Emigrazinoaren eta Erbestearen Museoa
2006-07-27 02:00 Euskaldunak munduanEusko Jaurlaritzearen laguntzinoz eta euskal etxeen ekinbidez sortuko dan museoak euskal diasporearen ganeko Urazandi proiektuaren barruan batutako materiala hartuko dau.
Eusko Jaurlaritzearen egitasmoen artean Emigrazinoaren eta Erbestearen Museoa sortzea dago. Museoak euskal diasporearen ganeko Urazandi proiektuaren barruan batutako materiala hartuko dau.
Urazandi proiektuaren helburua diasporearen ganeko informazinoa batzea da. Horretarako, egitasmoa hiru fasetan zatitu dabe. Lehenengo, euskal etxeen historia batu dabe: danetara hamabost liburuki dira, 2003an Euskal Gizataldeen IIII. Kongresuan aurkeztu ziran datuakaz osotutakoak.
Bigarren fasea orain dabiz egiten: Ameriketako euskal etxeek argitaratutako aldizkariak digitalizetea. Kanpo Hartu-emonetarako Zuzendaritzako Josu Legarretak esan dau daborduko 250.000 orri digitalizau dabezala eta horreeetariko 35.000 azken asteetan egin dabez Kuban.
Alberto Irigoien eta Adriana Patron uruguaitarrak dabiz Ameriketako euskal etxeetako aldizkarien digitalizazinoa egiten. Biak, Josu Legarretagaz batera, Kubara joan dira dokumentuak digitalizetako. Kuban Benefizientziako Euskal Nafar Alkarteko fondoetako “Laurac Bat” aldizkaria eta hainbat dokumentu digitalizau dabez. Danak be, balio handikoak.
1877an Benefizientziako Euskal Nafar Alkartea eratu zan, euskaldunak ugartera laurehun urte lehenago joaten hasi baziran be. Ameriketako euskal etxe zaharrenen artean, hirugarrena da Kubako hori. Lehengoa Uruguaiko Laurac Bat izan zan (1876) eta bigarrena, Argentinako Laurac Bat (1877).
Egun, Espainiako Enbajadeak gordeten ditu dokumentuak, ondo sailkatuta. Baina dokumentuak gorde dabezan lekua hezea eta beroa da; ganera, bertako ekatxek dana urez bete izan dabe askotan. Hori dala eta, ugarteko euskal historiaren dokumentuen zati bat galdu egin da, berbarako 1909an sortutako eta ia ezezaguna dan ‘Euskaro’ etxeak izan eban artxiboa. Benefizientziako Euskal Nafar alkartearen beraren argazkiak eta dokumentuak be galdu egin dira.
Irigoien eta Patron uruguaitarrek be behar handia egin izan dabe. Daborduko 120 titulu digitalizau dabez eta guztira 134 egingo dabez. Beharra oporretan egiten dabe, baina gogo handiagaz heldu izan deutse beti beharrari, nahiz eta egitasmoa lar handia zala sarri entzun behar izan. Lehenengo, Argentinako, Uruguaiko eta Txileko dokumentuak digitalizau ebezan. Eta aurten Mexikokoei eta Venezuelakoei ekin deutse, Kubakoakaz batera.
2007an Euskal Gizataldeen IV. Kongresua egingo da, eta bertan bilduma osoa DVDan aurkeztuko dabe. Digitalizazinoari esker euskal diasporea aztertu gura dauenak ez dauka muga fisikorik, digitalizazinoak eskura iminten ditu-eta aldizkari guztiak. Beharrak ustekabe gozoak be ekarri ditu Urazandira. Berbarako, Algerian Ipar Euskal Herriko soldaduek gerran egin eben buletina.
Urazandi egitasmoaren hirugarren fasea laster hasiko dabe. Euskal etxeen ganera Ameriketako egunkariek argitaratutakoa batzea izango da. Horretarako, Ameriketako unibersidadeakaz eta EHUgaz ituna sinatuko dau Eusko Jaurlaritzeak. Daborduko Euskal Argentinar Erakundeen federazinoagaz eta Hegoa Argentinako unibersidadeagaz hitzarmena sinatu dau erakunde publikoak.
Emigrazinoaren eta Erbestearen Museoaren egitasmoa hasita dago, oraindinogarren noz zabalduko daben jakin ez arren. Museoa zelakoa izan beharko litzateken aztertzeko, Eusko Jaurlaritzako lan talde bat Alemaniara eta Irlandara joan barri da antzeko museoak ikustera. Gerora begira, Israelera joango dira, hango diasporearen ganeko museoa bisitetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!