Gerra Hotza teknologian

Gotzon Plaza Informatikoa 2006-07-17 02:00

Zein izango ete da hurrengo urteotan Estadu Batuei aurre egingo deutsen herrialdea? Duda barik, Txina. Euren ekonomiak ikaragarrizko aurrerapausuak egiten dauz urtero eta teknologia mailan, nahiz eta oraindino arlo batzutan atzetik ibili, garapen eta inbertsino handiak egiten dabez.

Zein da gaur egun herrialderik boteretsuena? Duda barik, Estadu Batuak. Euren politikearen eragina mundu osora zabaltzen da eta politikeagaz batera, economía zein teknologi arloak dagoz.

Eta zein izango ete da hurrengo urteotan Estadu Batuei aurre egingo deutsen herrialdea? Duda barik, Txina. Euren ekonomiak ikaragarrizko aurrerapausuak egiten dauz urtero eta teknologia mailan, nahiz eta oraindino arlo batzutan atzetik ibili, garapen eta inbertsino handiak egiten dabez. Berbarako, hor dago ‘Lenovo’ izeneko ordenadorearen enpresea: honek, 2004 urtean, IBM amerikar erraldoiari bere ordenadore personalen saila erosi eutson, 1.250 miloe dólarren truke. Horren ondorioz, Lenovo munduko hirugarren banatzailetzat hartu daiteke, Dell eta HP-ren atzetik.

Erraldoi bien artean lehia gero eta sutsuagoa da eta holako egoeran, normalak izan daitekez bien arteko hika-mikak. Oraingoan, hasarratuta dagoana Txinako Gobernua da. Zergaitik? Aurtengo martian amerikar gobernuak 16.000 ordenadore erosi eutsozan Lenovo enpreseari baina amerikar kongresuan upealako zaparrada politikoa sortu da: badagoz Txinako gobernuari espioitza lanak leporatzen deutsiezan salaketak bai arlo militarrean eta bai industrialean be eta orain, ordenadoreak erosi? Hasarre esan dabe bertako kongresukide batzuk. Maiatzean Estadu Departamenduak atzera egin eban, kongresukideen presinoei amore emonez: Kongresuak komisino berezi bat eratu eban Lenovogaz egindako kontratua aztertzeko eta komisino honek ezezkoa emon eutson kontratuari.

Estadu Departamentuak 900 Lenovo ordenadore barne sarean ipinteko asmoa eukan. Sare hau bai Estadu Batuetan eta baita munduan zehar dagozan enbajadetara zabalduta dago eta kongresukideen eretxiz, honek segurtasun nazionalean eragin handia izango leuke. Ordenadoreak aproposak izango litzatekez espiotza lanak Txinaren alde egiteko. Betiko leloa, segurtasun nazionala, berba majikoak edozein gauza tapetako (interes ekonomikoak, berbaro).

Komisinoko kideen ustez, ez bakarrik 900 ordenadore horreek, erosi diran 16.000 ordenadoreek be (klasifikau bako informazino sareetan jarriko diranak) segurtasun nazionala kolokan jarriko leukie. Euren gomendioa zera izan da, Lenovo enpresea amerikar Gobernuari teknologiaz hornidu leikioen enpresen arteko zerrendatik kentzea, hain zuzen. Gainera Txinako gobernuak giza eskubideakazko errespetu faltea be kontuan euki behar da (baina noiz arduratu jake Estadu Batuei giza eskubideak errespetetan diran ala ez, euren kanpo harremanak bideratuteko?).

Txinako Gobernua eta Lenovo-ko arduradunak guztiz hasarre, jakina. Amerikar gobernuari ondokoa leporatzen deutsie, ekonomia askearen defendatzaile sutsuenak izanda ez dabela gero konpetentziaren legeak bermatzen, batez be, amerikar enpresen kontra doazenean.

Hau herrialde bien arteko lehiaren seinalea baino ez da. Baina seinaleok aspalditik datoz. Berbarako, 2004an, Txinako CNOOC petroleo arloko enpresak Unocal enpresa amerikarra erosi gura izan eban. Horretarako, 15.300 miloe euro pagetako prest egon zan. Unocal honen atzetik beste enpresa amerikar bat be egoan, Chevron baina honek 13.500 miloe euro baino ez ebazan pagau gura.

Txinatarren eskaintzea askoz hobea izan arren, amerikar Kongresuak galarazo egin eban operazinoa eta azkenean txinatarrak negoziotik kanpo geratu ziran. Kasu honetan be segurtasun nazionalaren atxakia erabili zan txinatarrei aurre egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu