Anthony Zimmer

Joseba Terreros 2006-07-19 02:00   Zinema kritikak

Thriller arin baina interesgarri eta zirraragarri honen egiturearen ganetik hegaz egingo dauen itaun bat azalduko da film osoan: nor da Anthony Zimmer?

- Zuzendaria eta gidoia: Jérôme Salle.
- Herrialdea: Frantzia.
- Iraupena: 90 minutu.
- Antzezleak: Sophie Marceau (Chiara), Yvan Attal (François), Sami Frey (Akerman), Gilles Lellouche (Müller), Daniel Olbrychski (Nassaïev), Samir Guesmi (Driss), Dimitri Rataud (Perez).
- Musikea: Frédéric Talgorn.
- Argazkia: Denis Rouden.
- Muntaia: Richard Marizy.
- Ekoizpenaren diseinua: Laurent Piron.
- Jantziak: Carine Sarfati.

Anthony Zimmer iruzurgile eta mafioso ezaguna da eta munduko polizia askoren ikusmiran dago. Baina inork ez daki zelakoa dan, zein itxura daukan. Edozelan be, haren orpotik dabilzan guztien ganetik, Akerman dogu, inspektore gogor eta zorrotza. Honek abantaila handia dauka, ondo jakin daki-eta Zimmer-ek bere bizitzea arriskuan iminteko ausardia eukiko dauela Chiara neska eder eta enigmatikoa ikustearren.

Thriller arin baina interesgarri eta zirraragarri honen egiturearen ganetik hegaz egingo dauen itaun bat azalduko da film osoan: nor da Anthony Zimmer? Alde horretatik, eskertzekoa da ikusleek esku hartzea nortasun ilunen eta interes kontrajarrien ganeko buruhauste zinematografiko honetan, nahiz eta filmaren lehenengo zatian erantzuna asmetako arrasto larregi emon.

Ez da aparteko istorio baltza, baina erritmoari eta jakingarritasunari eusten deutse, ederto garatuta dago eta iraupen egokia dauka. Ganera, gidoiak nahiko laguntzen deutso eta Sophie Marceau erakargarriak ondo be ondo dihardu sedukzino jokoaren eginkizunean. Udako arratsalde bat modu atseginean pasetako tartea opesten dau. Hori bai, aukeratu eizue aire girotu indartsua daukan zine aretoa, pelikulea askoz be hobea begitanduko jatzue eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu