Superman returns

Joseba Terreros 2006-07-14 02:00   Zinema kritikak

Burdinazko gizonaren berragerpena ezin izan da makalagoa izan, pelikula hau gogaikarri, gazbako eta indargea da eta.

- Zuzendaria:Bryan Singer.
- Herrialdea:AEB.
- Iraupena: 154 minutu.
- Antzezleak: Brandon Routh (Kal-El/Clark Kent/Superman), Kevin Spacey (Lex Luthor), Kate Bosworth (Lois Lane), James Marsden (Richard White), Frank Langella (Perry White), Eva Marie Saint (Martha Kent), Parker Posey (Kitty Kowalski), Sam Huntington (Jimmy Olsen), Kal Penn (Stanford), Marlon Brando (Jor-El).
- Gidoia: Michael Dougherty eta Dan Harris.
- Musikea: John Ottman.
- Argazkia: Newton Thomas Sigel.
- Muntaia: John Ottman eta Elliot Graham.
- Diseinua: Guy Hendrix Dyas.
- Jantziak: Louise Mingenbach.

Burdinazko gizonaren begira urte dezente egin ostean, azkenean zerua ostera be abiadan zeharkatzen ikusteko aukerea euki dogu; hori bai, berragerpena ezin izan da makalagoa izan, pelikula hau gogaikarri, gazbako eta indargea da eta.

Superman returns filmak ez dauka sendotasunik, grinarik, kemenik..., seguru antzean istorioa eta haren gidoia sano mugatuak diralako. Hori dala eta, kontakizunak ez dauka distiratsu agertzeko bape oinarririk eta, hori gitxi balitz, larregi luzatu dabe, hutsik dagoan bilgarri handizale batean sartzen ahaleginduz. Bestalde, personaia nagusiak zurrunak dira, plastikozkoak, ez dakie euren sentimentuak heldu eragiten. Filmaren ekintzea klimax bako argumentu baten inguruan bilbatuta dago eta, teorian film honek euki beharko leukean alderdirik zainduen eta onenean, efektu berezietan, bakotasun eta hutsune ugari igarten dira, ilunegi, lausoegi, sinisgatx ikusten dira eta. Egia da produktu honen eszenatoki batzuen diseinua on-ona dana, esate baterako izotzezko gotorlekuarena edo Daily Planet-ena, baina horrek ez dau gauza askorik konpontzen.

Laburbilduz, honako hau udako konsumo bizkorrerako pelikula karu baizen kaskarra da; edozelan be, aurrekontu eta marketing arrazoiak dirala eta, itzelezko publizidade kanpainea egingo deutsie, eta horren barruan, jakina danez, ondo pagautako kritika ezin hobeak be azalduko dira. Mesedez, ez sinistu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu