Ahate-micuit beroa

Benat Ormaetxea Aretxondo Jatetxeko Sukaldaria 2006-07-13 02:00   Jan edanak

Aspaldian ez dogu hegaztirik landu eta oraingoan ahatearen gibelagaz preparauko dogu errezetea. Lehenengo, ahate-micuita landu eta gero hotz zerbidu beharrean bero jango dogu berdura eta perretxikoakaz batera.

Kaixo irakurleak, aspaldian ez dogu hegaztirik landu eta oraingoan ahatearen gibelagaz preparauko dogu errezetea. Lehenengo ahate-micuita landu eta gero hotz zerbidu beharrean bero jango dogu, horregaitik dogu berezia errezeta hau. Ahate gibela urte osoan lortu zeinkie, batez be, delicatessen dendatan eta, beraz, denpora gehiago galdu barik, jantzi amantala eta goazen suetera.

Osogaiak (lau lagunentzako):

- Foie grasa (600 g.).
- Urun apur bat.
- Arrautza biren zuringoa.
- Moldeko ogia.
- Azalorea (100 gr.).
- Brokolia (100 gr.).
- Romaneskua (100 gr.).
- Berakatz-atal bat.
- Mueta desbardinetako perretxikoak (400 gr.).

Zelan egin:

Ezer baino lehen, ahate-gibela egosten jarri micuita lortu arte (eginda be erosi daiteke). Ondoren, saltsea egiteko sartu labean, plaka batean, zatitutako ahate-hazurrak eta itxi gorrituten 15 bat minutuz. Ondoren, gehitu berdurak, garbituta eta zatituta, eta itxi beste 15 minutuz labean. Jarri hazurrak eta berdurak ur hotzetan. Jarraian, kendu koipea, gehitu ardao baltza, eta plakan itsatsitakoak kendu. Gehitu dana eta ontzi batean jarri; su bizian, irakin arte eduki eta gero su txikian itxi 3 bat ordutan; bitsa behin eta barriro kentzea komeni da. Azkenean, iragazi, kendu koipea eta erabilteko moduan egongo da.

Ondoren, brokolia, azalorea eta romaneskua ingeles erara egosi (ur askotan, gatz askogaz eta taparik barik egosi; gero, barriz, ur hotzetan jarri egosteko prozesua eten eta gehiegizko gatza kentzeko).

Zerbiduteko 120 bat gramuko foie micuit xerra bat egin, pasau urunetan, zuringotan eta moldeko ogi birrinduan. Jarri zartaginean koipe apur bategaz bi aldeetatik gorritu arte.

Azken buruan, perretxikoak salteau berakatz apur bategaz, gero gehitu azalorea, brokolia eta romaneskua. Platerean atarateko xerra baten gainean foi jarri eta gainean berdurea eta perretxiko batzuk. Inguruan, barriz, ganerako berdura eta perretxikoak. Gainetik saltsea bota eta prest egongo da mahaira eroateko. On egin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu