Peindre ou faire l'amour

Joseba Terreros 2006-07-11 02:00   Zinema kritikak

Honako hau Frantzian gustoko dabezan komedia geldo eta lasai horreetariko bat da, sentsualidadearen eta natur atseginen birraurkikuntzearen ganean berba egiten dauena.

- Zuzendaria eta gidoia: Arnaud Larrieu y Jean-Marie Larrieu.
- Herrialdea: Frantzia.
- Iraupena: 98 minutu.
- Antzezleak: Sabine Azéma (Madeleine), Daniel Auteuil (William), Amira Casar (Eva), Sergi López (Adán), Philippe Katerine (Mathieu), Hélène de Saint-Père (Julie), Sabine Haudepin (Suzanne), Roger Miremont (Roger), Jacques Nolot (Michel), Marie-Pierre Chaix (Annick), Florence Loiret-Caille (Élise), Thiago Telès (Joao).
- Musikea: Philippe Katerine.
- Argazkia: Christophe Beaucarne.
- Muntaia: Annette Dutertre.
- Zuzendaritza artistikoa: Brigitte Brassart.
- Jantziak: Laurence Struz.

William (Daniel Auteuil) eta Madeleine (Sabine Azéma) urian bizi dira, mendi ingurunetik hur. Orain dala urte asko ezkondu ziran, baina nahiko zoriontsu izaten jarraitzen dabe, maiteminduta dagoz eta bizimodu lasaia daukie. Gizona meteorologo jubilatu barria da eta euren alaba bakarrak Italian ikasten dihardu. Denporea sobran daukie. Koadro bat margotzeko asmoz, inguruko mendietara egindako urtenaldi batean Madeleinek Adán ezagutuko dau, herriko alkatea eta gizon jakintsua. Landa horren ertz batean jaseko baserri bat dago salgai. Willianek eta Madeleinek erosteko erabagia hartu eta hurrengo asteetan inoiz baino patxadatsuago biziko dira; ganera, Adán eta beraren bikotekideagaz, Evagaz, daukiezan hartu-emonak estutu eta sarri-sarri alkartuko dira.

Honako hau Frantzian gustoko dabezan komedia geldo eta lasai horreetariko bat da, sentsualidadearen eta natur atseginen birraurkikuntzearen ganean berba egiten dauena. Horretarako, bape handizalea ez baina sano zinematografikoa dan istorio apala erabili dabe, kontakizunaren muina eta mamina protagonisten gorabehera sentimentaletan itxiz. Ganera, film ezin aproposagoa da udako arratsalde sargoritsu batean ikusteko: filmaren argazkiak ezin freskagarriagoak dira eta, duda barik, pelikulan murgiltzen laguntzen dabe.

Bestalde, 'Peindre ou faire l'amour' filmaren dohainik handiena kontakizunari darion sinpletasun eta xumetasunean dagoalakoa daukat; ez dabe opetsi gura izan ikusgai dagoana baino gehiago; beharbada, tarte batzuetan erritmoa lar motela da, baina lasaitasun horri esker bizitzea sarritan uste doguna baino errazagoa dala izan leitekeala erakusten deuskue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu