Andoni Iturbe: 'Lurpean gure historiaren zati bat dago'

Koldo Isusi Zuazo 2006-07-14 02:00   Barriketan

Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Historikoaren Zerbitzuko burua

Foruan erromatarren Bizkaiko aztarnategirik garrantzitsuena dago; 1882an topau eben, Ereñoko harrobietako marmolean idatzita egozan latinezko epigrafe bi agertu ziranean. Azken urteotan etenik bakoak izan dira indusketak inguruan baina oraintsu Tourseko San Martin eleizan sartu dira arkeologoak eta sekulako aurkikuntzak egin ditue. Gai honetaz, hona hemen Andoni Iturbe zornotzarrak kontau deskuzanak:


1.- Foruko Tourseko San Martin eleizan, Bizkaiko nekropolirik zaharrena, ia ehun hilobi eta hainbat garaitako hiru tenpluren aztarnak topau ditue oraintsu. Bizkaiko sekuentzia historiko osotuena, erromatar garaitik gaur arte, hain zuzen be...

Bai. Plangintzea zehazteko asmoagaz BFAko ordezkariak eleizbarrutiko jenteagaz batzartu eta Foruko San Martin eleizan bete-betean sartzeko erabagia hartu genduan, izan be aurkikuntza posibleen ganeko prebisinoak oso onak ziran eta, ganera, eleizea barrizteko lanak egingo zirala be aprobetxau genduan. 2005eko udagoienean hasi ziran lanak eta sei hilebete geroago prebisinoek ez dabe hutsik egin. Hasieran aztarnategiaren kontserbazino maila baloretako asmoz, zundaketa batzuk egin ziran presbiterioaren inguruan, eleizearen alboetan eta koruaren azpian. Emoitza onak lortu ziran. Lehenengo egungo eleizea baino eraikin zaharragoa izan zala ikusi zan, azterketa estratigrafikoak erakutsi eban espazio hori une historiko desbardinetan nekropoli moduan erabili zala eta, gainera, eleizearen lurpean erromatar garaiko elementuak egozan. Ehun hilobi inguru topau dira, 200 eta 1600 urteko antxinatasunekoak.

Kontuak kontu, San Martin eleizan gorde dan segida arkeologikoa aztertzean ikusi da leku hori Erromatar Inperioaren Goiz Alditik (K. o. I. Mendea) gaur arte okupauta egon dala. Ganera, Euskal Herriko kostaldean bizi ziran herritarren bilakaera historikoa, herritarren bizimodua, hileta errituak eta ezaugarriak ezagutzeko datu interesgarriak eskuratu dira.


2.- Tourseko San Martin eleizearen izena bera be deigarria da. Izenaren jatorriaz zer esan daiteke?

Bai, Bizkaiko izen zaharrenetako bat dauka: Tourseko San Martin. Lehenengo erreferentzia idatzia Juan Ramon de Iturrizak emon eban; haren esanetan, inguru horretan XI. mende amaiera edo XII. mende hasiera bitartean lehenengo tenplu bat egon zan.


3.- Ohiz kanpokoa da ingurune zehatz batean kristinauen eraikin erlijioso desbardinak dokumentetako aukerea izatea. Zergaitik Foruan? Bizkaiko eleizatan eta lurpean sekretu asko egon daitekez oraindino gordeta?

Bai. Euskal herritarrok beti eleizearen inguruan egin dogu bizimodua eta, beraz, normala da eleiza eta inguruetako lur azpian gure historiaren zati handi bat egotea. Dakizun bezela, iturri bat dokumentuak izaten dira baina, jakina, denpora erreferentzia zehatzekoak dira eta, ganera, Euskal Herrian ez gara oso aberatsak dokumentuetan. Beraz, arkeologiari esker be badago lehenaldia ezagutzeko aukerea.

Zergaitik Foruan? Bueno, beste herri batzuetan egon dan urigintza mobimenturik ez da egon han eta horregaitik topau dira gauza garrantzitsuak, lurra mobidu edo ukutu barik egon dalako. Dana dala, horrek ez dau esan gura Bizkaiko beste herri batzuetako lurpean aztarna garrantzitsurik ez dagoanik baina, kasu askotan, betiko galdu dira. Jakina, sekretu asko dagoz lurpean gordeta.


4.- Forukoa erromatar garaiko Bizkaiko aztarnategi handiena izan arren, oraingoz ez da agertu erromatar sasoiko tenpluaren aztarnarik...

Holan da. Baina segurutik agertu be ez da egingo. Foruko erromatarren sasoiko aztarnategiak aztertzen badoguz, argi ikusten da herri txiki bat zala. Hori bai, dokumentauta dago Foru gune estrategikoa zala eta merkataritzeak indar handia izan ebala, inguruan portu bat be baegoala eta itsasadarretik itsasora joaten zirala kabotaje-ontziak.


5.- Foruko eleizea Erromatar Herriaren (K.o. I-IV mendeak) orubearen gainean dago bien arteko loturearen erakusgarri. Zati bat hondeatuta eta dokumentauta dago baina lanak ez dira amaitu. Labur-labur, zelakoa izaten da zundaketa eta esku-hartze arkeologikoen prozesua?

Esku-hartze arkeologikoen harian, Legeak berak marketan ditu presuntzio arkeologikoko guneak eta eleiza danak hor sartzen dira. Hortik aurrera, alde danen arteko adostasunagaz ekiten jake lanei. Foruko lanei jagokenez, lehen fasean, zundaketea egin zan eskuz eta emoitza onak ikusita bigarren fasea hasi zan. Emoitzak sano positiboak izan dira baina orain hirugarren fase bat falta da, garagarrilaren erdialdean hasi eta pare bat hilebeterako lana egongo da. Orain, eleizearen erdialdean agertu diran XVIII. mendeko kajonerak aztertuko ditu arkeologo taldeak (10-12 bat lagun).


6.- Zeozelan badago Zarautzeko Santa Maria la Real eleizako eta Basauriko San Martin de Finagako aurkikuntzak Forukoakaz konparetarik?

Konparaketea egiterik dagoan ez dakit. Edozelan be, Finaga eta Foruko aztarnategietako emoitzek sekuentzia historikoa eskaini deuskue eta, alde horretatik, zeozelako parekotasuna dago baina ez besterik. Akaso, Foruko sekuentzia garbiagoa dala esan daiteke.

Zarautzeko Santa Mari la Real eleizea be erreferente bat da ez Gipuzkoan bakarrik baita Euskal Herrian be.


7.- Tourseko San Martin eleizea orain 500 bat urte eregi eben eta eleizea ez eze, kanposantua be bazan sasoiko herritarrentzat. Herritar arruntak lurperatzen ebezan eleizan? Noiz hasi ziran hildakoak kanposantuetara eroaten?

Bai. Egungo Tourseko San Martin eleizea XVI. mendearen hasieran eregi zan. Areto gotiko errenazentistea daben eleizen eredukoa da: hiru nabeak altuera berean dagoz, espazio banaketarik barik eta hormek edo beste osogarriek ez dabe trabarik egiten.

Bestetik, hildakoak eleizan lurperatzeko ohiturea aspalditik dator; herritar danak lurperatzen ebezan eleizatan, ez egoan ezelako mailaketa sozialik. Dana dala, kokapenaren aldetik, Foruan eleiz buruan kokapen bereziak, preferentziak atzemon dira, futbolean legez tribuna, generala eta abar baina ez beste kultura batzuetan egon daitekezan aldeak.

Hildakoak gaur ezagutzen doguzan kanposantuetan lurperatzen, XIX. mendean hasi ziran, osasun aldetik eleizatan hildakoak lurperatzea ez zala egokiena dekretu bidez ebatzi ostean.


8.- Oraingo Foruko aurkikuntzak zein bestelakoak sano garrantzitsuak izan arren, komunikabideetan normalean holako gaiek ez dabe leku handirik izaten. Zergaitik?

Bueno, geu be arduratuta gagoz kontu horregaz eta egoereari bueltea emoteko gogoagaz beharrean gabiz. Zirkuluen teoria da nik beti aitatzen dodana, izan be, ezagupen maila bateko aditu, arkeologo eta enparauen zirkulua sano garrantzitsua izan arren, zirkulua zabaldu eta herritarrakana heltzea da emon gura dogun pausua. Sarritan lehenengo zirkulu horretan gelditzen gara eta informazino garrantzitsuak ez dau izaten beharko leuken oihartzunik. Esangura horretan, Foruko kasuaren harian, ikerketa eta aurkikuntzen garrantzia herriari eta gizarteari ezagutarazoten ahalegindu gara. Oraintsu Foruko alkate jn.ak esan eustan herritarren % 35ek bisitau dabela daborduko eleizako aztarnategia.


9.- Foruko San Martingo nekropolia eta ondoan dagoan Erromatar Herria ikusteko dobako bisita gidatuak antolatu ditu BFAko Kultura Sailak. Abuztuaren 6ra arte egongo da horetarako aukera baina aurretiaz ordua eskatzea nahitaezkoa da...

Bai. Egindakoa azaltzea eta egindakoa erakustea nahitaezkoa iruditzen jaku eta, beraz, hondeaketa lanetan buru belarri ibili dan arkeologo baten gidaritzapean hasi ziran bisitak bagilaren 17an eta oraindino badago aukerea Forura hurreratzeko. Teknologia erabiliz, bideo bat erakusten deutsegu bisitariei, orain arte egindako fase desbardinetako lanen barri emoteko; horrezaz ganera, eleizea bera barrutik ikusteko aukerea dago.

Esan dozun legez, bisita gidatua aurretik eskatu behar da Euskal Herria Museora 94-6255451 telefonora deituta. Gehienez talde bakotxean 15 lagun joango dira eta persona bat edo bigaz be antolatu daiteke taldea. Astelehenetik barikura, 11:30etan eta 17:00etan eta zapatu eta domekatan, 11:30, 13:30, 16:30 eta 18:30etan izaten dira bisitak.

Orain arte, 500 bat lagun hurreratu dira Forura eta ehundik gora dira zain dagozanak. Ganera, abuztuaren 6ra arte badago astia erreserbea egiteko; egia esan, ez genduan holako erantzunik espero eta oso pozik gagoz.


10.- Azken aurkikuntzen ondorioz, Forua turismo gune bihurtu daitekeela pentsetan dozu?

Ezer baino lehen, esan gura deutsut historian Foruagaz tensino momentuak izan dirala Aldundiaren eta herriaren artean, ze erromatarren sasoiko aztarnak eurentzat beti izan dira arazo handia, batez be, ingurune horretan beste proiektu batzuetarako aukerea egoala pentsaurik. Gaur egun, zorionez, jenteak beste begi batzuekaz ikusten dau herria, arazo iturri barik, aukera moduan, hain zuzen be.

Galdereari erantzunez, Forua bera bakarrik ez dot uste turismo gune bihurtuko danik baina inguru osoa, duda barik, sano erakargarria da turistentzat eta zirkuito horretan Forua geltoki bat izan daiteke, Gernika, Bermeo, Urdaibai zein Santimamiñeko kobazuloagaz batera. Inguru horretan, Euskal Herria Museoa abiarazo dogu oraintsu eta Santimamiñeko kobazuloan be beharrean gabiz, barruko mikrofauna eta abar aztertzen eta proiektu bat be badago oraindino zeozer aurreratzeko goizegi izan arren.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

mrcd 2010-10-07 22:41 Erantzuna | #1

bizkaieraz

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu