Araian badok hamahiru
2006-08-03 02:00 KultureaAurten, 1994tik hona urtero lez jazoten dan moduan, Arabak barriro egingo dau barre eta algara, hamahirugarrenez, Araiako Umorezko Antzerki Jaialdiari esker.
Aurten, 1994tik hona urtero lez jazoten dan moduan, Arabak barriro egingo dau barre eta algara, hamahirugarrenez, Araiako Umorezko Antzerki Jaialdiari esker. Porpol Antzerki Taldeak sortutako jaialdi hau uda parteko zita klasiko bihurtu jaku, eta, beste behin be, hamahiruaren maldizinoa eta suerte txarraren ospea apurtuz, Araiak antzerkiaren eta clownaren magiagaz gozetako aukerea emongo deusku, bertan egongo diran nazinoarteko eta Euskal Herriko proposamenei esker. Guztira, hamalau lan, hamalau motibo barreka hasteko, abuztuaren 12tik 15era bitartean. Gainera, Araiaz gainera, aurten jaialdia Arabako beste herri batzuetara be joango da: Dulantzi, Amurrio, Aramaio, Artziniega, Eltziego, Kanpezu, Bastida, Biasteri, Laudio, Maeztu, Murgia —herri horretan izan ziran lehenengo algarak, garagarrilaren 30ean—, Langraiz Oka eta Rivabellosa izango dira antzerki-taldeek bisitauko dituen beste herriak.
Baina jaialdi honen benetako gune eta egoitza nagusi dan Araian, abuztuaren 12an hasiko dira ikuskizunak, eta, horretarako, hiru espazio egokitu ditue: Arrazpi kiroldegia, Herriko Plazea eta Andra Mari aretoa. Halanda ze, lehenengo egunean, zapatuan, The Leaping Loonies talde australiarra egongo da 20:00etan, eta izen bereko ikuskizuna emongo dabe, akrobaziak eta umorea buztartuz. Horren ostean, 22:30ean, Familie Flöz talde alemaniarrak Teatro Delusio lana eskeiniko dau. Hong Kongetik heldu barritan aktuauko dabe Araian, ikutu poetiko handiko lan bategaz. Eguna amaitzeko, barriz, Solo Manolo egongo da Herriko Plazan, Locomotivo lana aurkezten; barriro be, zirkua eta antzerkia buztartzen dira lan horretan, baina, oingoan, oholtzan aktore bakarra dagoala.
Domekan, hilaren 13an, lau ikuskizun egongo dira: 13.30ean, Potxin eta Patxin taldeak Indioen lurraldean antzezlana emongo dabe. Antolatzaileen berbetan, pailazo-pieza hori oasia da genero horretan; izan be, gaur egun, kalidade eskaseko lanak ei dira nagusi: "errealidade tristea da hori, eta espero dogu apurka-apurka zuzenduz joango dala", adierazo eben jaialdiaren aurkezpenean. Egun berean, 20:00etan, Marco Carolei bakarlari italiarrak Capocomico ikuskizuna eskeiniko dau Herriko Plazan, inprobisazinoan eta artista lez daukan esperientzia zabalean oinarrituta. 22:30ean, Arrazpin, La Galera Encantada konpainia argentinarrak Pido gancho maitasunezko istorioa antzeztuko dau: berez, istorio hori umeentzako dago pentsauta, baina helduengana be erraz heltzen da, eta arrastoa ixten ei dau, gainera. Eguna amaitzeko, Riki López kantautorearen Dando el cante ikuskizuna ikusi eta entzun ahal izango da Herriko Plazan, barreterapia saio gozagarria eskeiniz, gitarra baten laguntza hutsagaz.
Astelehenean, abuztuaren 14an, 20:00etan emongo jako hasierea egitarauari, euskal antzerkigintzaren klasiko bategaz: Trapu Zaharra konpainiak Visa Vis piezea eroango dau Andra Mari auzora, Leioako Jaialdian estreinau ostean. 22:30ean, Cascai taldeak Living Costa Brava lan “fresko eta barritzailea” plazaratuko dau Arrazpi kiroldegian, eta egunari amaierea emoteko, Los Gingers taldeak Perlas y Plumas antzezlana eskeiniko dau 00:30ean, Herriko Plazan. Beste behin be, zirkua eta antzerkia nahastuta agertuko jakuz proposamen ezin barregarriago honetan.
Martitzenean, hilaren 15ean, jaia eta jaialdia amaierara helduko dira. Zanguango taldeak El deshaucio lana eskeiniko dau 13.30ean, Herriko Plazan, eta arrastian, 20:00etan, zirkua eta antzerkia buztartzen dituen lanen gosez geratu diranentzat, Los 2Play konpainiak Comeback lana plazaratuko dau Andra Mari auzoan, eta jaialdia hurrengo urtera arte agurtzeko, Charo López aktore espainiarrak Dario Fo Nobel saridunaren Tengamos el sexo en paz lan zorrotz eta ezaguna taularatuko dau.
Gainera, lehen esan dogun moduan, Arabako herri askotan ikuskizunak egongo dira, eta, egitarau horretan, El Negro y el Flaco konpainia katalana izango da nagusi, Giramondo antzezlan arrakastatsuagaz.
Araiako Umorezko Antzerki Jaialdirako sarrerak 10 euroan ipiniko dira salgai (5 euro, 15 urtetik beherakoentzat) Aguraineko Turismo Bulegoan, Gasteizko Elkar Megadendan eta Araiako Kuttuna tabernan. Gainera, lau emanaldi ikusteko abonuak be salduko dira, 32 euroan (15, gaztetxoen kasuan).
Ez da ahaztu behar, gainera, Araiako jaialdi hau aurrerapen ona izaten dala Bilboko Aste Nagusian ikusi ahal izango diran konpainia batzuen lanak dastatzen hasteko. The Leaping Loonies, Trapu Zaharra, Solo Manolo edo Potxin eta Patxin taldeak izango dira horreetako batzuk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!