku batzuk sendabelarrek emoten deuskuezan abantailak ondo aprobetxetako:
- Fitoterapia medikuntza fakultatiboagaz parez pare bizi da eta alkarlanean jarduten dabe; kontua ez da medikuak agindutako medikamentuen ordez beste zerbait hartzea, ezta pentsau be.
- Sendabedarrak be kaltegarriak izan daitekez, medikamentuak legez. Osasun egoera hobetzen daben modu berean, landare horreek oker erabili daitekez edo nahasteek berebiziko kaltea egin leikie. Landare askok printzipio aktibo indartsuak daukiez. Horrek esan gura dau sendabedarrek be, botika sintetikoak legez, espezialistearen aholkuaren arabera eta dosietan hartu behar dirala. Horrezaz gainera, jakina, beste ondorio batzuk eragiteko kapazak dira.
- Sendabedar gehienak farmazia, bedar denda eta saltoki handietan salgai badagoz be, argigarri terapeutikoak adierazoten dituan prospektuagaz (Espainiako Osasun Ministerioak onetsi eta Medikamentuko Agentziak gainbegiratuak) farmazian bakar-bakarrik eros daitekez.
- Gehienetan, hoba da haurdun dagozan edota umea edoskitzen dagozan emakumeek ez hartzea sendabedarrik (ezta botikarik).
Sendabedarrak tisana edo infusino moduan hartzen doguz gehienetan, baina beste era batzuk dagoz fitoterapia erabilteko:
- Infusinoa : hosto eta loreak (baina zuztarrak ez) preparetako era sinpleena.
- Egostea : landarearen atal gogorrenak egosi egiten dira: zuztarrak, azalak, adarrak... Ostean, ebagi, ur hotzean sartu eta ondoren berotu egin behar dira, irakin arte. Likidoa iragazi ondoren, hotz zein bero har daiteke.
- Beratzea : berotasunak, askotan, printzipio aktiboak ahuldu edo desagerrarazoten dituanez, landarea likido hotzetan beratzen da. Sendabelarra ontzi batean imini, ur hotza ganeratu eta gau osoan ixten da leku freskoan.
- Orioak eta esentziak : gantzetan disolbagarriak diran osogaiak oriozko infusino bati esker atara daitekez landaretik.
- Kapsula eta hautsak : sendabedarrak, hauts bihurtuta, elikagaiakaz edo txaplata edo enplastoentzako tinturakaz nahastauta har daitekez.
- Xarabeak : sendabedar batzuen gustu desatsegina tapetako, infusinoak edo egosiak ezti zein azukereagaz nahastauta preparetan dira. Formula hau erabili ezkero, gehiagotan hartu behar dogu infusinoa.
- Lozinoak : sendabedarrek erabilera topikoa be badaukie.
- Krema edo pomada : ura eta orioak maria bainuan nahastauta lortzen dira.
- Kataplasma : belar fresko edo sikuak irakinda sortutako nahasketea da.
Dana dala, infusinoak dauka gure artean arrakasta gehien. Hurrengo artikuluan infusino moduan har geinkezan sendabedarrak ezagutuko doguz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!