Emetik bertso kabareta

Inaki Aurrekoetxea 2006-07-18 02:00   Bertsolaritzea

Hiru emakume bertsolariren saio esperimentala da Emetik bertso kabareta. Iratxe Ibarra markinarrak, Onintza Enbeita muxikarrak eta Oihane Perea gazteiztarrak osotzen dabe hirukotea. Kabaretaren izpirituan oinarrituta, taberna giroko saioa eskaintzen dabe hiru bertsolariek, emakume askoren ahotsa eta bizipenak bertsotaratuz, entzuleari ordu eta lauren inguruko entretenimentua emoteko.

Bertsolaritzea sano aldatzen ari da. Tradizinoari bape leporik emon barik, garai barrietara egokitzen dakiela erakusten ari da. Sasoian dagoenaren seinale. Transmisinoak funtzionetan dau, eta tabladu ganean zein entzuleen artean, belaunaldien arteko nahaste ezin aberasgarriagoa bizi dogu. Gaztetu bakarrik ez, bertsolaritzeak aldaketa gehiago bizi izan dauz azken urteetan. Horreen artean bi: ohiko bertso saioez gain, formatu bereziko saioak asko ugaldu dira, bertsolari taldetxu batek eskaintzen dauen ekoizpen landua; bestetik, emakumeen ahotsa entzuten ari gara gero eta ozenago, bertso-plazeari genero bat eta mila kolore gehiago emonaz. Aldaketa bi horreek ezaugarri nagusi daukazan bertso ekimena da Emetik bertso kabareta.

Hiru emakume bertsolariren saio esperimentala da Emetik bertso kabareta. Iratxe Ibarra markinarrak, Onintza Enbeita muxikarrak eta Oihane Perea gazteiztarrak osotzen dabe hirukotea. Kabaretaren izpirituan oinarrituta, taberna giroko saioa eskaintzen dabe hiru bertsolariek, emakume askoren ahotsa eta bizipenak bertsotaratuz, entzuleari ordu eta lauren inguruko entretenimentua emoteko. Emonaldia girotzeko eszenografia minimalistea, kolore banatako lumak lepo bueltan, antzespen apur bat, eta musikea. Tekladuaren laguntzinoa daukie bat-bateko saioen sarrerea egiteko, sortu edo aukeratutako poemak errezitetako eta bertso jarriak kantetako orduan. Egoerak askotarikoak dira, saiorik saio moldatzen eta aldatzen doazenak: neska koadrilea solterako despedidan, emakume bat ispiluagaz berbetan, edo publikoa zirikatzen dauen sorgin hirukotea. Saio berezi hau kontratau gura dauenak Lanku bertso zerbitzura jo leike (www.lanku.com webgunean topauko dau informazinoa).

Apirilan estreinau eben ekimen barri hau Larrabetzuko gaztetxean. Leku itxietarako da aproposa, beren beregi batutako entzuleria behar dauelako, giro desbardinak sortu eta komunikazinorik eten ez daiten. Guk Santutxuko jaietan ikusi doguz, hilaren 10ean, txosna baten aurrean batutako gazteriari kantetan, eta egun horretako gorabehera teknikoak ahaztuta, garbi geratu zan leku itxiago baterako dala aproposagoa ekimen hori. Inguruan gazte koadrila batzuk eukiezan adi-adi entzuten, eta horrenbestean salbau eben Santutxuko saioa. Hurrengo emonaldia Gernikan izango dabe, Astra eraikinean, garagarrilaren 27an. Udagoienera begira jarriko dira gero, eta Euskara Elkarteen Topaguneak antolatzen dauen Kultur Errotan parte hartuko dabela entzun dogu. Amaitzeko, Santutxuko saioan Onintzak musikaz lagunduta kantau eban bertso sortea dakargu: seiko motzeko sei bertso, historiak ahaztutako emakumeen oroimenez idatzitakoak.

Iñaki Aurrekoetxea

Gerra gizonena dala
entzun eta berehala
Hotzikaretan uzkurtzen jataz
bihotza ta azala
bonbaz bonba, balaz bala
arsenala hustu ahala
Nik uste odolak sexuaz oso
gitxi dakiala.

Egiten da tiroketa
bakotxaren kontaketa
Baina min asko gelditzen dira
barruan gordeta
Dozenaka bortxaketa
ta gorpu eme erreta
Zenbat bizitza itzaltzen diren
golpeka-golpeka.

Bonbardeoak trumilka
jendea ihesi korrika
Altzo zaharretan entzun dot mila
gerrako kronika
Gizonak frentean zita
eukenez bertan itxita
Gure amamek eraiki eben
barriro Gernika.

Frentean edo erizain
pistola ta guzti ertzain
Ez ziren egon emakumeak
datorrenaren zain
Behar egin eben bikain
ume eta guzti apain
Baina historiak ez ei dauz maite
soldadu arrak lain.

Bardin paraje honetan
zein beste edozeinetan
Gehien ahulek sufritzen dabe
gerra guztietan
Baldin bagagoz penetan
ohiko egoeretan
Atara kontu zelan gagozen
salbuespenetan.

Afganistan edo Irak
zein bardin-bardin Balkanak
Seme-alabei negarrez jarri
ohi dauz gerrak amak
Bonba bat dan arte behintzat
errurik bako batentzat
Baztarren baten beti egongo da
negarrez andra bat.

Onintza Enbeita

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu