‘Euskalduna eta uruguaitarra sentiduten naz, maila berean’

Iratxe Ormatza 2006-07-12 02:00   Euskaldunak munduan

Erbesteratuta joan zan Agurtzane Aguadoren aita Uruguaira; gero, ama eta Agurtzane joan ziran. Aguadoren esanetan, ahotsagaz bai baina boto barik joan zan, umea zalako. Berak argi dauka herri bi daukiezala: jaiotzazkoa eta adopzinokoa.

Erbesteratuta joan zan Agurtzane Aguadoren aita Uruguaira; gero, ama eta Agurtzane joan ziran. Aguadoren esanetan, ahotsagaz bai baina boto barik joan zan, umea zalako. Berak argi dauka herri bi daukiezala: jaiotzazkoa eta adopzinokoa.

Orain dala aste batzuk euskal diasporearen ganeko ‘Euskal Herria mugaz gaindi’ mintegia egin eben Montevideon (Uruguai) eta bera, ‘Euskal Erria’ euskal etxearen lehendakaria izanda, mintegiaren antolakuntzan ibili zan.

Euskal Herrian lehengo bi urteetan euskal diasporearen ganeko ‘Euskal Herria Mugaz Gaindi’ mintegia egin eta gero, lehengo aldiz diasporan egin dabe, Montevideon zehatz-mehatz. Zelan ikusten dozu han egin izana?

Mintegiaren anfitroiak izateari sano inportantea deritxat, kanpoan Euskal Herria ezagutarazoteko modua da-eta.

Berbaldiak egin ebezenen artean maila handia izan genduan, nazino barruko adituak zein atzerrikoak etorri ziralako, berbarako, Errepublikako lehendakariorde izandako Gonzalo Aguirre doktorea, Defensa eta Herrizaingo ministro izandako Iturria doktorea, Alberto Irigoyen jauna eta Hernán Sorhuet jauna; azken horrek gure erakundearen eta Uruguaiko prentsearen arteko bitartekaritza lanak egiten ebazan. Nazinoartekoei jagokenez, Josu Legarreta jauna, EHUko Oscar Álvarez Gila doktorea, José Félix Azurmendi jauna, Xavier Irujo doktorea, Argentinako Arturo Campion fundazinoko César Arrondo jauna eta beste hainbat hurreratu ziran.

Nazinoarteko mintegia antolatzeak ahalegin handia eskatzen dau. ‘Euskal Erria’ etxearen zeregina zein izan da?

Gure erakundeak komunikabide guztiei informazinoa emon eutsen eta Errepublikako Unibersidadeko Faktultadeagaz alkarlana egin eban, baita unibersidade pribaduakaz be, Unibersidade Katolikoa, Montevideoko Unibersidadea eta Enpresa Unibersidadea tartean.

Era berean, mintegiaren barri emon geuntsen Errepublikako lehendakariari, ministroei, udaletako agintariei eta legegilei; ganera, etorteko konbita be egin geuntsen.

Gure egoitzan bertan berbaldia egin ebenei harrerea egiteaz gan, era birtualean egin ebenei be ondo-etorria emon geuntsen. Gu geu izan ginan erreferentzia hareentzat guztientzat eta entzuleentzat be bai.

Mintegian pinturen eta aldizkari baten digitalizazinoaren barri emon eben...

Bai, digitalizazino-lanen ganeko berbaldiak izan ziran: Besnes Irigoyenen akuarelak (askorentzat ezezagunak ziranak) eta azken 48 urteotako ‘Euskal Erria’ aldizkariaren digitalizazinoa be bai. Behar horreetatik nabarmentzekoa da historia eta kultura aldetik daukien garrantzia. Agirian imini da euskaldunek gure herrian, Uruguain, egin daben ekarpena.

‘Euskal Erria’-ko lehendakaria zaitugu. Zein hartu-emon izan dozuz ‘Euskal Erria’ etxeagaz?

Umetan hasi ziran hartu-emonak, betikoak dira, eta orain lehendakaria naz.

Eta Euskal Herriagaz?

Euskal Herrian jaio nintzan, beraz, loturea bizitza osokoa da. Uruguaira aita etorri zan lehenago, eta gero gu etorri ginan. Familia osoa han daukagu, Euskal Herrian.

Lehen euskal etxea Montevideon sortu zan XIX. mendean, ezta?

Bai, 1876an Ameriketako lehen euskal etxea sortu eben, ‘Laurak bat’ izenekoa. 1911n ‘Euskaro Español’ zentroa sortu zan baina iparraldekoek ezin eben parte hartu. Eta 1912an ‘Euskal Erria’ sortu eben, zazpi probintzia historikoetako herritarrak eta ondorengoak hartzen ebazana. ‘Euskal Erria’ sortzeak izan eban eragina sano handia izan zan, bai diasporan bai nazino barruan be.

Sasoi haretatik hona gauzak asko aldatuko ziran…

Azken hamarkadetan Uruguaira etorri diran euskaldunak gero eta gitxiago izan dira eta horrek eragina izan dau. Gaur egun, gehienak ez dira Euskal Herrian jaiotakoak, ondorengoak baino. ‘Euskal Erria’-n, denporeak aurrera egin ahala, gure arbasoen kulturea geureganatuz joan gara.

Zein dira ‘Euskal Erria’-k daukazan erronkak aurrera begira?

Euskal etxea dan aldetik, gure ohiturak erakusten segidu eta gure kulturea eta benetako Euskal Herria zein dan ezagutu daiten behar egin.

Zelan ikusten da Euskal Herria gaur Uruguaitik?

Montevideoko ‘El País’ egunkariko kolaboratzaile Hernan Sorhuetek berbaldian esan ebanez, Euskal Herriko gauza onen ganean gitxi dakigu, komunikabideetan txarrak behin eta barriro entzuten diran bitartean. Berak esandakoaz gan, ez dago ezer gehiago esaterik: argi-argi dago.

Azkenik, zer da euskalduna izatea, diasporakoa, Montevideon bizi dan andrea zaran aldetik?

Niretzat euskal diasporako andrea izatea oso garrantzitsua da. Ni jaiotzez euskalduna sentiduten naz baina adopzinoz uruguaitarra sentiduten naz, maila berean. Eta horixe da artez eta zuzen berba egiteko modua, bai hemen Uruguain euskalduna izatea zer dan, bai han Euskal Herrian uruguaitarra izatea zer dan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu