Sao Pauloko euskal etxea sarean
2006-07-28 02:00 Euskaldunak munduanSao Pauloko Eusko Alkartasuna euskal etxeak, beste euskal etxe askoren antzean, bere lekua sortu dau Interneten. Berrogeita bederatzi urte bete barri ditu eta bakarra da Brasilen.
Sao Pauloko Eusko Alkartasuna euskal etxeak, beste euskal etxe askoren antzean, bere lekua sortu dau Interneten. Berrogeita bederatzi urte bete barri ditu eta bakarra da Brasilen.
Berrogeita hamarreko hamarkadan, etxearen sortzaileak tabernetan, etxeetan eta egiten ebezan jaietan batzen baziran be, leku bat, egoitzea izatea beharrezkoa zala ikusi eben. Horretarako etxe bat erosi eben orduko Sao Pauloko inguruetan egoan laku baten ondoan. Gaur egun be hantxe dirau, bide erraza ez badau izan be. Orain dala hamar urte inguru, ixtekotan egon ziran, euskal etxeko hainbat kidek Euskal Herrira etorteko amesa euken eta. Orduan, aparteko beharra egin eben kide barriak erakarteko eta beste bizimodu bat emoteko euskal etxeari. Horren barruan Alfredo Soeirogaz hartu-emoetan imini ziran eta horrek bide oparoagoa ekarri eutsen. Izan be, Sao Paulon euskal pelotea sustatzen behar handia egiten ebilen Soeiro 90eko hamarkadan.
Azken hamar urteetan itzelezko beharra egin dabe bertan. Batetik, Eusko Jaurlaritzak euskal etxe moduan aintzat hartzea lortu dabe. Bestetik, estatutuak gogoan izanda, jarduerak zabaldu dabez, euskal ohiturak lantzeko. Alderdi politikokaz bat egin barik, Euskal Herriko eskubideak eta askatasuna lortzeko behar egiten dabe; azken batean, Eusko Alkartasuna euskaldunen etxea izan daiten gura dabe: bertako euskaldunek laguntasunik behar badabe jaso dagien eta, aldi berean, euskalduna izateak ekarten dauena lantzea, kulturako eta kiroletako jardueretan. Horren barruan, euskerazko eskolak emoten dabez euskal etxean eta Sao Pauloko unibersidadean. Euskal etxeko zuzendari Estebe Ormazabalek, euskeraz irakasteaz gan, berbaldiak emon izan ditu euskal kulturearen ganera. Maiatzean bertan Sao Paulon Literaturas, Fronteiras, Enfrentamentos izeneko jaialdian parte hartu eban eta euskal literaturearen ganera jardun eban.
Sarean zabaldu daben gunean euskaldunek Brasilen egindako bideen barri emoten dabe. Horregaz batera, Euskal Herriaren ganeko informazinoa emoten dabe eta komunikabideetako loturak web gunean sartuta dagoz. Foro bat be zabaldu dabe hango euskaldunentzat, Euskal Herrian bizi diran brasildarrentzat zabalik be badagoana. Euskal abizenen jatorria aztertu gura dauenak beren-beregiko atala dauka. Azkenik, euskal etxearen jardueren barri emoten dabe eta alkarrizketa interesgarri bat be irakurgai dago, Brasileko euskal jatorriko komikigile ezagun bati: Adao Iturrusgarai. Bertan Euskal Herrira lehengo aldiz etorri zanekoa umorez kontetan dau. Webgunea momentuz protugesez baino ez badago be, aurrera begira euskeraz be egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!